L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaltzaindia mon amour

 

J.R. Lizarza

 

"Inoren (eta geure) banakako eritzien gainetik, Euskaltzaindiarena nagusiago aitortu dugunontzat, liburu honek funtsezko itxaropen bat dakarkigu. Euskararen gidari den Elkarte hau izan bekigu guzion batasunerako artizarra". Askoren katitxima izan den Larresororen Euskara Batua Zertan Den-en hitzaurrean irakur ditzakegu hitzok, eta aurrera jarraitzen ba dugu "eskerrak Euskaltzaindiari eskaintzen dizkigun idarokizun hauengatik" ikusiko dugu; eta gainera antzekoak ere makina bat aldiz entzun ditugu hitzaldi, mahai-inguru, bertso saio eta eskolatan. Egia zen Jakin taldeak esandakoa, askotan eta askok eskertu genituen Txilardegik prestaturiko aditz kuadro haiek. Guk ere Euskaltzaindiarena jo genuen legetzat.

        Lagunartean, fakultatean, tabernetan saiatu ginen beharrezko zela aditz batu bat eta -H- konfliktibo horren arrazoiak adierazi nahiean. Ez zen erreza izan, batzurekin behintzat. Ikasleei milatan zuzendu diegu bear-behar, eta diz-doaz. Guretzat artizarra izan da Euskaltzaindia.

        Hutsetik, edo ia zerotik, hasten denean beti gertatu ohi da saltsa nahasketa. Gu ez ginen hutsetik hasi, hor bait daude aurrekoen lanak, baina Babelekoa zirudien, eta konprenitzekoa zen. Neri behinik behin eman zidan argia gure gidari izan behar zukeen elkarteak ez hori eta ez gorri gelditzen bazen ere zenbait arazoren aurrean.

        Orain dela hamairu urte sartu ginen (gintuen?) egin behar honetan eta makina batek makina bat utzi enpresan. Baina idazleak, irakasleak, irakurleak, ikasleak hamaika gauza dauka oraindik bideratu ezinik, eta Euskaltzaindiak eman behar dio irtenbidea, bera bait da artizarra eta gidari, izan behar du. Ilunbean argia, kriselu.

        Ez nuen nik idatzi aldizkari honetan agertu zen "Nazioarteko Jardunaldiak Zirela Uste" artikuloa, baina goitik behera onartzen dut. Bati baino gehiagori Euskaltzaindiarekiko errespeto falta izan zela iruditu zitzaion, eta Iñaki Zubizarretak bidali zigun bere eritzia.

        Hartan gure erregezale akademiak bereak dotore betetzen dituela zioen, zientifiko talde bat zela. Zientifikoek kriterio zientifikoekin jokatzen dute, normalean, eta gureak ez du hala egin, askotan. Behin baino gehiagotan utzi gaitu ez bat eta ez beste, ohitura aitzakitzat hartuz. Gurean hizkuntzaren zientzia gizonen egon beharko lukete, hizkuntzalariek eta idazleek, hoiek eta hoiek bakarra. Eta hemen, berriz ere, batasunerako problemarik nagusiena ez dela aitortuz, eta San Martinek zioen bezala bere xarma konfesatuz, h-arena aipatu beharra dago. Hemen ez da inor aklaratzen, Babelekoa txikia utzi dugu.

        Jakin dugu haize eta harategi aldatu nahi izan zizkigutela. Moskeatu ginen esparrurekin, eta haserretu ertzainarekin. Ez zen aski izan Euskera separata, eta bost durotan saltzen diren txartel plastifikatuak kiniela baino ezagunagoak egin zaizkigu. Ez da hor gelditu dena, entzun bait dugu Berrondo algara batean Villasanteren "La -H- en la Ortografía Vasca" eskaparatean ikustean. Algara egitekoa da, egin esan, gure buruak azkenean liburuxka hori atera behar izatea. Erdaraz, beti bezala, asuntoari zientifikotasun gehiago emateko.

        "Hitz erakarrietan, etorki-hitza H-duna hada eta erakarketa prozedura gardena hada, hau da, jatorrizko hitzaren eta hitz erakarriaren arteko lotura hiztun normalarentzat nabaria bada, hitz erakarri hori H-z idatziko da". Hesparru, orduan. Eta orain etorriko zait zientziagizona zera esanez, aurrerago hau azaltzen dela Euskaltzaindiaren erabakietan: "Idazkeraren auzian etimologiaren eta erabileraren irizpideak aurrez aurre gertatzen direnean, erabileraren irizpidea hobetsiko da". Hau ez da serioa, ez da zientifikoa, Hego Euskadin H-ak ez baitu tradiziorik hitz erakarrietan, ezta ere bakunetan, ordea. Ez esan orain goikoa prozedura iluna denean erabili behar dela, garden askia bait da ertzainarena. Alferrik herriko albienteari hertzaina ez dela ertzak zaintzen dituena erakutsi nahien esandakoak! Eskerrak jendeak ez duen jaramon handirik egin eta gustora ikusten dugu "hertzaintza" munizipalen autoetan. Auskalo, behar bada zera adierazi nahi zigun Euskaltzaindiak, ez daudela herria zaintzeko, alegia. Asma ezazu!

 

* * *

 

        Arantzazuko Biltzar Nagusian (1968) ezagutu zintudan, kottadua eta zure gazteak liluratu ninduen, zure gazte izan nahiak. Orain dela hamairu urte jakin nuen zure izateaz, eta, hara nota, gustatu! Bai, andrea. Izan ere adin aproposean harrapatu bait ninduzun, bizitzara esnatzerakoan, mutil kozkorra izaki, potxola. Bai, ez gustatzeko arrazoiak ere baziren tartean, ez bait zitzaidan zure tamainakoa iduritzen Koldo Mitxelenaren hizketarako trakeskeria, baina bilera haietara pare bat aldiz eraman gintuen irakasleak esan zigunez, dotore mintzatzen omen zen paperaren bidez, eta tire, zeinek ez du akatsik? Eta geroztik, mattea, atzetik ibili nauzu, ez zaitut inoiz utzi ez ahantzi, zure keinuen zai izan naiz beti, eta bezperan idatzitakoa biharamonean zuzendu dut zuregatik, zuregatik bakarrik, ederra, potxola, goxoa, gozoa, anderea.

        Ez zuten ulertzen haren beharra, eta burrukatu nintzen zure alde, haserretu nintzen tabernetan, "Casa de Socorro"ra eraman, eta geroztik sudurkako. Progrea zen gurea eta atzerakoia beraiena. Far egin genien Goiz-Argin -H- hori kentzearren burutazio eta asmazio xelebre haiek atera zituztenean, eta Auspoakoak irakurtzeari utzi egin nion. Zuregatik bakarrik. Barkatu nizun izena, ezin baitut inork aukeratu berea jarri egin zizuten zuri ere, nahiz zuk itsusia zenuela aitortu. Baina hobe andregai politta izen zakarrekin, bihotza. Sotana ere barkatu nizun, askotan beltz-egi ote zinen pentsatuz loak hartu nahi ez baninduen ere; maitasunak gainditzen du soinekoa.

        Baina etsaiarekin oheratu zara, mattea, erabat kontra izan dituzunekin, sudurra kakotu zidatenekin, ekerrikakorekin, eta oraingoan ez dizut barkatuko. Zahartua zaude, emagaltzen hasia, burua harrotu (h-kin, edo gabe?), harrotu, bai sic, eta ipurdia beraztu egin zaizu, titiak zilborreraino erori, eta orain etsaiari eskeini diozu guk eman dizugun amorea, andere gaiztoa, erregezale Akademia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.