L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Momentu honetan

 

Joxe Azurmendi

 

        a.1

        Egia esateko, norbait holako "artista" pose afektatuak publikoan eramaten ikustea (oi, argazki dibino batzuk!), edozer gauza samarra ere bada gizartetxo honetan, benetan miresgarria bait da, naturaltasun guztiarekin jendaurrean kursileriak egiten ez lotsatzeko batzuen kemena. Nolabait konpentsatu beharra dago, ezta?

        Eta ez da pose hutsa. Idazle izatea ez da nonbait edozer gauza, ez. Batzuek behintzat oso seriotan hartu dituzte beren paperak eta ez dira geratzen ahaleginak egin gabe poseak errealitate bihurtzen. Gizartea obligatzerik balego bezala "artistak" nolabait distingitzera eta distintzioz bederen —iake bestela ez duen egiten— jende orijinal bezala ohoratzera.

        Apollinairekin jarraituko dut. Aitzakia ona da. Beno, hemengo literatur jendeok geurontzat sortu nahi izan dugun mundua Apollinairena eta da, Frantziako literaturan XIX. mende bukaerako eta XX.aren hasierako hogeinatsu urte haien periodoan somatzen den giroa, bohemioa, esoterikoa, dekadente sinbolista, refinatua, anarkizantea, kaotikoa, etab., etab., dena zakurraren salatik pasatzen duena eta gero satisfetxo geratu. Mito baten graziaz, artistak horrelakoxea izan beharra daukala, uste dugu.

        Baina hemen ez gaude Parisen, ez gaude fin de sièclen, hemen inor ez da Apollinaire eta ez Rimbaud, hemen ez... Ezer ez. Begien bistan dago. Mario Onaindiak dirudienez oso maite duen, edo EHan aplikazio modu askotakoa aurkitzen duen Marxen harakoaren arabera, historia ez da repetitzen, eta norbait deskuidatzen bada eta repetitu egiten badu, ba, errepetizioa, batzuetan drama bat izaten da, besteetan farsa bat. Hemen, beraz, farsa farregarri bat egiten ari ez bagara, drama negargarriren bat izango da, egiten ari garena.

 

        a.2

        Egoera guztia da arras diferentea. Lekuak bai, baina denborak ere bai. Ez daukagu atzoaren profetak izaterik. Idazle/artistaren "irudi" topikoa soziala (mitikoa, estereotipoa) behialako "maldito" haiena izango da oraindik (badakigu irudiok errealitatearen oso atzetik ibiltzen duela), baina idazleen biziera, gusto, ohitura, harremanen soziologiak ongi erakutsi du, idazleriaren egungo erralitateak, ekialdean nahiz mendebaldean, ez daukala zerikusirik XIX. mendeko idazle haien egoerarekin. Irudi hark mito bezala bakarrik funtzionatzen du egungo gizartean.

        EHari dagokiola bereziki, guztiz kondizionamendu diferentea da gurea. Horregatik, bohemiak, egiazko izanik ere, kasu partikularren batetan, haren esanahi soziala guztiz diferentea litzateke. Euskal kulturak sofritzen duena ez bait da aparato mastodontiko baten astuntasuna eta ofizialtasun obligatua, Eztatu guztia gainean duela eta errebeldia amorratu batez puskatu beharrezkoa itoko ez bagara. Han gehiegi zuenaren gutxiegia da hain zuzen euskal kulturak sofritzen duena. Eta orokarki ere: hemen sentitzen dena (literaturan, artean, baina baita lantegian eta seguro sozialetan eta EUTGeko examinetan ere), ez da segurtasun sistema hertsi bat hautsi eta askatasun minimo baten bila imajinazioa edozein bidetatik disparatu beharra. Imajinazioa, hemen, segurantzia piska bat edonon lortzeko enplegatu behar izaten du jendeak eta gogotik gainera. Euskal idazleen artean ere aspalditxoan ikusten da, itxura bohemioak eta malditoak guztiz galdu nahi ez izan arren, nola jendeak "situatzera" jo duen. Gure "denboren seinaleak" horiek dira.

        Arte modernoak, eta literatura modernoak, XIX. mendean ikusten dituzte beren hastapen heroikoak eta beti ere guretzat erakarmen magiko bat daukate jende haiek eta denbora haiek. Eliza literario modernoaren protomartiriak haiek dira. Ez da harritzekoa, nobiziorik ez falta izatea, kanpoko habitoan ezezik, beren poseetan eta itxuran, baina ariman ere haiekin berdindu nahita, bere buruari maldito posizio bat fabrikatzen eta hizkeran eta pentsaeretan ere haien imitazionean saiatuz.

        Beharbada euskal literatura lehenengo aldiz egiaz moderno sentitu delako, edo sentitu nahi zuelako, ezinbestezkoak izan dira jarrera eta espresaera suerte batzuk, zaharrago askorentzat, txokagarri eta mingarri artean, ulerkaitz gertatu direnak. Aire berriak EHan.

        Baina estilo batzuk ez dirudi probisionalak eta iragaitzezko momentuak baizik izan litezkeenik, agertu ere mende erdi baten desfasearekin agertuak badira are gehiago.

        Santu guztiak kiskaltzea eta birjina guztiak biolatzea, iharduteko estilo orijinal (eta "artistarentzat" obligatu) bezala bakarrik, eta "pour épater le bourgeois" bakarrik (don Teofilo Gautierek eta, 1830 aldera, Otsaileko Erreboluzioa bera baino lehenago beraz, egiten eta esaten zuten eran), agian dibertitua da, baina inor ez du ia inpresionatzen, kolejialen batzuk ez bada, literatur kontuetan probintzia den eta probintzia sentitzen den EH honetan ere.

        Eta jasan omen ditugun errepresioengatiko tristeziak eta langideziak eta melankoliak, letratan plazer estetiko morboso bezala kultibatzeak ("morboso" maiz-sarri irakurtzen den hitza da oraingo literatur mota batetan), azken finean ez digu bigarren edo hirugarren berredizio luzatu eta txartu baten inpresioa besterik egiten, plagio hutsarena ez denean behintzat. Edozein eskuliburutan irakurria bait daukagu, sinbolismoa ez dagoela zehazki definitzerik eta mugatzerik, baina, en fin, sinbolismoaz hitzegiten jarraituko dugula, "au nom d'une morbidezza qui semble bien le seul point commun de toutes les oeuvres qui se dirent ou furen reconnues décadentes ou symbolistes". Baina guzti horretatik bada ehun urte. Ehun urte, ehun urte da, guretzat ere.

        Mariok esan ohi duena berriro, hortakoz. Bestiarioak eta arima besperalak, "la mêlée symboliste" eta hizkera literario "delinkuenteak" (edo "delinkuentizanteak" esan behar da?), inbentatu samarrak daude, berriro inbentatzen inor nekatzeko. Eta horrelakorik egotea, egia esan, ez dago gaizki, baina denak horixe egin nahita ikustea, ikaragarri kontsolagarri ez da. Estiloa ere, edo pertsonala eta propioa da, edo ez da ezer. Estiloak ez dira kopiatzen. Edo, kopiatzen badira, snobismo ridikulo hutsa dira.

 

        b.2

        Libertatearen borroka, tabuak txikitzea, etab., eginkizun inportanteak dira EHan. Baina egiteko haundi horren barruan, neretzat, literaturaren partea oso txikia da, eta guzti horren partea literaturaren barrean, apenas haundiagoa. Seguruenik ez genuke ezer galduko kanpoak ez nahastuz.

 

        c.1

        Gazteenengatik esaten dut, batez ere. Koldo Izagirrek eta eragin zuten astinaldia (orain urteren batzuk) erabat ligitimoa zen dudarik gabe. Baina ez dut uste un fin en sí mismo izan nahi zuenik eta ez izan beharko lukeenik. Geroxeago heldu direnen batzuek beti horixe egiten badute, ordea, beldur naizenez, mogimenduak ekarri nahi ziguna bera geldiarazten dute azkenean.

 

        c.2

        Literaturaren independentzia gehiago, giro berria, abentura espresibo batzuk, lorketa formalak, etab. baino gehiago, interesgarriena (momentu honetan, bihar agian beste zerbait interesgarriagoa irudituko zait), azken aldi honetan interesgarriena, neri, fenomeno bezala, taldeak iruditzen zaizkit euskal literatura berrian. Fokoak. Saizarbitoriaren edo Atxagaren inguruan, edo Bilbo aldean, Iruñean, Donostian, agertuz joan diren foko gazteak. Lanerako gogoz eta ideiaz kargatuta, zerbait egin nahita.

        Eta nik uste dut, fenomeno honen aurrean denoi galdera batzuk planteatzen zaizkigula, mogimenduok berez eman lezaketena eta ematea tokatzen zaiena eman dezaten: nola lortu talde horiek lanean biltzea, elkarrekin aritzea, komunikatzea eta fokoei espansio ematea, guztion lana kanalizatzea, egiaz literatura berri bat sor dadin, eta ez literato esporadiko batzuk bakarrik. Aldizkari literario bat inportantea izan liteke, esate baterako. Nola lortu gazte literaturzaleok literaturari atxekirik jarraitzea, beren aurrekoen bidetik gal ez daitezen bizibeharraren legez, beste lan batzuetara emigratuz (esaten da, lehenagokoek ez zutela "literaturzaletasunik", baina abertzalegatik heldu zirela literaturara, euskara lantzearren etab., baina ni ez nago batere seguro horrela denik). Nola sortuko da, taldeotatik, literatura bat?

        Taldeen fenomenoa ez da literaturakoa bakarrik: oraingo euskal kultura guztikoa da. Eta euskal literaturaren inguru inmediatoan dauden barrutietako taldeekin ("extraliterarioekin") ere harreman inportanteak izan litezke talde literarioentzat. Biharko literaturak elkarlan honetatik sortu beharko duen inpresioa daukat.

        Aurrekoan esaten nuen, hizkuntza poetikoaren berriztea, aro modernoan, poeten eta pintoreen elkarlanak eragin duela neurri haundi batetan, baina hemen holako elkarlanik ez dela posible oraingoz. Posible ezezik errealitate bizia taldeok dira, ordea, hemen. 20. eta 30. urteetan famatuak ziren kafetxe literarioak. Kafeak ere hamaika bultzada eman dio literaturari. Orain kafetxeak ere aldatu egin dira (Donostiako kafetxe suizo elegante haiek, periodiko frantzesak irakurtzera joateko!), baina bilerak modan daudenez, ez luke zaila izan behar bilera batzuk nola egin asmatzea, edo harremanak nolabait kultibatzea behintzat, esperentziak trukatzeko.

        Horretarako, lehenengo, postura batzuk behar dira. Bere burua Robinson literario bat uste duenak, ez du inorekin konpartitzerik izango. Ez aldizkaririk eta ez ezer egongo da harekin muntatzerik. Baina taldeak egotea bera, lagunarte beharraren sintoma da. Eta errealitate horren gainean, agian ez literaturaren plan kinkenal bat, baina egin liteke zerbait, gogoa izanez gero.

        Nik uste dudanez, biharko literatur hizkera, hots, oraingo berriztea, itzultzaileen (Tximisteko laburbiltzaile/itzultzaileak, adibidez), textu eta hiztegigileen, euskararen bateratzaileen eta normalizatzaileen, "literatoen", etab., etab., lanetik sortuko da. Ari da sortzen. Eta literatura egin nahi duenak, oraintxe berton, berrizte prozeso guzti honetan murgildu behar du.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.