Ahozko narragintza eta haurrak
Koldo Izagirre
Esperientzia guztien arauera (Rachel Cohen), haurrak bigarren urtetik hasten dira ahozko hizkera egoki samar ulertzen. Alice Delaunay: "Haurren disponibilitatea mugagabea da". Alegia, haurrek bere inguruko hizkuntza zeinahi delarik ikasteko ahalmen "berezia" dutela. Ez gaitu harrituko beraz Andrée Andraud-ek, eskolaurreko zentroaren ariketak oro, kanpoko bizitza osoak, hizkuntzaren ikasketa orokorra bideratzeko pentsatuak behar dutela izan dionean.
Eskolak haurraren hizkeraren desarroiloa laguntzea du helburutzat. Hizkera menderatzeko tresna izan behar du eskolak haurrarentzat. Horrela, lehen eskola urteetan, hizkuntzak bazter guztiak bete behar ditu: egoerak, ariketak, eskolako ihardun guztiak mintzabide eta solasgai bihurtuko dita.
Esan genezake, hemen eta Granadan, haurren heziketaren helburu nagusia gurasoen hizkuntza ikastea dela, hartaz osoro jabetzea. Hizkuntzaz inguratu behar da haurra, eta jantzi. Izan ere, inguruan entzuten duen hizkuntza ikasiko baitu haurrak. Eta hemen dugu lehen behaztopa harria: askotan, haurrak, eskolara heldutakoan, ez dakiela hizketan. Edo badakiela, baina ez behar lukeen hizkeran, ez behintzat bere gurasoek nahi luketenean. Ikastolan "zerotik" hasten da haur asko, euskaran. Eskolaren zeregin nagusia haurrari hizkuntza nazionalaren irakurketa eta idazketa irakastea da, Renzo Titone bezalako hizkuntzabitasunaren teoriko baten hitzetan. Baina hemen, haurrak ez dakar, maizegi, hizkuntza nazionala etxetik (are gehiago, haurra da, askotan, hizkuntza nazionala etxeratzen duena). Dudarik gabe, ikastolak ardura osoarekin hartu behar du hizkuntzaren arazoa. Eran genezake, haur "mutuak" haur "hiztunak" bilakatu behar dituela.
Eskola, eta baita haurtzaindegia ere, kodigo idatzian oinarritzen da gehienbat, hizkera mintzatua bere desarroilo espontaneoari utziz. Baina mintza al gintezke, egun eta hemen, "euskararen desarroilo espontaneoaz"? Ba al du haurrak "berezko" mintzaerarik? Haurtzaindegia eta eskola dira hizkuntza-modeloak eskaintzen dituzten instituzio bakarrak (eta familian euskaraz inguratuak dauden haurrek ere hoiek dituzte hizkuntza-modelo nagusiak). Hala ere, askotan entzun dugu haurrek ikastolan ikasten dutela erdaraz. Euskara moteldu egiten zaiela behintzat egia borobila da. Hori oraingoz moztezina zaigu noski, baina askotan ez gara ausartzen salatzen ikastolaren beraren euskara, hau da, anitz irakasleren euskara, negargarria dela, eta ez dituztela pedagojiak eskatzen dituen minimoak betetzen. Irakasleak, ondikotz, ispilu normatibo deformantea gertatzen dira behar baino gehiagotan. "Hizkuntza aldetik inperfektoak diren irakasleren eskuetan, gerora zuzengaitzak diren molde erratuak ikasten dituzte haurrek", dio Titonek berak. Ofiziala eta bakarra den hizkuntza baten kasoan, uste dugu, molde erratu hauek ez lirateke hain grabeak: gizarteak berak egingo luke, adoleszentzia eta gaztaroan (nor beraren buruarekiko ardura, prentsa irakurtzen hastea...) nolabaiteko "efekto zuzentzailea". Ordea, non kokatzen da euskarazko gizartearen efekto zuzentzailea? Inon izatekotan, ikastolan, haurraren lehen urteetan, euskarak, teorian behintzat, eremu pribilejiatua duen haurtzaroan. Gerokoa eta handik haratekoa, kutsadura linguistikoa bataia genezakeena besterik ez da.
Halatan, irakasleak oso kontuz zaindu beharko luke bere hizkera, hura baita bere ikasleen hizkuntza-eredua. Hizkuntzaren ikasketa "osmosiaz" gertatzen baita, irakaslearen hizkerak, ulergarria izateaz gainera, adultoa behar luke izan (aberasgarria: argia, korrektoa, zehatza haurraren hizkera hornitzen ez duten kualitateak, hain zuzen). Ikasleak, haurtzarotik, hizkuntzaren topikoak ikasi behar ditu (non dago euskararen topikoen azterketa minimo hori?), bertatik erabilgarriak (batez ere haunaren euskara motela denean edo blokeatuta dagonean: haurtzaindegiek eta eskolek giro eta programa egokiak sortu behar dituzte haurraren hizkerak bere ritmo egokia lor dezan, mintzabide eta adierazbide bihur dadin). Berak nahi ala ez, irakaslea ispilu linguistiko bat da, eta hartan isladatzen du haurrak bere hizkera.
Ahozko hizkera, mintzaera eta solasa sor eraztea da, teoriko eta tekniko guztien iritziz, eskolaren aurreneko helburua: haurrak bere errekurso eta baliabide linguistikoak finkatu behar ditu, eta piskanaka, egitura berriez jabetu bere ideia, desio, sentimendu eta premiak adierazteko. Haurrak hitzegin dezan, hitzegin egin behar zaio, eta hitza eskaini, hitzegitera gonbidatu eta hitzegiten utzi. Eskolaren bidez, haunak "bakar hizketatik bakar hizketa kolektibora" pasa behar du (Piaget). Zentzu honetan, euskal irakasleak erne egon beharko du beti, hizkera egitura hertsiegitara bildu behar ez baldin badu ere ez baitakigu oso ongi zein den euskararen ahozko kodigoaren egitura "normala"... Lehen kursoei dagokie ahozko interkanbio orori lagundu eta eragitea, hitz berriak erakustea, ritmoak eskaintzea. Hitz batetan, euskaraz hitzegitea plazer bat izan dadila haurrarentzat, ihardun natural eta kuasi fisiolojikoa (gure belaunaldiarentzat zilizio bat izan zena). Espresio askatasunak askatasuna izan behar du batez ere, ez traba.
Ahozko iharduna hila dago, nazio latinoetan bezalaxe gurean ere. Desberdinak dira kausak: hitza ito duen zibilizazioan bizi gara, denbora pasako solasek ez dute lekurik presaren munduan, bazkalondoko tertuliarik ere ez dagoela esan genezake. Irratiek antolatzen digute bazkalondoa ("melodías para la sobremesa", "euskal jaia"). Diskak. Telebista (filmeak larunbatetan, marrazki bizidunak igandeetan, espreski haurrentzat egindako bazkalondoko programak. Gazte jendearen etxetik agudo irteteko presa, tabernara, dantzara... Sukaldea ez da iada txokoa edo supazterñoa, komunaren pareko egin da. Aukera guti, ezer kontatzeko (Euskal TBAn ere, haurrentzako programak zainduko omen dira bereziki, prentsan irakurri berria dugunez).
Alabaina, badago hizkuntzaren, hizkuntza mintzatuaren lilura. Hitzegitearen sindrome bat. Inori ez diogu entzuten halakok edo halakok gaztelaniaz ongi egiten duelako laudorioa. Gaztelania hitzegiteko hizkuntza da, ez ongi eta ez gaizki. Gaztelaniaren funtzioa komunikazioa da. Euskarak, ordea, komunikazioaz gainetiko funtzio bat behar du bete, funtzio nazional bat. Eguneroko afirmazio nazionala da euskara. Komunikatzeko ez ezik, "entzuteko" hizkuntza ere bada euskara, jendeak poza hartzen du inor euskaraz "dotoreziaz" mintzo denean (Larramendik uste ez bezala, sermolariekin liluratuta gelditzen ziren gure bertsolariak, mixio beldurgarri haiei buruzko literatura ugarian aitortzen dutenez). Belaunaldi gazteek gatazka gogorrean ihardun dute euskara ez galtzearren, eta ahalegin honetan mutilatuak gelditu dira, euskara baldar eta trakets batekin elbarri. Beraientzat, euskara "elegante" bat entzutea (esaldi luze ongi lotuak, lokuzioren bat edo beste, adberbio ahantziren bat, ahozkera garbia...) plazer bat da, eta esperantza bat. Helburua (Martinet-ek arrazoi du perfekzioaren kriterioak zentzurik ez duela dionean, asko baitzaio hiztunari ingurunearen esijentziak betetzearekin. Tamalez, gure inguruneak ez du esijentziarik euskararekiko).
Oraindik ez gara konturatu ahozko narrazioaren garrantziaz, haurrak hizkuntza ikas dezan: "Marabilosoa, denok beharrezkoa dugun hori, hainbat da beharrezkoagoa haurra zenbat gazteago eta inguratzen duen errealitatea zenbat zanpagarriagoa izan. Esan gabe doa beraz, bere molde guztietan, ipuinak hizkuntzaren ikasketa errazten duela" (Alice Delaunay). "Lehen urte hauetan, ipuinak ariketa pribilejiatu bat behar du izan" (S. Fernandez). Baina ez, baztertua daukagu narrazioa. Inazio Atxukarroren saioak dira horren lekuko, hain zuzen ere. Bertsolaritza erakusten dugu beti euskal izpirituaren ispilu bezala, ahozko narragintzak ere bere garrantzia izan duela erreparatu gabe (Astiz, Anduaga, Barandiaranen kontalari guztiak...) eta gure ipuin tradizionalek maila literario estimagarria dutela.
Kontalariak ipuinean esaten duen hitz bakoitzak normalean ez duen indar berri bat hartzen du (ebokaziozkoa, liluragarria, zirarrakorra...). Ipuina, bere biluztasun osoan, telebistaren antidotoa gertatzen da (Delaunay). Dekoratua ahanzten da, eguneroko ariketak baztertzen dira, atmosfera bat egiten da, eta irakaslea bere hitzaren aurrean gelditzen da. Delaunay-ren beraren hitzetan "paradojikoa badirudi ere, ipuina, artifizio oroz erantzia eta bere intentsitate hutsean, guztiz lagungarria da hizkuntzaz jabetzeko" (Sara Bryant-ek Rode Island-en erabilitako metodoak aipatzen ditu eta haur aleman, ruso eta poloniarrek ipuin-ariketaren bidez egiten zituzten aurrerapenak ingelesez...).
Ipuinak, aurrean daukagun narragile baten ahotik datorkigunean, sujestio eta irudimen indar ukaezina du. Faktore askok hartzen du parte ahozko narragintzan: entonazio adierazkorra (afektibitatea eragin dezake, izumena...), mimika bat (aurpegiaren zantzuak, begien espresioa, eskuak, zutik egotea, jezarririk...), baliabide fonetikoak (infatilismoan erori gabe, euskara aberatsa da onomatopeiatan oinarritutako adberbiotan...), hizkuntzaren personalizatzea (hitz oraindik ezezagunak haurrentzat, dialektalismoaren tratamendu kontuzkoa, eta batez ere haurrak ipuina errepikatzean narrazioari ezarriko dizkion markak...), ideien ordenazio berezia (erlatiboak ez ezik narrazioaren egitura bera jo dezakeena), teatralizazio minimo bat (personaia desberdinak, abotsak), baita musikaren laguntza ere... Gero ipuinaren errepikazioa dator (haurrek zer hitz eta egitura asimilatu dituzten erakutsiko diguna), eta narrazioak sortzen dituen aitzaki pila ariketarako: marrazkiak, ipuinean ageri diren personaien azterketa (ahatea, otsoko, zerrikumea, beleko...) etab.
Honek guztiak garrantzí berezi bat izan dezake haurraren lehen urtetan, hizkuntzaren dikzio, ahozkera, ebakidura eta are egitura bera ere baitu finka erazten eta gauzak kontatzeko (hitz-egiteko) irrikia sortzen. "Hizkuntza arruntaren espresio pobretasun hori eskola primariotik korrejitu behar da" (Sara Bryant).
Ahozko narragintza dialektikoa da beti (narragileak entzulea "harrapatzen" duen bezala, entzuleak ere behartzen du narragilea: haurren asperdurak inprobisatzera bultza gintzake, adibidez), baina gure kasoan irakaslearen hizkuntza motel horrek areagotu egiten du dialektika: ahozko narragintzak behartu egiten ditu irakasleak beren euskara aberatsa, beren molde linguistikoak behar bezala finkatzera, bere ahoa duen ispilua korrejitzera, eta euskaraz gauzak kontatzeko gai izaten lagundu. Narrazioa benetakoa izan dadin (hau da, haurrak interesa ditzan) guztiz kaltegarria da, esaterako, narragilea buruz aritzea. Irakasleak bere mugak ezagutu beharko ditu lehenik, eta hausten saiatu, bere hitzak oroimenaren askatasun inkonszientearen jario bat izan daitezen.
Ipuin mota desberdinak egiteko aitzakirik falta ez den bezala (telefonoa, magnetofoia...) erraza da ipuinari ondorio "praktikoagoak" aurkitzea (gorago esana dugunez). Ber-interpretazioa da garrantzizkoena dudarik gabe. Irakasleak ohartu egin behar du zein diren haurrek asimilatu dituzten hitzak, espresioak eta egiturak. Espresio hoiek haurrak erabilgarriak (bertatik) izan daitezen, inportantea da irakasleak ongi aukera dezan erabiliko duen materiala: bizitzan normalak diren gertaguneak eta gertakariak eskaintzen baldin badira ipuinean, eta erabilera arrunteko espresioz hornitzen, ikastolan hartutakoa ikastolatik at ere errepikatzeko aukera izango du haurrak (hots, bere hizkuntza-rejistroak finkatzeko eta aberasteko).
Ez dira guti, bestalde, ipuinarekin lortzen diren efektoak: haurrak lotsa gainditzea, jendearen aurrean hitzegiten ohitzea, atentzio eta konzentrazio ahalmena sakontzea, artearekiko ardura bat sortzea, euskara adinekoen hizkuntza ere badela ikustea (azken bolada honetako pedagojizismoak batere kontutan hartu ez duen faktorea, haurra gizartetik at kokatuz edo gizartea haur hutsez "osatuz"). Euskara ez dela ikastolarena bakarrik, adinekoen bidez ikastolaren pareten artekoa den hizkuntza horrek mundu osoko haurren (eta ez hain haurren) eta izakien gauzak dakizkien hizkuntza dela ikustea.
Ez irakasle eta pedagogoek bakarrik, gurasoek ere narratzeko obligazioa ahantzi eta ipuin margotuei eta diskei utzi diete betekizuna. Baina ipuin margotuak ez dira aski haurrarentzat (ez dira hainbeste ere, euskaraz) ahozko narrazioz hornitzen ez baldin badira (guraso askok aitortzen du bere ezintasuna haurraren eskaera literarioen aurrean). Disketan eta kasetetan jasotako ipuinek berriz egokiagoak dirudite irratirako eskolarako baino (ezin dute inoiz dialektikoak izan). Narragilearen presentzia ezin du ezerk ordezkatu: ezer esateko, aski du narragileak aditz bat esaldi osoa esan gabe, adjetibo indartsu bat (ipuin idatziak hitzak behar ditu etengabe), eta baita isilune bat ere (diskak sor ez lezakeen misterio edo erne egotea...).
Ahozko narrazioa, azken finean, irakurketaren ataria da: "Ipuinaren esperientziak eta hizkuntza esperientziak bat egiten dute ahozko eta idatzizko hizkeraren konkista bide desberdinez faborizatzeko" (S. Fernandez). Ipuinaren bidez, irakurketarako prestatzen da haurra, irakurtzen hasi baino lehen ezaguterazten baitzaio literatura. "Gauzak kontatzea" obligazio pedagojikoa da: "Hizkuntza paper orri batekin konpara liteke: pentsamendua da alde bat eta soinua beste bat: ezin da bata hautsi bestea hautsi gabe; era berean, hizkuntzan ere ezin liteke soinua pentsamendutik berezi, ez pentsamendua soinutik" (Saussure).
|