L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pandoraren kutxak eta beste kutxa batzuk

 

Mikel Hatxe Abaitua

 

Mitoak dioenez, Prometeok jainkoen sua lapurtu zuenezkero Zeusek zigortu nahi izan zuen eta hortarako otu zitzaion zigorrik handienetakoa: emakumea asmatu eta berari ematea. Hortarako Hefestori enkomendatu zion egitea, zeinak bustinez oso polita egin zuen gizonen zoritxarra izan zedin. "Pandora" izendatu zuten, "jainko guztiak" esan nahi duena. Azkenean, Hermesek, Prometeoren anaia zen Epitemo eman zion senartzat, zeinak Prometeoren aholkuaz —Jainkoengandik erregalorik ez hartzeko— ez zuen kasorik egin. Pandorak kutxa bat eraman zuen zerutik non gordeta zeuden gaitz guztiak, eta kutxa irekita izan zenean haiek munduan zehar sakabanatu ziren: barruan esperantza gelditu omen zen bakarrik. Kondairak dioskunez, kutxaren barruan benetan gordeta zeudenak dohain jainkoazkoak ziren, gizonentzat zirenak, baina nola hegalak zituzten ihes egin zuten.

        Pandoraren mitoa ez da jatorri grekozkoa baina Grezian nabardura moral eta satirikoa eman zitzaion. Horren arabera emakumea dohain fatal bat da, gizon guztiei eman zitzaiena Prometeo zeruko sua lapurtu zuelako. Pandora baino lehen humanitatea oso pozik bizi zen gaixotasunak eta minak ezagutu gabe, baina Pandorak lapurtutako kutxa destapatu orduko era guztietako kalamitateak erori ziren giza-espeziearen gainean.

        Ageri denez, Eva biblikoaren antza dauka, edo aldrebes, ez dakigu zein izango zen lehenago. Baliteke biak kondaira baten barianteak besterik ez izatea. Ez dago dudarik gizonak (gizon batek) asmatutako mitoa dela, behintzat bere alde matxistan. Zeren beti baita (batean edo bestean) emakumea gizonari gaitza eramaten diona, bere kuriositateagatik kutxa irekitzen duelako, edota botere gosez sagarra ematen diolako. Baina Pandorarena ez da Evarena bezain matxista, zeren hura lurreko buztinarekin egina baitago eta Eva gizonaren sahieski batetik. Bion sorreraren kausa diferentea da ere: bata gizonaren laguntzarako (neskame), bestea kastigo bezala.

        Horrela asmatu zuten gizonek beraiek egindako gaitz guztien erruduna eta noski, errugabe bezala agertzeko, emakumeari pasatu zioten kulpa. Gaur egun ere ezin dugu libratu Pandoraren kutxa guztietatik, zeren hauek denbora aurrera joan-ala ugarituz joan baitira eten gabe eta oraingo denboretan sekula santan baino gehiago dugu.

        Hasiera batetan edo definizioz Pandoraren kutxan gizonentzako dohain onak zeuden gordeta baino, hona hemen mitoaren anbiguitatea, beste bersioak gaitzak zeudela sartuta dio. Nolanahi ere gaitzak gure artean daude, ez dakigu kutxa hortatik atera ziren ala ez, baina behintzat konturatu behar gara gaur noiz eta non dauden Pandoraren kutxa ugariak. Irrati, telebista eta ordenadore elektroniko guztiak gizonaren (eta emakumearen) onerako egin baziren ere (?) gaur egun bere kontra bihurtu dira (edo bere sortegunetik). Informatikak eta informazioak duten boterea ez dute inoiz eduki gaur bezalakoa eta mundua, inork ez badu erremediatzen, Huxleyk asmatutako mundu kontrolatura hurbiltzen ari gara.

        Informazioa, hizkuntza, boterearen zerbitzutan daude gehienbat eta hortaz konturatu gaitezen ez dira bakarrik kezkatzen soziologoak edo politikoak (batzuk) baina beste eratako pertsonak ere. Esate baterako, arrisku hau Chomskyk maiz aldarrikatu du, bizi garen polizi-estatu hauetan. Modu horretan eta Chomskyren hildotik jotzen duen Sebastián Serrano linguista katalanak bere Literatura i teoria del coneixement obraren hitzaurre bukaeran esaten digunez: "Costatem el fet que la llengua està al servei del poder: vet aquí la meva màxima preocupació. Si aquest trevall, d'alguna manera, i dins la nostra cultura pogués ajudar, si més no, a conprendre-ho ja em donaria per satisfet". (azpimarratua autorearena). Eta hau ez da politikazko liburu bat.

        Horregatik ere ez da batere harrigarria "son tus perjúmenes mujer los que me sulibellan" abestiaren autoreari, fronte sandinistan konprometitua, aber ez ote zuen hura iraultzaile batentzat oso kanta kaskarina (alajaina!) galdetzen ziotenean hark erantzutea kanta hartan erabilitako hizkera oso iraultzailea zela, hizkuntza ofizial finkatuaren kontrakoa, eta letra hura egiteko kanpesinoen (herriaren) etxez etxe ibili zela lexiko baten bila.

        Guztiarekin Chomskyri eta bere segidoreei (bera bezain anarko direnei klaro) tiroa kulatatik atera dakieke, zeren nik badakit oso gauza alanbikatu, harrigarri eta parregarri dela gaur egun hau esatea, baina linguistikaren barruan norbaitek pausorik eman badu Pandoraren kaja berriak asmatzeko Chomsky-eta izan dira, zeren hizkuntzaren mekanismoa destripatzen duten moduan, bidean daude biharko roboten hizkuntzaren antolaketara ailegatzeko eta hizkuntza hipotetiko estereotipatu hori ba dakigu zeinek montatuko lukeen. Ez dugu orduan sinistuko Pandora dela kulpable (orain sinisten ez dugun bezala).

        Aurrerapen guztietan zehar ari garela eta, ez dugu oso inuxente izan behar, ez bekigu guri gertatu Freudi bezala, Amerika barkotik ikustatzen ari zela esan zuenean: gixajoak, ez dakizue zer ekartzen dizuedan! Eta egia, ez zekiten, baina sekula ez dira enteratu ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.