L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Literatura euskaldun berria

 

Joxean Muñoz

 

Euskara mekaguenkaria, euskararengan seksoa esateko modua eta kafeak hartzeko ohitura estrainatu berriarekin edozertaz diskutitzeko bizioa euskaraz ere goza zitekeela deskubritu genuen arratsalde batez, norberak bere bidetik eta bere erara, baina deskubritu.

        Euskara genuenok hizkuntzaren ideologia berri batean —edo zaharraren puskatzean— aurkitu genuen lehengokoaren mugek onartzen ez zuten euskara bat, egoera berriei egoki zekiekeen euskara "berri" bat. Eta euskararik ez zutenek euskararen nahia ala beharra potenziatuko zuen ideoloji bat aurkitu behar izan zuten. Denok garela iritsi berriak, denok euskaldun berri zentzu batean (nor bere erara, nor bere bidetik).

        Euskararengana ailegatu egin behar baita. Euskara ez da hizkuntza soil bat eta beldur gara izan dadin, erabilgarritasunean ezin baitu erderekin konpetitu; arma desberdinak behar. Eta gu euskarari lotzen bagatzaizkio ez da edozein hizkuntzaren moduko tresna delako, gure hizkuntza edo hizkuntza nazionala delako baizik; hitz hoien inguruko sentidu guztiengatik hain zuzen.

        Euskara, hizkuntz zapaldua den aldetik, aurkikunde bat dela. Eta hizkuntza bat baino gehiago bilakatzen; plus hoiek aztertzen joan beharko dugu eta terreno horren mugak definitu. Noraino heltzen den, zer abarkatzen duen eta nola antolatzen den koherente izateko; zein den forma bat ematen dion ideolojia, zein den lehengoaren kontra (zeren kontra, zeren alde) eraiki den (dugun) ideolojia berria.

        Ideolojiak, ordea, itsu nahi du beti bere buruarekiko (eta, gu salbuespen ez izanagatik, ez diegu gure ideolojiatik kanpo daudenei arrazoinaren eskubidea utziko, beraiena ere zalantzan jartzen ez duten bitartean. Haien bere buruarekiko itsutasuna ez dugu gurearen bizkar justifikatu beharrik).

        Ideolojia, bere baitan onartu ezin dituen fenomeno berriek desestaltzen dute, kontraesanaez argi ematen. Puskatu nahi konsziente batek baino gehiagok (nork daki puskatu behar ote den), leku eske, terreno berri eske, zabaltasun bilako tirabirak hausten du lehengo ordena. Serio pitzatzen den arratsaldean deskubrituko dugu, garbiago, zein ideolojiarengan murgiltzen garen eta zein terreno berri konkistatzen diren (zein terreno zaharren bizkar).

        Zenbait gauzek planteamendu berria behar lukeelako susmoak gaude gu behintzat. Arazo zaharrak badira haizeratu, berriak diskutitu. Eta ba da bat haunditu ahala berriago eta harrigarriago bilakatzen ari dena: "euskaldun berriena".

        Euskal irakasleontzat euskal berri/zahar bereizketa egokia da eta praktikoa. Metodoloji arazoa da, ikuspundu kronolojikoa estriktoki, hizkuntzarekin harremanetan noiz (nola beraz) jarri den ikaslea.

        Berri/zahar binomio hori gizarte guztira zabaldu da, ordea, eta agian gizarte guztia dagoelako irakasle/ikaslegai jerarkiak berezita; euskara oral eta idatzia "menperatzen" dutenen eta ez dutenen artekoan. Azken hauek hankamotz lirateke, batzuk ("euskaldun zaharrak") hitzegin bai, jator, baina alfabetatu gabe, besteak ("euskaldun berriak") gramatika eta liburuak, baina totel.

        Batzuri gramatika eskatzen diegu, besteei hitza. Biei korrektotasuna. Maila bat. Euskararengana ailegatzearen muga hori Euskaltzaindiaren tituloak definitzen du, horrek emango bailieke ikasleei gaitasunaren agiria, gaitasun publikoa beraz.

        Euskalduntasunaren agiria bihurtu zaigu esamin hori, eta, bestela, galdetu "euskaldun berri" askori tituloa eskuratzeak ze poza eman dion, bost egun ondoren pasatzen baldin bazaio ere, biharamonean kajoi zaharrenean ahazteko prest badago ere.

        "Euskaldun zaharrak" ez du hainbesteko beharrik sentitzen, beretzat osatze prozesoa baita bestearentzat hutsetik eskuratzea dena. "Euskaldun zaharra" gai da, (korrektotasunen azpitik) komunikatu egin daitekeenez neurri batean bakarrik dago euskararengandik at. (Askotan gauza berri batzuren truke berea duen zenbait ohitura utzi beharrak, jatortasuna eta gramatika kontrajartzera tentatzen du, batasunarekiko deskonfiantza sortuz, adibidez. Baina hori beste arazo bat da).

        "Euskaldun zaharra" hizkuntzarekiko herren da, "berria" paralitikoa. Eta bost minutuko solasaldia mantentzeko kapaz izan ez, eta euskaldun berriari "qué dices" edo "oye, no te entiendo y hablame en castellano" edo lau hitz purista eta xelebrez korrekzioak egiten dizkionak ez du aipamenik merezi, ez bada sintomarena, egoera baten erakusgarri neurotikoarena. Euskaldun zaharraren mutur dejeneratua tipo "jatorra" da, gure jendea eta gure euskera-ka aritzen dena. Baina, hain zuzen, jatorra hitza zentzu txarrean erabili dugula argitu beharra dago, adjetibo horren konnotazioek definitzen baitute gure egoera, jatorkeria eta jatortasunaren artean murgiltzen gara eta, borrokatzen hobe, euskara zaharraren bizitasuna errekuperatu nahiean; baina sintesi berri batetatik, egoera eta ideolojia berri batetatik.

        Euskara biziago bat nahi, korrektotasuna eskas gertatu zaigulako, eta hortik datoz euskara batuaren limitazioei buruzko iritziak (eta ez, zenbaitek korrika eta presaka aldarrikatu nahi izan duenez, euskara batua txarrerako izan delako).

        Euskara bizia eta euskara korrektoa ez daude (ez dute egon beharrik) elkarren kontra. Baina baremo nagusitzat bat ala beste jartzeak bide, arreta eta errekuperazio-lan desberdinak dakartza, prioridade desberdinak ere bai, agian, eta euskararekiko ideoloji desberdinak, nork daki.

        Gure haroa gaitasunarena da, euskara "putzu sakon eta ilunetik" atera ondoren egungo bizitza urbanoari egokitzeko, bertan murgiltzeko eta balioagarri izateko gaitzearena. Batasun bat beraz, sistematizazioa (sistema batuen eta pedagogikoena gramatika da). Hizkuntzak berak izan behar zuen, lehen lehenik, gai, erakutsi ahal izateko eta edonori edozein arlotan lege erabilgarriak eskeintzeko kapaz. Euskaldunak hitzez nahiz idatziz izan behar du euskara erabiltzeko gai. Euskaldungo alfabetatuaren zeregina arlo guztietan erabil daitekeela frogatzea da, leksiko lanetan arituz, klaseak euskaraz emanez eta euskaraz eman direla azpimarratuz, euskara besteen mailan dagoelako froga permanentean.

        Eta ez badago, disimulatu. Disimuloa baita, azken finean, euskaraz okupatuko ez ditugun jakintza arlotara abanzadilak bidaltzea —oraindik—, euskal zirkuitorik ukango ez duten hesparruak euskaldun nahiean jo eta su aritzea. Disimuloa, nolabait, ahal dugun baino (horain behar dugun baino?) terreno gehiago okupatzea.

        Euskarak bere balioa frogatu behar zueneko ideolojia ote den hori, euskarak egun ere bizitzeko eskubidea duela aldarrikatu behar zenekoa.

        Orain, aldiz, euskara inposatu egin behar da, sinisdunei sisigabeei baino kaso gehiago eginez, praktikanteei jarriz arreta eta ez, behar izaterik ez dutelako nahi, euskara behar ez dutenei.

        Euskararen zabaltzeari utzi gabe. Euskara korrektoari utzi gabe. Hoiek, erderatan, planteatu ere egiten ez diren arazoak dira. Guk gori gori ditugu. Baina euskara korrektoarenganainoko bidea luze gertatzen ari zaio sarri, euskaldun berriari, eta hori lortu ondoren bizitasunaren bilakoa planteatzen diogu.

        Oraindik ere bizitasuna antzinean dagoelako, gehienbat, euskara arin, mugikor, espresiboa gurasoengan (ala atzerago) aurkitzen dugulako (eta bilatzen), aitonari berriz bisitak egiten hasi, bertsolariak entzun, liburu zaharrak aztertu. Eta ordu onean eman digu euskararen batasunak, sistema bat edukitzeak, hoiek ikusteko leku eta modu berri bat. Sintesi kulunkaria arratsalde hartan aurkitu genuena, gauza berri eta biziak esateko baimena, gramatikari eusteko agindua.

        Bizitasuna bizitzeko behar, koherentzia, berriz, eutsi eta mantentzeko. Korrektotasunaren mugarik ia hausten ez duen bizitasuna da lehengo hizkera zaharretan topatzen duguna. "Euskaldun berriak", ordea, aldrebeskeria gehiago botatzen du, ez korrekto eta ez jator den hizkera bat.

        Aldrebestzat daukagu, halabeharrez (hizkuntza zapaldu baten), gramatikaren miresle izatea itxiegi iruditzen bazaigu ere, defendatzaile izaten jarraitu beharko dugulako.

        Baina defensari utzi gabe, bizitasun guztiak antzinekoak izatea superatu egin beharko dugula, posibilidade berriak esplotatzeko, euskaldun zahar/berrien artekoa deuseztatzeko. Bereizketa horrek batzuren eskastasun ia definiziozkoa sanzionatzen duelako, eta are gehiago bizitasuna jatortasunarekin bakarrik identifikatzen badugu. Kaso egin behar, komunikatu eta euskaraz komunikatu nahi duen "euskaldun berriari", sortzen dituen esaldi, esakera eta hitzak, gramatika eta hiztegitan ez azalduagatik ere, euskararen hesparrura bilduz.

        Hor hizkera bat dago (egon liteke). Edo, hobe, hizkera posible baten puskak. Hizkuntzaren baitan onartu behar. Gureak sarri behar izaten dituen arintasunerako hoiek ere aprobetxatu.

        Hizkuntzaren arloan, fenomeno berri, kontraesankor eta, oraindik, inkoherenteei arreta praktikoa jar diezaiekeen lan bakarra, literatur-lana da. Gramatikari, hiztegigile eta pedagogoek, dagoena dute abiapuntutzat, iadanik sistemaren barruan leku aurkitu duena. Literaturak du korrektotasunetik, euskara-euskara batetatik hizkera guztiak, hizkera fragmentario guztiak jasotzeko ahalmena, eta, agian, beharra. Literaturak dignifikatu egingo luke euskaldun berriaren bide nekeza, euskaldun berriari protagonismo bat emango lioke, erreala, eta ez ejenplo moralarena bakarrik. Euskaldun berria euskaldun egiteko (euskalduntzat hartzeko) pausoa eman, beti pre-euskaldun konsideratu gabe.

        Euskalduna euskaraz komunikatzen dena delako. Eta, azken finean, asko, gehienak gara euskaldun intermitenteak; literaturak eman liezaieke forma gure intermitentzi eta desegokitasunei. Dignifikatu egingo dituela eta literatura bera ere dignifikatu, ariketa liburu izan ordez sintesi bizidun eta mugikorra bihurtuz.

        Kafea eta kopa kalekaldeko mahaietan hartzeko ohitura estrainatu berriarekin euskal literatura irakurtzen eta albotako hizketaldiak entzuten pasatuko ditugu, guk, arratsaldeak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.