L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-8 (1981-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Joan Mari Torrealdai: liburu zerrendak

 

J.M. Zabaleta

 

Hamar urte paseak dira Juan San Martinek "Escritoricos eúskaros" liburua beste antzeko titulu batez argitaratu zuela: Idazlea (itzultzailea sarri), obrak (liburu zerrenda, artikuluak, poemak, sonetoak, epigramaren bat), argitalpen urtea eta abar zehaztuz. Zerrenda luzea eta gehiegia. Edota, agian ez. Garai hartan behintzat. Jende asko poztu baitzen bere izentxoa han aurkituz (gero konferentziatarako, aste edo hamabostaldi kulturaletarako handixek hartzen baitziren izenak), eta jende askok izan zuen damu kajoiko poematxoa ez argitaratua. Garai hartan zerrenda akumulatibo hark bere eragintxoa izan zuen, dudarik ez. Zenbat idazle genuen, ez da?, "escritorico" baina idazle, eta animatzeko gauza zen, eta behar zen inondik ere animoa garai hartan.

        Geroztik Joan Mari Torrealdaik hartu zion ofizioa: "Euskal Idazleak Gaur" (Caja Laboral Popular), non euskal idazlearen kajoi laborala askizko sakontasunez aztertzen baitzen. Kajoi laborala diot, mundu hertsi honetan idazlearen lanean elkartzen diren faktore eta bariableak aztertzen dituelako.

        Baina oraindik zerrendero jarraitzea... Eta ez zerrendak behar ez direlako. Nolanahi ere Durangoko Azokan ere banatu ziren. Eta haren gain portzentaiak ematen dira. Eskergarriak. Eta UNESCOk liburu kalsifikapenerako erabiltzen dituen 23 gai sailen zerrendarekin gonbaratzen da euskal liburugintzarena. Gure mundu idatziaren urritasuna nabarian ageri da.

        Torrealdairentzat, ordea, UNESCOren zerrendako gai sailen arabera euskal mundu idatzia pobretzen ari da. "Gaien erabilpenean, izan ere, 1980an aurreko bi urteen azpitik bait gaude: 1978an 18 gai-sail erabili genituen, 1979an 19 eta iaz 15". (Jakin 17/18, 1981.)

        Zeren arabera, ordea "euskal kulturaren flakeziaren hezur hutsak are bistago" daudela? Torrealdaik berak ematen du hurrengo paragrafoan erantzuna: "Lehen ere inoiz egin dudan galdera larri batetara ekartzen gaitu egoera honek: Gauza al da euskara euskal gizonaren eta gizartearen bizimoldea gauzatzeko (Kasu!: ez naiz ari euskararen ahalbide linguistikoez, baizik eta sozialez eta kulturalez). Alegia, liburu-politika bat erabakitzean euskararen ondoan erdarari lekurik eman behar ote zaio, eta, ematekotan, zein? Bego hor galdera, erantzunik gabe oraingoz".

        Galdera, horrela, erantzun gaitzekoa da, baina azken lerroko "oraingoz" hori gorago jasoko balitz eta "euskararen ondoan erdarari lekurik eman behar ote zaio oraindik" jarri galderak arras bestelaturik geratuko litzateke. Eta galdera horri bai, erantzun beharko litzaioke, eta erantzun ondoren hasi zerrendak antolatzen. Gauza jakina baita euskara ez dagoela oraingoz "euskal gizonaren eta gizartearen bizimoldea gauzatzeko" tamainan, Torrealdairen zentzu berean noski.

        Pentsa liteke euskararen egoera beretik hasi eta erabilpen arloak zabaltzen saiatzea dela politika jator eta ezinbestekoa. Baina linealegia eta espansibo joera gehiegizkokoa derizkiot planteiamenduari, jakinik, dakigun bezala, euskararen erabilpena ez dagoela normalizaturik, eta gutxiagorik ere.

        Esan nahi baita: Euskara normalizapenerako bidean bataiatu berritxoa dugula oraindik, eta ez digula balio egoera normalizatu batekin gonbaratzeak, eta normalizapenerako bideak ez duela zertan lineala izan beharrik derrigor. Eta euskal liburu produkzioa ez litzatekeela normalizatu ondoren izan behar lukeenarekin gonbaratu behar, normalizazio bidean, une honetan bertan izan behar duenarekin baizik. Eta horretarako bi gauza aztertu behar direla zerrendaren ondorioak atera aurretik: Zein den une honetan gehien egokitzen zaigun lehentasun mailaketa, eta zein den irakurlegoaren eskabidea. (Torrealdairentzat gauza ziurra baitirudi argitaletxeen politika eskabideari egokitzen zaiola: "1980ko liburu-produkzioaren nondik norakoa arakatzen hasten garenerako, argi eta garbi ikusten da argitaletxeek geroz eta pragmatikoago jokatzen dutela").

        Irakurlegoaren eskabideak, egoera normalizatuan, berak emango luke lehentasun mailaketa, baina egoera normalizatu gabean badirudi ezetz, eta gure artean gutxiago beharbada, zenbait gai sailetako hizkuntza bera ere, eta are gutxiago berorren ulerpen soziala, normalizatu gabe daudelako. Pentsa dezagun euskal narratibaren kategorian, adibide soil batetarako.

        Beraz gonbaraketa oinarritarako lehentasun mailaketa, gure egoerari dagokion aproposena, finkatu eta frogatu beharko litzateke lehendabizi: zein arlotan komeni zaigu gure ahaleginak zentratzea, zein dira oinarrizko arlo zabalenak, kontsumo gehienekoak, gainerakoen azpiegituratarako balioko ligutekeenak, hizkuntzaren beraren eta erabilkeraren normalizaziorako faktore biderkatzaile gisa baliorik gehien luketenak? Eta gero: egokitzen al dira horretara liburu produkzioa eta eskabidea?

        Askorentzat garbi dago literaturak, narratibak batez ere, eta dibulgazio liburuak maila askoz ere apalagoan, berebiziko garrantzia dutela honetan, textu liburua aparte utzita, bestelako funtzionaltasuna duenez, eta ez dagokionez publikoaren eskabide libreari, eskolatik behartuari baizik.

        Eta zentzu honetan, egoera berezia kontutik galtzeke sekula, Torrealdairen "orotarik" gai saila ere eztabaidagarria litzateke. Egoera normalizatuan bistan baita, esate batetarako, haur literaturak, haurrentzako narratibak, zerikusirik baduela textugintzarekin, lagungarri gisa. Baina gure artean zerikusi gehiago luke, hainbestekoa behintzat, irakurlego sorkuntzarekin, eta literaturarekin berarekin, hartara baitago zuzendua. Kontutan hartuta, gainera, haur literatura eta literatura maiuskulazkoaren artean bereizketak zenbateraino diren arbitrarioak. Zer da "Alizia"? Literaturak, gainera, gure artean behintzat, hizkuntzaren erabilpen arlo askoren azpiegitura jokatu beharko duela ez da ahaztekoa.

        Beraz, eta behingoz bukatzeko. Aipatzen dudana ez da azterketa kualitatiboa, gaurko euskal poesia asko zer den eta zergatik saltzen den, eta horrelakoak. Ez. Euskal liburu produkzioa aztertzeko baremoak aldatu beharra baizik, alde kualitatiboa baitago egoera normalizatutik gabera. Eta zerrendan beste dato batzuk aztertu beharra ere bai: zenbat saltzen da arlo bakoitzean?, egokitzen al zaio eskabidea gure egoerari aproposen legokiokeen lehentasun mailaketari? Eta lehentasun mailaketa honetan bigarren mailako geratuko liratekeen zenbait arlotan argitalpenik ez bada, ba, lastima.

        Titulu zerrendak bakarrik, eta eduki azterketak bere hutsean, ez digu balio, eragin soziala ezagutu behar dugu, eta horrela bakarrik asmatu ahal izango dugu idazle, argitaletxe eta interesatu guztiok eragin gehiago izaten.

        Eta merezi luke zerrendero jarraitzeak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.