L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-9 (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Oteizari buruz parre eta haserrerik gabe

 

Mikel Hernandez Abaitua

 

Oteizaren artikuloa atera zenean (MUGA, 13) ez nuen uste hainbeste hauts altxatuko zuenik. Eta ez nuen espero zeren Oteizak holakoak maiz esaten baititu, edo esan ditu, eta inork ez zuen ezer esan. Hori gauza batengatik diot batez ere: artikulo hortan jasotzen diren ideiak esanak zituen orain dela lau ez bada bost urte Hordagok ateratako Hernani I liburu handian (hitzaurrean, gaizki gogoratzen ez banaiz). Agian ideia ez zegoen orduan horren ausnartua eta horregatik askozaz ere laburkiago esaten zuen euskararen soinuei buruzko guzti hori: ordukoan euskal filologo berriei zuzentzen zen (akaso karrera mota hori hasita berria zegoelako). Horregatik agian, artikulo berri hau irakurtzean jasotako zenbait apunte basurara bota nituen (eta ez dakit zergatik, subkonszienteak argitu beharko dit hori). Gaur, atera diren kritikak irakurri ondoren basurara jo dut, kaleko eskaleen modura, zeren gaizki ulertu dela edo gaizki interpretatu Oteizak esandakoa iruditzen baitzait.

        Josu Landaren kasoan (kritika bat) oso garbi dago hori, berak esaten ditu: "ez dugu tutik ere ulertu" (OH! EUZKADI, 8). Honen artikuloan agertzen dena baino gehiago merezi duela Oteizaren artikuloak iruditzen zait, eta ez dut esaten mitoari zor zaion debozioarekin zeren nik ere artikuloa irakurtzean txiste "grazioso" bat baino gehiago pentsatu nuen, baina Oteizaren artikuloa ez da hain sinple eta Landak erabiltzen duen modu horrek, hau da, "deskripzio-txiste-deskripzio-txiste..." (Oteizaren artikuloaren "deskripzioa" esan nahi da) ez dut uste ezer argitzen duenik.

        Bestalde gauza pilo batetan oraindik topikoetan ibiltzen gara, eta honekin "Euskal Herrian Euskaraz"-ek ateratako artikuloarekin sartzen naiz (beste kritika, ARGIA-907). Desdeluego izugarri dira herri hontan esaten diren gauza batzuk: "euskaraz hitz egiteko gauza ez diren oriotar eta beratar bitxi horiek, nekez esan dezakete ezer onik bere praxi erdaltzale (...) horren ondoren" baina orduan jende asko ukatu behar dugu, eta ez gaude jendea uxatzeko kondiziotan, berdin zait zer hizkuntza erabiltzen duten, gogoeta guztiak behar ditugu euskarari buruz. "Ez dakitela euskaraz" betiko leloa, baina euskaraz ez dakien jende piloa ari da euskara aztertzen (edo aritu da); ukatuko diegu haiei ere? Zeren bost axola zait Tovar euskaraz hitzegiteko kapaz ez bada, ez diot ukatuko bere azken liburua egitea. Garbi utzi nahi dut talde honen kontra ez dudala ezer baina nola esan dezakete "euskal idazle ziren batzuk erdarara behartzera baizik ez baitu (MUGAk) gaur arte lortu"? Hori ez da egia, bestela pentsatu beharko genuke EGINek berdin egiten duela Txillardegik egunkari hortan erdaraz idazten duenean edota berak ere "Fontes..."-en euskara ez den hizkuntza batez idatzi zuenean. Zer esanik ez L.M. Mujikari buruz, akaso Haranburu-Altunak erdaraz idaztera behartzen al du? Zergatik egin zuen bere euskal literaturaren historia erdaraz bestela? Jende guztiak dauka dakizkien hizkuntza guztietan idazteko deretxoa eta norbaitek frantsesez eta euskeraz (esate baterako) idazten badu inork ez dio ezer esango (zoritxarrez igual kapaz gara hori ere kondenatzeko). Enfin, pekatugabeak bota dezala lehenengo harria esan eta botako dutenak Joxe Azurmendi izango da (arrazoi osoz) edo bestela oso gutxi idazten duen jendea. Ez da egia beraz "behartze" hori, Letek euskaraz irabazi zuen sari bat orain ez dela gehiegi eta Lertxundik iaz publikatu zuen liburu bat euskaraz eta biek idatzi eta idazten dute erdaraz (MUGAn edo bestetan).

        Ez dakit talde honek Oteizaren hitzetan agresibitaterik aurkitu duen, baietz iruditzen zait, baina ez dut uste holakorik dagoenik, bai pittin bat, baina zeharo ezabatua gelditzen da kontextu handiaren barruan. Sonematikari buruz lehen aipatu dudan hitzaurrean idazten zuenean (oraindik ez zuen erabiltzen hitza, oker ez banago) ez zegoen holako doinu ozpindurik, agian orain zaharrago dago, agian nekatuago. Baina guztiarekin ere gauza batzutan arrazoia duela uste dut, beste batzutan zeharo konfundituta badago ere. Eta txisteak egin beharrean, eta haserratu beharrean, nola pentsatzen dugun esan behar diogu, zergatik sonematika hori nahiko inposible den indikatu behar diogu Oteizari, horrekin ere MUGAkoei euskarari buruz atera diren iritziak interesanteak direla esateaz aparte, espektro irekiago bat hartu beharko luketela esaten diegun bitartean, ez dezatela pentsatu hiru pertsona horiekin kunplitu dutenik ("Euskaldunización a debate: J.C. Baroja, J. Oteiza, K. Mitxelena").

        "Si me separan un dedo y lo examinan así, científicamente aislado y sólo, es mi dedo-fonema. Pero si lo recupero, funciona de nuevo, participa en la vida múltiple de la mano". Ba ez, zure behatza ez da fonema, zure behatza frase oso bat da. Fonema bat behatzaren molekula bat izango litzateke eta molekula bat separatzen baduzu ez da ezer gertatzen. Gainera ez da hortarako Barthes (bere kontra dagoela, Oteizak ateratzen duen bezala) aipatu behar, Chomskyk asumitzen dituen Port-Royalgo gramatikoek esaten zuten jadanik XVII. mendean (funtzionatzeko unitatea frasea da, ez fonema, ez hitza). Baina orduan Oteizak esango dizu "qué sucedía, me preguntaba, a mis fonemas". Baina euskarazko fonemak bakarrik esan nahi du, zeren erdarazkoekin ez baitu problemarik bat ere. Eta erantzuna edonork eman dezake: Oteizak ez daki euskaraz hitzegiten, hortaz, kanpoko posizio batetik bezala begiratzen du; euskara asko maite du baina ezin du erabili, horregatik fonemetan fijatzen da ("ah, qué cosa exótica la fonética vasca" esan zezakeen berdin berdin) eta bizitza propio bat ematen die. Zientifikoago esanda: beretzat euskara elemento denotatiboan gelditzen da eta ez konnotatiboan guri gertatzen zaigun bezala. Baina nolabait kanporatu behar du euskara ondo ez jakiteak sortzen dion frustrazioa: "Con mis dos lenguas que vivo en conflicto, una, la que hablo, con la que escribo ahora (que escribo mal como queriendo), pero que profundamente quiero, claro, es el que soy, y la otra que llevo rota en el centro más permanente y vivo de mí, del que no soy y que hace que yo sea, que yo soy, en definitiva y mucho más, el que no soy. Me he conformado y vivo un euskera el que yo preciso, mucho más visual y por dentro que el que oralmente no he podido" (azpimarratua gurea). Oteizarentzat, somatzen dut, euskara materia prima bat da, egurra, burdina, harria diren bezala eta horrela horiekin egiten duen moduan egin nahi du ere, hau da, poesia egin (modelatu, plastika) nahi du euskararekin harriarekin egiten duen antzera, baina ez daki euskaraz, ez da kapaz euskal unitateak erabiltzeko, fraseak erabiltzeko (perpausa, lehen esan dugun bezala, Port-Royalgo gramatikoentzat benetako unitatea) eta horregatik fonema hartzen du, bere behatza fonema dela pentsatzen du, bestela atera ezin duen esanahia sartzen dio fonemari, eta ez.

        Oteizari Freudek esaten zuena gertatzen zaio euskararekin "Estatus amorosoak izenez ezagutzen diren egoerak, hain interesanteak psikologoaren ikuspuntutik, eta psikosiaren prototipo normala ematen dutenak..." (Totem und tabu, 1.912, azpimarratua gurea) eta ez dut ironiaz bakarrik esaten; euskara asko maite du, normala da.

        Baina ezin daiteke euskara mota bat (poetikoa, estetikoa) estatu gauza guztietarako, ez ditugu hizkera mailak ahaztu behar hizkuntza baten barruan, bestela pobretasuna eskatzea da, eta eskatuz gero ere, bideak, moduak eman beharko lirateke. Oteizaren prosa poetikoak erdaraz (bai, berak literatura egiten du idaztean) ez digu kontatzen euskaraz nola bihurtu berak esandakoa. "El euskara del nieto ya no sirve para hablar con su abuelo" hori egia da (zorionez), baina kasu batzuetan bakarrik eta ez da gainera euskaraz beste hizkuntzetan baino gehiago gertatzen.

        Oteizarengandik ordea beste gauza jaso beharko genituzke, hala nola estetikarekiko bere kezka. Hori bai, ezin zaie andereñoei hain hitz gogorrekin mintzatu ("andereños a atontar niños en la ikastola") baina eragin estetiko hori gehiago eduki beharko lukete eta hori K. Izagirrek berak esaten dizu baina askozaz ere konkretoago: "askotan ez gara ausartzen salatzen ikastolaren beraren euskara, negargarria dela, eta ez dituztela pedagojiak eskatzen dituen minimoak betetzen (irakasleek). Irakasleak ondikotz, ispilu normatibo deformantea gertatzen dira behar baino gehiagotan. "Hizkuntza aldetik inperfektoak diren irakasleren eskuetan, gerora zuzengaitzat diren molde erratuak ikasten dituzte haurrek", dio (Renzo) Titonek berak" (OH! EUZKADI, 8). Halaber gehiegizko zuzentze etengabe bat, hau da, dialektotik euskara batura behin eta berriro umea behartzea espontaneoki hitzegiten ari denean. Nik ikastolan arreba txiki bat daukat eta ezagutzen dut kaso pilo bat.

        Arrazoia dauka ere Oteizak Poetika 2. bat eskatzen duenean, zeren azken finean Linguistika 2. bat eskatzen du (nolabait esateko), hau da, Linguistika bai baina Literatura gehiago, gaurkoago den praxis baten barruan (bueno, bera gogorrago da: "La lingüística no le sirve a la lengua para nada, lo que le sirve a la lengua es la cultura correspondiente a la lengua que necesita el hablante"). Eta klaro, hortan denak ados gaude baina ilun explikatzen da (ez da hainbeste) eta horregatik diote batzuk: "ez dugu tutik ere ulertu".

        Ba ez, konprenitzen pixka bat saiatuz gero entenditzen da, baina hortarako ez parre eta ez haserre.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.