nor
Iraultzaileak eta pasotak
Txillardegi
Zuen OH! EUZKADI hau nik nahi nukeen bezain ongi ez ezaguturik ere, ohizko "haritik at" ari ez ote naizen beldur nauzue. Hala balitz ere, J. Muñoz-ek eta R. Etxezarreta-k eskainitako "venia" baliatuz, aurrera noa.
Gure herria beste hamaika modaren arragoa izan ondoren, orain hemen "passotismo"aren modari tokatu bide zaio txanda. Eta moda bakoitzari bere profetak baitagozkio, honi ere bai: eta hor ditugu, herriz herri Berri Onaren eramale, oso egokiro norbaitek "líderes del pasotismo ilustrado" bataiatu dituenak, txalo-zarta ugariak han hemenka bilduz.
Euskal Herrian baditugu, beraz, geure "passotak" Zein dira, ordea? Zer da "passotismoa", eta zer ez?
Lehen-lehenik hau esan behar da, ene ustez: passotismoa ez dela gazteei ez besteri dagokien fenomeno bat. Eta halaz ere, horrela dela pentsa liteke. Zergatik? Xehetasun honek ere bere argia eman dezake.
Alegia, betidanik izan dira gazte eta zahar "korrektoak". Hauek seriotan hartzen zuten (eta dute) sistema, eta "txorradas" alde batera uzten dituzte: bai gazte denboran (ikasle finak izanik, nota ezin hobeak, beti esanekoak, eta abar), bai nagusi haroan (karrera 'ona' aurrenik, familia 'on' bat hazi, enplegu 'on' bat, adiskide 'onak', eta abar). Oso ondo ikus daitekeenez, passota-rik osoenak hauek izanik ere, beste izen bat eman ohi zaie: "gente de orden" gaztelaniaz, "majorité silencieuse" frantsesez, "apolitikoak" agian. Jende horrek, noski, ontzat ematen du sistema, gazte denboran eta gero ere bai; eta beren zuloko ez diren arazo guztiei buruz (edo 'chorradas') passa egiten dute.
Ez dirudi, ordea, "passota" hitza hauei buruz asmatua denik; nahiz gazte denborako passota asko, eskuindar apolitiko horietakoak baizik ez izan.
Beste multzo batetan jarri behar dira, ene ustez, "progreak". Hauen ezaugarri nagusia hau litzateke: berealdiko iraultzak aipaturik ere, beren egiazko bizian edozein burgeskume bezalaxe bizi diren jendeak. Hemen ere, jakina, zahar eta gazte, zaku berean. Hauek, ordea, "taktikaz" passatzen dira, nahiz asmoz edo helburuz gizarte-mota honen kontrako etsaiak izan (omen eta omen, hamar aldiz). Hauen definiziorik onena juez batek eman zuen aspaldiskoan: "vous jouez I'Internationale sur un piano á queue". Gaur passoten artean jarri beharrekoak, "progre" hitza aski litzateke. Eta nik bederen aski nuke "progre" hitzaz. Baina "passota" delakoa hauei dagokie bete-betean. Denek ezagutzen dituzuen "intelektual" horiek, "progre" edo "passota" hauen artean dute bere bezeria leialena. Eta, noski, beren hitz-ontzikeriari ekintza sozialik ez darraikionez gero, Sistema eta progre hauek, oso ondo moldatzen dira; eta ez diote inoiz elkarri koskarik egiten.
Oso desegoki iruditzen zait, ordea, ikuspegi ezkertarretan jarri direlako, eta Sisteman zinez integratu nahi ez dutelako, ezker ofizialarekin ezkondu nahi ez duten iraultzaileak (eta hauetan ere, zahar eta gazte) "progre" edo "passota" deitzea. Eskuindarkeria itsua iruditzen zait.
Hots, egiazko iraultzaile hauek eta "passotismo ilustrado" delako horren buruzagiak, elkarren oposizioan daude: berauek, zernahi esanagatik ere, Sistemarekin daude; haiek, aldiz, Sistemaren kontra jokatzen dutelarik, baita honen egurra hartzen ere askotan.
"Progre"ei eta "passotei" gaitzi bazaie ere, iraultza sozialista eginkizun dago; eta klase-burruka hor dago. Are gehiago: kapitalismoak jasaten duen krisialdiaren larria ikusita, kontrolak azkartu behar ditu, politzia sendotu behar du (hemen eta nun-nahi); eta, gure begien aurrean ikus daitekeenez, eskuin aldera doa Sistema leku guztietan. Eskuinaldeko lerraketa hori gertatzen denean, hizketa eta ekintza bereztea; eta dagoen klase-zapalketa hazkorraren aurka, zenbait broma eta hitz-joko baizik ez ekartzea, klase zapaltzailearen jokoa egitea da. Hitz batez, "progre" izenaz, eskuindar izana.
Baina ez helburua izan daiteke zernahi, ez tresna politikoa ere. Ezker ofizialari buruz uzkur agertzen den ezkertar iraultzailea, funtsean biotan ados ez dagoelako agertzen da horrela: Estatu-kapitalismoaz ezer jakin nahi ez duelako, eta aparatokerian bizi diren partidu klasikoez ere ezer jakin nahi ez duelako. Eta hau "passota" izan badaiteke ere, iraultzaile jatorra ere izan daiteke. Dudarik gabe, Sozialismoa da memento honetako helburu nagusia. Baina autogestioan eta burokrazitik at mamitu behar den Sozialismoa, ongi definitu behar da; eta gaurtxe definitu, eta organizazioetan erabat definitu eta pratikatu.
Ezker ofizialak nazkatu egin ditu iraultzaileak; eta askotan batera presentatzen dizkigu horiek, eta errotik desberdinak diren "passotak" eta antzekoak.
Era berean, "progre"en buruzagiak nazio-arazoaz uzkur agertzen direnean ("hay que superar los nacionalismos estrechos", eta antzera), inperialismoaren alde jokatzen dute, hitzetan zernahi esanik ere. Inperialismoaren arazoa ez baitago konponduta. Berriz ere, "apolitizismo" hori, eskuindarkeria baizik ez da; klase-burrukari buruz "neutro" agertzea, dagoen klase zapaltzailearen alde jokatzea den bezalaxe. "Progreak" eta "passotak", horrela, inperialismoaren alde daude. Eta agintariek dakite hobeki guk baino. Aski da egurra norentzat den, eta norentzat ez den, pitin bat bederen begiratzea.
Bainan honi buruz ere, argi utzi behar dira gauzak. Dudarik gabe, mende honetako indar nagusia da abertzaletasuna (nagusia ere inperialismoa den bezala), zenbaiten liburu sakratuetan horrelakorik agertzen ez bada ere. Zapaldutako herriek beren burua jasotzeko egin dezaketen indarraldia, sinetsi ezina da. Herri-nortasuna berrirabazteko borrokak goreneko mailak irits dezake, edozein mogimendu abertzaletan ikus daitekeenez. "Progre"ek ez dute hau sinesten, eta inperialismoaren alde jartzen dira; alegia, eskuindarrekin bat eginez.
Baina, lehen bezala berriz ere, ongi definitu behar da helburua. Herrien sustraia eta habea hizkuntza da; eta gure herriaren muina, euskara da. Herri-nortasuna hizkuntza da. Inperialismoaren kontrako borroka nagusia, hizkuntzaren mailan mamitu behar da; berez, eta sozialista den aldetik, ekonomiaren mailan ere mamitu behar den bezala.
Baina iraultzaileak, berriz ere, uzkur agertzen dira partidu ofizialei buruz; hizkuntzarekiko borroka egunero eraman behar baita, eta herri-nortasunaren defentsa eta berrirabazketa, ez baitira dekretuz edo zerutik etorriko; dialektikaz eta eguneroko praxiaren bidez baizik. Sentidu honetan, horregatik, euskal ezker abertzalerik ez dagoela esan behar da. Ezker abertzaletzat hartu ohi diren indar batzuk, klase-burrukaren ukaera pratikoan bizi baitira, eta erdararen sendoketaren alde jokatzen baitute "Euskadi"ren izenean.
Sozialismoa eta abertzaletasuna haintzakotzat hartzen dituzten askok, horretara, zalantza handiak dituzte ezkerreko alderdi ofizialekiko; eta "passota" edo "progre"tzat hartuak izateko arriskutan daude. Baina berezi beharra dago.
Euskadi-ko passotismoa ahuldu nahi bada (eta ezkerrak ez bestek du passotismoa ahultzeko interesa), euskal ezkertarren projektua argitu behar da. Eta burokrazikeriak eta sozial-inperialismoa dira, honi buruz, etsai nagusia.
Jakina: "progre"ek ez dute hau uste.
Eta horregatik daude Sistemaren egurkadatik at.
|