L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-9 (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Jose Joaquin de Clararrosa

(ex Aita Olabarrieta)

 

Koldo Izagirre

 

Bazuen talenturik Hiriart-Urrutik. Euskal kazetalaritzaren klasiko bat, dudarik gabe. Apez kartsu eta giristino ausart: berebiziko reakzionarioa. Etengabean ari zaigu anarchistez, fedegabeez, gornez, legetzarrez. Artikulu batetan dionez (Mintzaira, Aurpegia, Gizon! Jakin 2, 141 orr.), Berdoly jaunak "gure izena bera, gure eskualduntasuna belzten du itsuski". Epai grabea, Hiriart-Urruty bezalako aho bero baten esanean ere. Nor zen bada, Martial-Henry Berdoly? Gorri bat, Le Réveil Basque astekari bilinguearen sortzailea, Xuberoko eta Baxenabarreko bozemaileek zenator egina. Deputatuen bilkura gogoangarri batetan, bozak eman ziren "serora eta frera eskola emaile guztien kontra. Guziak, batzu bertzen ondotik, lehenbailehen beharko duela kendu". Zer egin zuen hartan Berdolyk? "Mauleko, Bayonako, Miarritzeko, Donapaleuko, Hazparneko, Camboko, Uztaritzeko frera guziak oro ken ditzaten eman du boza Berdoly-k". Hiriart-Urruty sutu egiten zaigu: "Noiz atzartuko dire Berdolyren boz-emaile burraso Eskualdunak? Noiz dire guziak altxatuko beren haurren arimez griña dutenak, Berdoly edozoin Eskualdun bilkuretan agertzen delarik, oihu egiteko: Fuera Berdoly! Kuku framazonen esku-makila!". (Beste artikulu batetan, gezurrari berdolikeria esaten dio).

        Eh bon, Berdoly framazona zen, francmasona. Kokotzar bat.

        Zer da masonería, francmasoneria? Masoneriaren Hiztegi Enziklopedikoak dionez, "Masoneria Elkarte unibersal, filantropiko, filosofiko eta aurrerazalea da; bere bazkideen artean egiaren maitasuna, moral unibertsalaren, zientzien eta arteen ikasketa saiatzen da txertatzen, giza bihotzean abnegazio eta karitate sentimenduak desarroilatzen; erlijio tolerantzia, familiarekiko betekizunak; arraza gorrotoak itzali nahi ditu, nazionalitate antagonismoak, iritzi, sineste eta intereseenak, gizon guztiak Solidaritatearen lokarrian batuz eta elkarrekiko maitasunean bilduz. Azken finean, gizonaren kondizio soziala hobetzen saiatzen da legezko bide guztietatik, eta batez ere irakaskuntzaz, lanaz eta benefizentziaz. Dibisatzat Askatasuna, Berdintasuna, Anaitasuna, ditu".

        Herri, arraza, iritzi eta sineste bereizketarik gabeko gizartea eraiki nahi duenez, masoneriak eraikintza edo konstrukzioa hartzen du zibilizazioaren sinbolotzat. Konpasa eta kartaboia ageri dira bere enbleman. Bi osagarri ditu izenak: franc (libre) eta mason (konstruktore). Hiru masoik Triangulu bat osatzen dute. Lojia edo Tailerra zazpi edo gehiagoz egiten da, eta masonariaren lehen hiru gradoak ditu. Laugarren gradotik hemezortziraino ditu Kapituluak. Gradurik gorena hogeitamahirugarrena da. Munduan eraginik handiena duen erakundea Eskoziako Rito Zahar Onartua da. Sarrerako rito frantsesean berriz t.u.b.a.l. eta j.a.k.i.n. hitz klabeak ageri dira.

        Frantsestearekin sartuko zen masoneria Euskal Herrian, Napoleonen tropek estatu osoan sortuko zuten lehen Lojia Donostiakoa izan zen, 1.809an, uztailak hemezortzi zituelarik hain zuzen ("Les frères unis"). Hamabost fundatzaileak frantsesak ziren. Urte hauetan, masoneria bonapartista izango da, helburu politiko bat izango du. Lojia honen buru Thouvenot Gipuzkoako gobernaria izan zen. Hurrengo urtean "Les amis unis de Saint Joseph" sortuko dute Gasteizen.

        Geroxeago hogeitasei partaide berri izango ditu Donostiako Lojiak, Hauen artean español bat (Francisco Castro, legegizona, hogeitahemeretzi urte, Valladolidekoa) eta euskaldun bat, Leon Aldamar, getariarra, Thouvenot jeneralaren idazkaria, hain zuzen.

        Hilabete batzuk geroago, sasiko semea izaki, espulsatu egingo zuten Leon Aldamar (errespeto handia zieten orduko masoiek gizarte konbentzionalismoei). Frantziako Oriente Handiak errierta eman zien Donostiako lojiakoei, tribunal zibilen zereginetan sartzen zirelako batetik, eta Aldamar "arinki onartzeagatik" bestetik.

        Masoneriaren helburu filantropikoa baztertua gertatu izan zen maiz, eta erakunde klandestino baten egitura hartuko zuen, non militarrak, liberalak, abokatuak eta tranbiarioak konspiratzeko elkartuko ziren. 1.809tik 1.814ra bitartean frantseszale bezala konsideratuko da masoneria, errege intruso baten aparatoa baitzen, baina atzerriratu eta errefuxiatu askoren itzultzearekin, libertatearen ideolojiaren oinarrian ageriko da, indar berri batekin (Konsulta liburuak: Masonería española contemporánea, J.A. Ferrer Benimeli, Siglo XXI, 1.980, eta autore beraren lana Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, n. 13, eta Víctor Manuel Arbeloaren La Masonería en Navarra (1.870-1.945), Editorial Aranzadi, Pamplona 1.976).

        Frantsesak estatu españolean sartu baino lehen sortuko zen lehen lojia bonapartista española, Cadizen eta 1.807an. Hogei partaide zituen, hamasei frantses eta lau español. Bazituen hala ere, partaide libre edo ohorezko batzuk, eta hauen artean Thomas Ramezu izeneko bat, untzi kapitaina, donostiarra.

        Baina Euskal Herriak eman duen masoirik sonatuena Antonio Olabarrieta izan da, José Joaquín de Clararrosa, ezizenez. Menendez Pidalek aipamen bat eskaintzen dio Heterodoxos Españolesen, Pio Barojak artikulu bat egin zion, eta honen hiloba Julio Carok ere aipatzen du (Introducción a una historia contemporánea del anticlericalismo español. Ediciones Istmo, Madrid 1.980). Haren notiziarik zabalena ordea José M. Azcona y Díaz de Rada antiliberalak ematen ditu (Clara-Rosa, masón y vizcaíno. Madrid, 1.935). Liburu arraroa den arren, Donostiako Liburutegi Munizipalean topa ahal dezake interesatuak. Hartatik hartu ditugu datook.

        Antonio (de) Olabarneta Mungiako Ormatzlanda baserrian jaio zen 1.763an. Arantzazura bidaltzen dute. Ordenan sartzen da eta apaiz egiten. Baina Fray Antonio ez dago mendirako. Kapeilau hartzen du Real Compañía de Filipinasek, Cadizera doa eta Nuestra Señora de los Dolores fragatan untziratzen da Amerikarantz. El Callaon lehorreratzen da. Liman egiten du egoitza, eta bertako egunkarietan hasten da idazten. Polemikazale azkarra da. Itxi egiten dute berak kolaboratzen duen egunkaria. Beste bat sortzen du: Semanario Crítico. Gai desberdinak erabiltzen ditu, oso kezkatua ageri da jazkeren berrikuntzaz eta haurren haziketaz.

        1.792an Cadizera itzultzen da, baina urtebeteren buruan Amerikara hartzen du ostera. Mexikon gelditzen da, Axuhitlan-en parroko. Hemen "Hornos brutus" liburua argitaratzen du. Inkisizioak jotzen du. Edizio osoa erretzen diote. Deistatzat salatzen dute (Jainko bat sinetsi bai baina ez rebelaziorik ez kultorik onartzen ez duena), materialistatzat. Peninsulara igortzen dute, konbentu batetan itxi erazten.

        Ihes egiten du klausuratik. Estatu Batuetan finkatzen da, eta merkataritzari ekiten dio. Bi emazterekin biziko da. 1.805 arte munduan zehar dabil, New Orleans, Londres, Paris... Azconak dionez, kolonien ajente independentista bezala ibiliko da, baina dirudienez, eta Ferrer Benimeliri segitzen diogu, independentziaz geroztik sortu ziren lojiak Latinoamerikan. Ez zuen ordea zergatik masoia izan behar lan horretarako.

        Lisboan ageri zaigu Fray Antonio 1.815an. Beste bi emazte hartzen ditu. Bere lau emazteren izenekin izen sinboliko bat osatzen du: José Joaquín de Clararrosa (Josefa, Joaquina, Clara, Rosa). Mendiku tituloduna da.

        1.820an amnistia bat ematen du gobernu españolak frantsestuentzat. Clararrosak Cadizera jotzen du, liberalismoaren eta erreboltaren habira. Praileen eta apaizen kontrako hitzaldiak ematen ditu. Adiskide asko egiten ditu, eta inprimategi bat erregalatzen diote (La Sincera Unión). Diario Gaditano egunkaria sortzen du, eta ehundaka agiri eta panfleto argitaratzen. Cadiz kosmopolita eta errepublikazale honetan, Olabarrieta praile ohia, Clararrosa antidojmatiko eta ikonoklasta, personaia bat da. Katolikotasunaz eta Aita Santuaz trufatzen da, erlijio naturalaren aldeko aitortzen du bere burua. Cadizen asanbladak egiten ziren plazan (Errenderia bat iduri) eta sarritan hitzegiten zuen Clararrosak. Lekukoek diotenez, Clararrosa etorri handikoa zen, sutsua, demagojia tanta batekin.

        1812an Españako Oriente Handiak tetrarka izendatzen du Clararrosa Cadizen. Urte honetan bertan argitaratuko du bere "Diccionario Tragalológico". (Lastima, Hiriart-Urrutyk ez ezagutua!).

        Baina ordurako masoiek botere handiegia zuten, eta burokrataz eta arribistaz betea zegoen masoneria. Baseak ez zeuden ados direkzioarekin: masoi agintariak moderatu egin ziren piskanaka, eta Frantzian jakobinoak bezala, komuneroak sortuko ziren militante frustratuen tartetik. "Mandarinak" bataiatuko dituzte dirijenteak, "dorreak" lojiak, "Gaztelau Handia" Españako Oriente Handia, eta masoien ohizko kolore berdea utzirik, morea hartuko zuten (Gerora Errepublikaren banderan azalduko zena). Komuneria, apurka, masoneriatik bereziko zen. Komuneroek ordena ezarriaren hankaz goratzea bilatzen zuten, eta partaide asko bildu zutela dirudi. Bazen, haatik, komuneroena baino erakunde radikalago bat, carbonarios izenekoa, iraultzaile gogor eta ausartenek jasoa. Maiz kolaboratu zuten komuneroekin.

        Clararrosa, masoneriaz ernegatu gabe, komuneroekin batera ibiliko zen. Bere jokabidea ez zen masoi agintarien (mandarinen) gogokoa, eta Diario Gaditanon argitaratutako artikuluengatik kartzelaratu zutenean, ez ziren mugitu, utzi egin zuten prozesa zezaten (erregearen aurkako artikuluak aitzaki). Kartzelan hil zen 1822an, pozoindua zenbaiten ustez (Isturiz mandarinaren manuz...). Clararrosaren heriotzak (era erahilketak) Andaluzia osoa hartu behar zuen iraultza anarkista baten planak desegin omen zituen. Baina Clararrosa hil eta, masoi asko bilakatu omen zen komunero. Esan liteke beraz komuneroen aitzindari eta martiria izan zela Antonio Olabarrieta.

        Gaisorik sentitu zenean ez prailerik ez klerigorik azal zekiola agindu zuen, eta testamendua egitean fede aitortzaren artikulua apurtzeko esan zuen, ez zuela behar halako zozokeriarik ("farándulas"). Honela agindu zuen bere ehorzketa:

        "Es mi voluntad que, en falleciendo, se vista mi cuerpo con pantalón, botas y levita de lo que uso diariamente; que se me coloque en una caja con la Constitución abierta en las manos (luma bat ere ezarri omen zioten eskuartean, eta populuaren soberania aipatzen zen orrialdean zabaldu omen zioten Konstituzioa) y se me ponga, dentro de la caja misma, un ejemplar de cada uno de mis escritos.

        Se llamarán cincuenta pobres del Hospicio para que asistan a mi entierro, los cuales serán gratificados con un duro cada uno; llevarán velas encendidas y un ramo en las manos.

        Se dará una peseta a cada muchacho que pueda reunirse y todos irán cantando, con la música que se llame para mi entierro, canciones patrióticas, hasta dejarme sepultado en el nicho, habiendo de pasar mi cadáver por delante de la lápida de la Constitución".

        Cadiz osoa bildu zen ehorzketa hura segitzearren. Balkoiak eta leihoak leporaino, jendea kaleak betean. Isturizen etxepetik eraman omen zuten, mantso eta geldiro. Apaizik gabe, gurutzerik gabe, kandelarik gabe, Clararrosaren ehorzketa askatasunaren aldeko manifestazio bat izan zen. Manifestu bat argitaratu zuen Diario Gaditanok: "Ya no existe Clara-Rosa, habiendo sido arruinado, no por la vergüenza de los serviles, sino por la ingratitud y malignas y traidoras cábalas de los llamados liberales y sus hermanos" (masoi agintariekiko salaketa). "Sin embargo Clara-Rosa ha muerto con gloria sosteniendo su carácter firme y sosteniendo hasta el último instante la libertad agonizante. La sombra de Clara-Rosa seguirá siempre a sus perseguidores, cubriéndolos de ignominia eterna y devorando sus negras entrañas y sus pérfidos corazones, hasta que una muerte infame, no honrosa como la de Clara-Rosa, los separe de entre nosotros...". El Zurriago aldizkariak ere laudorioak eskaintzen dizkio: "Murió Clara-Rosa, editor del Diario Gaditano, cuya buena memoria correrá con aprecio de generación en generación; y en vano procuran mancillarla los enemigos de la libertad". Aurrerago "inprimategiaren heroea" bataiatzen du. Poemak ere eskaini zizkioten, alde batekoek zein bestekoek:

 

                Respeta, ciudadano, aquesta losa:

                bajo ella existe la ceniza fría

                del fuerte azote de la tiranía,

                del amigo del pueblo, Clara-Rosa.

 

                Cuando tu patria la coyunda odiosa

                de un Ministerio déspota sufría,

                le enseñó a resistir a su osadía

                el genio bienhechor que aquí reposa.

 

                Bajó a la tumba odiado, perseguido

                de los amantes del poder insano,

                pero su gloria le ha sobrevivido.

 

                Le llora aún el libre Gaditano

                le llora España, ¡ah!, lo ha merecido...

                Si le imitas serás buen ciudadano.

 

                Aquí yace Olabarneta,

                fraile, clérigo, casado,

                apóstata, procesado,

                escritor a la violeta;

                con pluma audaz e indiscreta

                insultó a la religión,

                deshonró nuestra nación

                y, a América revolviendo,

                todo lo anduvo royendo

                este maldito ratón.

 

        Ez gara gu izango praileak eta prailekondoak errebindikatzen hasiko garenak (prailekondoa Clararrosa ere, bere fanatismoan), baina eklesiastiko bikote garaikidearen ondoan (Vicente Manterola eta Santa Kruz), presentableago egiten zaigu Olabarrieta. Jatorrago, Jainkojale, gerrero odolzale, euskalari kargante eta marsiston lurutzatu guztiak baino. Indarraren eta naziotasunaren eskubidea dugula demostratzeko Santa Kruz errebindikatu behar baldin bada (entzunak gara holakorik mitin bat baino gehiagotan), guk Clararrosa nahiago. Maiteago dugu liberalismoaren ajente aurrerazale internazionalista ilun bat, zoroena delarik ere, halamoduzko "protogudari" fanatiko bat baino. Hemeretzigarren mendean liberal baino euskaldunago zirenak, euskaldun baino katolikoagoak ziren, tamalez. Juan de Garay baino aurrerazaleago noski, Bolibar baino gertuago dudarik gabe, Olabarrieta Clararrosa gure historia ttipian kontutan hartzeko euskalduntasun inolaz ere bezten ez duena, framazona izanik ere. Iparragirre baino erromantikoago.

 

XIX. mendearen amaieran sortuko dira bertako lojiak:

 

1970

Logia Cosmopolita Fraternal

Donostia

 

Logia Faro del Norte

Iruñea

 

Capítulo Faro del Norte

Iruñea

 

Logia Estrella del Norte

Bilbao

1872

Logia Luz de Vitoria

Gasteiz

1876

Capítulo Cosmopolita

Donostia

1878

Logia Obreros del Progreso

Tolosa

 

Capítulo Obreros del Progreso

Tolosa

1879

Logia Victoria

Gasteiz

 

Capítulo Victoria

Gasteiz

1885

Logia La Caridad

Bilbao

 

Capítulo Luz del Norte

Bilbao

1886

Logia Resolución

Zangotza

1888

Logia Esperanza VII

Bilbaoko desertua

 

Capítulo Constancia

Bilbaoko desertua

 

Logia Vega del César

Tutera

1889

Logia Euskaria

Bermio

1890

Logia Providencia

Donostia

 

Logia Luz de la Montaña

Iruñea

 

Logia Justicia

Tafaila

1893

Logia Luz de la Frontera

Irún

 

Capítulo Heroísmo

Donostia

 

Logia Provincial de Bilbao

Bilbao

 

Joaquín de Clararrosaren lanak:

 

        El luto de nueva España, o muerte del Capitán Mugier en la Inquisición de México. Tragedia en tres actos por el ciudadano José Joaquín de Clararrosa. Cádiz 1.820.

        Viaje al mundo subterraneo, y secretos del Tribunal de la Inquisición revelados a todos los españoles por el ciudadano José Joaquín de Clararrosa. Cádiz 1.820.

        Reflexiones políticas sobre diferentes artículos de nuestra Constitución, por el ciudadano Clararrosa. Cádiz 1.820.

        Teoría para la organización de una concordata que la nación española puede celebrar con S.S. para la reforma del clero, por el ciudadano Clararrosa. Cádiz 1.820.

        Diccionario tragalológico o biblioteca portátil de todo lo tragable por el ciudadano Clararrosa. Cádiz 1.821.

        Balneología médica teórico-práctica o arte de aplicar los baños a beneficio de la salud pública por el ciudadano Clararrosa. Cádiz 1.821.

        Cartas familiares del ciudadano José Joaquín de Clararrosa a Madama Leocadia, que da a la luz un amante de la verdad y amigo del autor. Gibraltar, 1.822. Liburu postumo hau, Clararrosaren beste batzuk bezala, Cadizko Obispoak debekatua izango zen.

        Liburu hauetaz gainera (eta Amerikan publikatu zuenaz), ezin konta ahala panfleto argitaratu zuen, Eliza eta Estatuaren arteko bereizketaren aldekoak batez ere. Polemika garratzak izan zituen aita Laso de la Vegarekin. Berari zuzendutako foileto haietako batetan, "agur nere adisquideac" idatzi zuen Clararrosak. Laso de la Vegak, euskaraz ez jakin eta, iraintzat hartu zuen. Aita Solchaga kaputxinoaren kontrako satirak. Javier Cienfuegos Cadizko Obispoaren pastoralen kritikak.

        Fernández de Castrok akusazio grabeak egingo zizkion Clararrosari: Diario Gaditanoaren bitartez Españaren aurka altxatzera animatzen omen zituen kolonietako amerikarrak (Euskaldun asko ibili zen independentzia borroketan, jatorrizko aberriaz ohartzeke, tamalez).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.