L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-12 (1981-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkuntza, hizkera eta erdera euskal narratiban

 

Mikel Hernandez Abaitua

 

Nere ustez —eta arazo honetan era guztietako iritziak emango dizkizuete— prosa literarioaren aurrerapen gehienak beti errealitatearekiko fideltasun etengabe batengatik izan dira (soilik dibertitzea bilatzen duen prosak ez du ezer desarroilatu, asumitu baizik). Errealitatea da aurrerapen guzti edo gehienen kausa bai gaien tratamenduan bai tekniken munduan. Normalean, eta modu arrunt batetan, prosa literarioari buruz hitzegiten denean fikziozkoa ala errealista dela esaten da baina askotan jendeak ahaztu egiten du hori konbentzio burdo bat besterik ez dela, zeren gogoratu behar da berriz ere errealitatea DENA dela, gertatzen dena da batzutan egokiago edo errezago dela bizitza modu magiko baten bidez ematea. Konturatuta egiten da hau batzutan, beste batzutan konturatu gabe baina beti errealitatearekin fidela izaten, kontrako kasoan historiak erakutsiko digu nola autore bat hori kontutan ez hartzeagatik debaluatzen den. Nik gauza inkreibleak kontatu ditzaket baina beti errealitatearen bizitza aportatuz. Esan dezaket, esate baterako, gizon batek gurutzegramak egiten dituela baina berez literaturaren metafora bat egin nahi dut eta mitifikazio hori ez da alperrikakoa, horrela texto bat aberastu egiten da; lehenengo plano batetan ulertzen bada esango didazue apaiz harek osan zidan bezala "hiri asko gustatzen zaizkik gurutzegramak ezta?" eta kuriosoa da ez dudala nere bizitza guztian bat ere egin; bigarren plano batetan, esan bezala, literaturaren metafora, hirugarren batetan artearena eta kreazioaren generalean. Istorio inkreibleak diren kasoan oro errealitatea da. Izan daiteke Kafkaren kasoan bezala pertsona bat "intsektu izugarri" bat bihurtzen dela, zeharo alienatzen dela esateko, baina izan daiteke ere subkonszientearen arazo bat erakusten digun istorio harrigarria. Dena da errealitatea eta horregatik fidelak ez bagara oso peligrosoa da narratzeko orduan zeren hizkuntza baten barruan hizkera asko dago eta esanahiak eta formak elkar osatzen dute, horrela izanik gai bati oso ondo egokitzen zaion forma bat ez bada jartzen ez da lortuko nahi zen efektoa, zerbait faltso ateratzen da, zeren azken finean formak ere esanahia sortzen du (gure itzultzaile berriek ere oso kontutan hartu beharko lukete hau).

        Askotan esaten da narrazioaren barruan iraultzarik inportanteena ikuspegi edo ikusmoldeen aberastasunarena izan dela baina hori oso azalki esatea iruditzen zait. Gehiago konkretatuezkero ahotsen iraultza izan da narrazioan eman dena eta horrek ekarri du ez bakarrik narrazio abangardistetan holako prozedimenduak inkorporatzea baizik eta narrazio klasikoa egiteko orduan ere eragin hori nabaitu da. Hori beti gertatzen da, alor guztietan, ezin daiteke, esate baterako, jazza jo mende hasieran jotzen zen bezala Be-Bop-aren erreboluzioa eta gero, ez da posible, jazz klasikoago bat egin nahi izan zenean berriaren aztarna somatzen zen beti.

        Oso normala da iraultza ahotsena izatea zeren azken finean Oscar Taccak apuntatzen duen bezala ahotsena izan da problema betidanik, ahotsek jasotzen dute errealitatea, literatura ez zen Stendhal-ek esaten zuen bezala errealitatea jasotzen zuen ispilua. Ez ziren imajinak, hori filma da. Modu klasiko horretan beraz, zeintzu ziren ahotsak esatea ez da batere zaila: narradorearena eta pertsonaiena. Ikuspuntuak baino gehiago elemento hauen ahotsak aldatu dira eta dena, nere ustez, errealitatearekiko fideltasun handiago bat emateko. Egia da bestalde, nahiz eta kontradiktorioa irudi, monologo interiorea bukatua dagoela —nolabait esateko—, J. Benet-ek dionez "Hoy en día no sirve para nada, ni tan solo para el humorismo", baina Joyce-k bere Ulisses-en erabiltzen duen modu arruntagatik dio hori (egia da nahiz eta Ulysses admiratu, super arruntasun horrek nazkatu egiten gaituela, nahiago dugu Atxaga edo Hawthorne irakurri, baina hori beste arazo bat da). Lehenengo monologo arruntek beste literarioago batzuei utzi diete pasoa monologo interioreak duen ilogikotasun erreal hori aztarna bezala uzten. Esandako aurrerapenak autorearen "impassibilité"a ekarri zuen (Flaubert), objetiboagoa egin zen, errealagoa, ez baikenuen kasi nabaitzen bere presentzia. Oso kontutan hartzeko da hori, zeren behin batean J. Azurmendik esan zuen, joan den mendean egiten ziren narrazioak bezalakoak egin behar genituen gaur, baino problema da: Balzac-en modura ela Flaubert-en modura? Eta ez dago dudarik bigarrenaren modura nahiz eta klasiko idatzi, inpensablea leku desarroilatu batetan, baita leku subdesarroilatu batzutan ere, Sudamerikan esate baterako, baina zoritxarrez zeharo posiblea da gurea bezalako basamortu batetan. Norbaitek esaten zuen Flaubert ondoren oso problematikoa bihurtu dela idaztea. Erdaraz aurrerapen minimoekin egindako literatura bat irakurtzera ohituak gaudenezkero nazka sortzen digute —eta dolorea ere— hemengo modu literario narratibo batzuk. Gero aipatuko ditugu autore batzuk (tristea da gogorra izan beharra, tristea borondate onez egindako gure literaturatxo honetan). Galdetzen zioten orain dela gutxi Sarrionandiari "eta zergatik kokatu zenituen zure ipuin horiek Txinan eta New York-en?" — "Bestela ez zuen inork sinistuko". Hori da errealitatearekin intuitiboki fidela izatea.

        Aurrerapenak pertsonaien hizketa errealago bat ekarri zuen, bai hauek hitzegiten ari zirenean nola pentsatzen ari zirenean ere. Eskerrak gure prosista batzuk ulertu dutela, horiek izango dira gehien gogoratuko direnak. Hemen, problema, izugarria bihurtu zen derrepente. Euskal Herriak aurrerapen ekonomikoarekin batera erdalduntzea ezagutu zuen, eta horrek bilinguismoa, eta horrek neurri berean euskararen aldaketa bat. Euskaldunak erdaraz eta euskaraz hitzegiten du erdaraz josia, ez bakarrik "erderismo"z josia. Hortaz, literatura unibertsalaren historian narradorearen ahotsa gero eta gehiago desagertzen bada eta pertsonaiena aldiz gero eta gehiago azaltzen bada, nola soluzionatu problema euskaraz idaztean, euskaldunak erdara-euskara batean hitzegiten badu, nola, euskaldunak erdaldunekin erdaraz hitzegiten baldin badute. Faulkner-ek, Marquez-ek edo Benet-ek sortutako lurralde mitiko bat sortzen badugu ez da problema, hizkuntza homogeneo bat erabili dezakegu —hemen sartzen dira Atxaga eta Sarrionandiaren ipuinak edo "Haur besoetakoa"— baina idazten Euskal Herriko erreferentzia konkretoak azaltzen badira, ez da posible dena euskaraz jartzea —hori da "100 metro"-ren kasoa—. "Egunero hasten delako" esate baterako, ez da lurralde mitiko batetan kokatzen eta ez du halaz ere erdararik erabiltzen (kasi) baina kaso honetan aldaketa automatiko-inkonsziente bat egiten dugu. Agertzen diren dato geografikoak (errealak eta irrealak) eta frantsesa momento klabeetan agertzea dela medio, frantsesa-euskara (edo aldrebes) aldaketa egiten dugu. Ekintza guztia linguistikoki homogeneoa den lurralde batetan kokatzen da.

        Gure literaturan hizkera, bi moduz faltseatu egin da; lehenengo, normalean erabiltzen diren hitz erdaldunen trukean neologismo horribleak egiten —bereiztu behar da noiz erabili daitezken neologismo horiek, ez da berdin hizkuntza administratiboa, narradorearen hizkera eta pertsonaiena, eta errealitatearen traidoreak izan nahi ez badugu, oso kontutan hartzekoa, zeren irakasle batek esan zidan bezala, bere euskarazko ikasleak adierazi zioten bezala, nahiago zuten Aresti irakurri Gereño baino, jendea ez da tontoa nahiz eta inkultoa izan daitekeen, nahiz eta irakurtzeko ohitura handirik ez izan—. Jendea segituan konturatzen da Gereñoren simulakro-hizkuntzaz, intuitiboki balo ere; faltseatzeko bigarren modua, nahiz eta euskaraz idatzi euskara jartzea da erdara den lekuan. Bi faltsotasun hauek konplejo batetik etorri izan dira eta super nazionalismo batetik ere bai. Baina badirudi askotan gure frustrazio nazionalista literaturarekin garbitu nahi dugula. Gauza guzti hauek, beste modu batetan bada ere, esanda daude anitz lekutan baina zeharo beharrezkoa da behin eta berriro esatea zeren herriak ez ditu oraindik ezagutzen edo ez du oraindik ere konturatu nahi, batez ere herriaren parte semikulto konkreto bat baldin bada. Ahozko hitzak suministratzen ditu texto handiak, ez inbestigazioak (John Dos Passos) eta hortik dator problema, desioa eta errealitatea diferenteak izatetik.

        Sarrionandiak bere lehenengo liburuan erabiltzen duen hizkuntza selektoa oso ondo egokitzen da egiten duen poesiarako edota pertsonai mitiko batzuentzat ("bestela ez zuen inork sinistuko"), baina ez "100 metro"-n agertzen den pertsonaiarentzat. Parregarria izango litzateke kaleko batek horrela hitzegitea. Parregarria gendarme batek detenitu behar duen jubilatu batek horrela hitzegitea G. Garateren ipuin batetan, Asterixen ipuin batetan balego bezala dioenean: "— Gure zakurrari ondoeza egin zaio, buruzagi jauna", batez ere gendarme frantses bat izanik.

        Batzutan ez da baserritarrismoaren problema edo konplejoarena, literatura zer den jakitea da problema. Autore batzuk uste dute literato ona izateko nahiko dela hiztegi aberats bat eta historia bat edukitzea baina Borgesen hitzak signifikatiboak dira: "aconsejaría más bien la pobreza de vocabulario que el exceso de riqueza. Hay un defecto moral que suele advertirse en la obra, y ese defecto es la vanidad".

        Neologismoaren problema ez denean aditz sintetikoarena izaten da, haien erabilkera ez da oso akonsejablea holako literatura mota batetan zeharo beharrezkoa ez bada (eta gutxitan izaten da). Egunen batetan (telebisioaren poderioz) beharbada, normalak egingo dira aditz horiek eta hiztegi batzuk, baina ez dakigu guztien artean zeintzu izango diren. Orduan bai, bere momentuan erabiliko genituzke baina orain ez, literatura portzelanazko produktoa da, enkantoa oso errez hautsi daiteke. Eta hemen maiz hautsi da, ez genituen beste medioekin egin behar zena literaturarekin egin nahi izan delako.

        Problema ondo ulertu duten autore batzuk, Saizarbitoriaz aparte, Joxe A. Arrieta eta Arantxa Urretavizcaya dira. Arrietaren nobela bakarra edozein lekutatik irekiezkero konprobatzen da:

 

<sangria>        "Los paraguas de Cherburgo" pelikula egun hauetan ari dira botatzen Donostian, ez al duk ikusi?", "ez... 'para mayores' izango duk, ez?".

 

        Baina badirudi Kintanak ez duela problema hori sekula ikasiko. Goazen ikustera nola honen obra batean liburu baten tituloa eman behar duenean erretxazoa sortzen duen. Segituan nabaitzen dugu zerbait faltso dagoela:

 

<sangria>        "Duela urte asko, demokrazia hitza bera ere galerazia zen garai beltzean, Zezeniako koartel batetan ba zen mutil bat, Vargas Lloraren Hiria eta txakurrak elaberria irakurtzen zuena".

 

        Arrietak ez du pudorerik sentitzen "Los paraguas de Cherburgo" esaten, badaki bestalde ezin duela eduki. Kintana aldiz parragarria gertatzen da "La ciudad y los perros" ez esateagatik "Hiria eta txakurrak" dionean, baina badakigu Kintana nola expresatzen den. Problema ulertu ez duela bere banitateak azaltzen digu ipuin hori dagoen liburuan irakurri daitekeen prologoan: "zenbait idazlek, gainera, hori gazteen usarioa dela eta, lexiko barbaro eta joskera aberranteenak berengana eta liburuetaratu dituzte..." (ez al da egia tipo hau haserratzen denean errealago idazten duela?). Baina behin eta berriro esango dugu, guzti hau inferioritate konplejo batengatik, hizkuntza nazional politiko batengatik eta asko sufritu arazten dien arrazoengatik ematen direla praktika horietara (borondate onez). lkusi bestela nola jarraitzen duen Kintanak esandako prologoan: "Ene iritziz, gaizki hitz egiten dutenei are okerrago egiteko justifikazioa eskeintzen dietenek, barruan, jokabide likidazionista daramate, eta jendea, gazteria batik bat, horrela mintzo delako arrazoia onhartzean, gure Herria hain dependentzi egoera umiliagarria ekarri duen politika genozida bera ere ontzat ematen dute inkontzienteki". Hor daude seinalatzen aritu garen elemento gehienak. Berak esaten du "gaizki hitz egin", eta hori da problema ere: gramatikoaren konplejoa, Academia Español normatiboak kutsatu dion autarkia linguistikoa, aita-konplejoa: "Brilla y dar esplendor".

        Arantxa Urretavizcayaren kasoa Arrietarena bezalakoa da, liburu osoa da ejenploa ("Zergatik panpox"):

 

<sangria>        "¿Señora de? Biok esan beharrean hirurok esatera oraindik ere ohitu ez nintzanean, Txemak alde egin zuen".

 

        Eta beste batean:

 

<sangria>        "Esterileta jarriez gero, badaki batzutan odolak derrepentetan ateratzen. Total, azkeneko urte honetan esteriletak egin didan mesedearengatik. Lehen behintzat, Txemarekin, reglak bazuen alderdi on bat".

 

        Ikusten da erdararen sartzea, "Señora de", "regla" ez "erregela", oso diferentea da, "derrepentean", "total". Hori da hizkerarekin sintzeroa izatea.

        Gogoratu behar da gaur egun topikoa izatera ailegatu den afirmazioa: Mendebaldeko hizkuntza literarioa bat dagoela (prosan) nahiz eta hizkuntza nazional asko egon. Hori literatura, nazionalismo absurdoaren ideia baino zerbait unibertsalago bat delako. Gure kasoan nazionalismoa nahi izan behar da, baina segun zergatik eta zertarako, eta ez obsesio edipiko bat bezala.

        Bernardo Atxagak ere ondo ulertzen du arazoa, eta bere kasoan narradora omnisziente bat erabili arren beste modu diferente eta rnodernoago batetan erabiltzen du. Ez du hiztegia faltseatzen, ez da narradore pedante bat, hizkuntzaren problemak oso ondu soluzionatzen ditu, aditzaren problema ondo konpontzen du berbo mastodontikoak erabili gabe. Autore guzti hauengan hautaketak ez dira kasualitatezkoak inolaz ere, desarrollo eta gogoeta batzuen ondorioa baizik.

        Bide hauek ez dira berriak Euskal Herrian (gogoratu XVIII. mendean Muniberen "El borracho burlado", prejuizio nazionalistarik ez zegoenean; obra bilingue bat zen hiztegi-lotsarik gabe: "Lienzo preziatua", "primeroko suertekoa"...) ez dira berriak kanpoan ere; Malcolm Lowry-ren "Under the Vulcano" hartzen badugu ejenplo franko aurkituko dugu: "On the main terrace of the Casino drinking anis", "Oh, I know, but we got so horrible drunkness that night before, so perfectamente borracho...", "No se puede vivir sin amar, M. Laurelle said... As that estúpido inscribed on my house", "— But hombre, Yvonne carne back". And so on.

        Hizkera berezi bat dago —euskaraz ere— gai bakoitza tratatzeko eta askotan autore batzuk uste dute euskara bat bakarra dagoela, edo erabili daitekeela, hizkuntza literario bakar bat literaturaren barruan, eta hori ez da posible inolaz ere.

        Hobe bai prosa urbano bat kaleko jendearentzat idaztea, publiko euskaldun irakurle urri horrentzat, eta ez gure gramatikoen desioak asetzeko. (Oharra: aukeratu ditugun obra euskaldun guztiak ez dira orain dela hamar urtetakoak, problema oso bizirik dagoela azaldu nahiean, gaur gaurkoak hartu ditugu: Lehortean, G. Garate, 1980. Zergatik panpox, Arantxa Urretavizcaya, 1979. Abuztuaren 15eko bazkalondoa, 1979. Nazioarte ipuinak, Xabier Kintana, 1980.).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.