L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-13 (1981-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal abestia hil da, gora rock & rolla

 

Xabier Montoia

 

Artikulutxo hau hasi baino lehen, sektario ez izateko helburua, jarri nion nere buruari. Ahal nezakeen neurrian objetibitatetik gertu ibili, edo ahal zitekeen gertuena behintzat.

        Helburu txalogarri horrekin ihardun naiz ordu pare bat, aurten eta joan den urtean kaleratu diren euskal-diskak, entzuten. Hori experientzia gehiegizkoa, hori! Ordu pare bat pasa behar izan ditut aditzen gure emakumeen ahots garbi eta gardenak, gure poeten poema meta-supra-infra-poetikoak, gure musikalarien arreglo barroko eta eklesiastikoak, ohizko kaka zaharra, bi hitzetan.

        Azkenean, ezin bestean, utzi egin dut, ez naiz masoko eta. Euskal-diska guztiak bazter ilun batetan gorde egin ditut eta nere "Cabretta" (Rosita, donde vas con mi carro, Rosita?) zahar eta maitea, orain alai eta jauzlaria entzuten da nere gelan. Beraz, saltsan sartu aurretik, argi eta garbi azalduko dizuet: sektario izatea erabaki dut.

        Orain ez dela gehiegi euskal abeslari eta musiko batzuk manifestu bat, euskal-musikaren egoera latza eta negargarria salatuz, argitara eman zuten. Manifestu horretan agertzen ziren arazoen artean, jaialdi eza aipatzen zen. Badirudi, bizpahiru urte zoriontsu igaroz gero, gure musikalariek ez dutela lanik. Hau, beraientzat, inperialismoaren konspirazio bat edo, litzateke. Errudunak? Betikoak: diskaetxe multinazionalak, F.M.ak eta abarrekoak.

        Euskaraz egindako musikaren egoera (euskararen egoera orokorraren barruan) penagarria delakoan nago neu ere, baina ikusgarria da benetan egiaztatzea nola manifestu osoan zehar ez dituzten behin ere haiei dagozkien erru, hutsune eta errespontsabilitateak aipatzen. Badirudi, haiek ez dutela inongo okerrik egin, ez dutela inongo errespontsabilitaterik egoera honekiko, garbiak daudela, film honetan onak direla eta besteak, ostera, gaiztoak edota etsai goibelen aurrean abertzaletasunaren zutabe sendoak izan direla edo auskalo. Eta ez horixe!

        Autokritikaren garaia iritsi zaie gure abeslariei edo jubilazioarena, apika.

        Izan ere, jendea (edo gazteria hobe esan) asperturik dago haien rolloaz. Aseak gaude erdiaroko erromantzetaz, zelai berdeetaz, euskalerri mitiko horretaz. Gauzak aldatu behar baldin badira, ez dira musika aspergarri eta astun horrez aldatuko. Ziur egon zaitezkete.

        Frankismoaren pean heldu eta borrokatu zuen belaunaldi horri gustatuko litzaioke (eta badirudi azken bolada honetan haiei ere ez zaiela gehiegi atsegin eta haiek inperialismo musikalaren besoetan erori direla ere. Ikusi bestela azken bi jazzaldiak, edo rock & roll-a bakarrik ote da inperialismo musikala?) baina gazteei ez. Rollo berberaz jarraitzea ez deritzazue atrebentzia gehiegizkoa?

        Franko hilez gero, gauza ugari gertatu dira (zoritxarrez ez guk nahi izan genukeen adina baina...) euskal gizarte eta nazioarteko musikan ere bai. Hainbeste promexatu zuten, hain iraultzaileak izaten ziren alderdiek ez dute ezer aldatu eta oso erosoak sentitzen dira haien kargoetan. Langabezia areagotuz joan da, eta zertarako jarraitu, ez dizuet mitina bota nahi. Hau errealitatea da eta hau abestu behar da.

        Musika arloan gauza bera. Punk-a agertuz gero, gauzak aldatu ziren, zeharo. Betiko talde pakidermoak hil ziren, haien lekuan talde mordo bat sortu zen hiri handietako garajetan, zenbait lonja zikin eta txikiegitan. Profesionalen sasoia amaitu da eta orain edozein mutilak bere musika —ekipo txar batez, musikarik jakin gabe— egin dezake. Bere sinismen edo sinesmenik eza abes dezake. Musika urbano bat (eta ez naiz Iñaki Eizmendiren musika urbanoaz ari, jakina).

        Euskalerrian ere gertatzen ari da. U.H.F., Mogollón, Asco, Vulpes, M.C.D., izen batzuk dira bakarrik. Zer egiten dute?

        Gure egoera adierazten, azaltzen, kantatzen eta kontatzen duen musika bakarra. Ipurdia eta burua mugiarazten digun musika. Rock & Roll-a, alegia.

        Aipatutako talde guztiek erderaz egiten dutela ez dugu esan behar. Zergatik talde gazteak jotzen dute erderara?

        Zergatik lehenago "canta-autore"ek oro, euskara ez jakin arren, euskaraz egiten zuten eta orain alderantziz?

        Nork erantzungo lioke galdera honi? Manifestua izenpetu zutenek, agian?

        Izan ere, identifikazio bat gertatzen da. Euskara-euskal musika: muermo edo asperkeria. Beraz, asperkeriaren aurka dauden gehienek erderara jotzeak badu bere lojika, ezta?

        Beste disglosia bat gure euskara gaixoarentzat.

        Zorionez, salbuespen bat badugu ere, Santurtziko "Zarama" taldea. Haien abestiek euskalerriaren egungo errealitateaz mila azterketa soziologikok baino gehiago esaten dute. Entzun bestela bere kanta "Bildur naiz" eta harritu zaitezte "Jalgi-Hadi" hirugarren maila batez eta esateko zerbaitez egin daitekeenaz.

        Ez naiz gehiago luzatuko, beste zenbait abertzaleri bezala nere goiko auzoari ez zaio rock & roll-a gustatzen eta nere gelako sabaian ari da joka. Hau bizi-modu petrala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.