Enbido bietara eta hordago paretara
[erantzunez erantzunen]
Josu Landa
Amatiñori, enbido
Hire erantzunaren berri jaso nuenean, egia esan, urduri samar jarri ninduan hire alturako tipo batek eman ziezadakeen erantzunagatik. Erantzuna bera irakurtzerakoan, berriz, lasaitu egin ninduan, hain huen huskeria heuk botatako artikulua. Baina zuhurra, hori bai, eta tingladoa gertutik ezagutzen ez dutenentzat sinesgarria akaso. Pulpitotik ihardutakoaren gisa: pulpitoa besterik ez.
Bai, abila haiz, Amatiño. Eta horrexegatik hago agian hagoen kargo politikoan. Baina geu ez gaituk era horretara engainatuko (gai honetan bederen).
Hasteko, eta jaurlaritzaren aferari buruz, esango diat ez dioala inondik ere erantzun nik salatutakoari. Nik bi gauza salatzen nizkian alde horretatik Jaurlaritzak euskal prentsa akatu nahi zuela argudiatzearren. Bata, Aldundiaren Hizkuntz Kontseiluan botatakoak, eta bestea, Jaurlaritzaren subentzio eskasa.
Lehenengoari dagokionez, zenbait argitasun:
1. Hik esaten duk Jaurlaritzak ez duela egunkarietarako subentziorik eman, eta beraz ez duela horien alde erabaki politikorik hartu. Baina hori ez huen nik salatzen nuena, Txabarrik eta herorrek Aldundian botatako eritziak baizik, egunkarien aldekoak eta gainerakoen kontrakoak alegia. Eta egia da zuek horren aldeko eritzirik eman zenutela. Horra hor froga hire artikuluan bertan, ez bait dituk zeuon hitz horiek desmentitzen. Beraz esan egin zenituzten, esan.
2. Aitzakitzat jartzen duk aholkulari gisa besterik ez zindoaztela, eta konforme geudek horretan, baina horrek ez dizue erantzunkizunik kentzen. Aholkulari, bai, baina Jaurlaritzaren eritzia azalduz, ezta? Nik eritzi horri eraso nioan, eta ez Aldundiaren erabakiari. Hik, berriz, ez duk behar adineko gizalegerik agertu hire burua defendatzeko, eta Aldundiari pasa diok erantzunkizuna. Ez pasa besteei zuena dena, eta eritzi horien erantzule zeuok zarete.
Ikus dezagun orain bigarren puntua, Jaurlaritzaren subentzioena, eta badirudi punto honetan aurrekoan Aldundiari pasa nahi izan dioan bezalaxe Legebiltzarrari pasa nahi dioala pilota. Eta pilota hirea duk neurri handi batetan. Egia duk heuk dioan legez demagogia edo zuzentasuna urteroko aurrekontuetan arkitu behar dela, baita horiek onartzen dituen Legebiltzarrean ere. Baina ez gaitezen engaina. Aurrekoa bezain egia borobila duk aurrekontu horiek alderdi konkretu batena den gobernu batek aurkezten dituela, eta heu gobernu horretako kargu politiko batetan hagoela. Hori duk hire erantzunkizuna. Era berean, egia duk aurrekontu horiek onartzen dituen Legebiltzarrean gobernua eskutan duen alderdi berak duela gehiengoa. Garbi dago, beraz, subentzìoen erantzule Jaurlaritza dela, eta ez pasa berriro besteei zuei dagokizuen erantzunkizuna.
Eta bada gauza grabeago bat. Jaurlaritzak kultur kontuetan bere politika aurrera eramateko erabiltzen ari den arintasunez gain, okerrena da gerora. Kontuak eskatzen zaizkionean, badirudi ez duela bereak direnen erantzule izan nahi. Hori da grabeena. Gure ustez, 13. alean salatutakoei ez dizkie erantzun Amatiñok, eta ondorioz, esperoan gaitu oraindik. Baina haiek ajola gutxi, jakina.
Gainerantzekoan, hire ustez Zeruko Argiaren beherakadaren arrazoina zein den botatzen duk, azkenik euskal astekari batek zein etorkizun lukeen esanez bukatzeko. Esaten duanez, zuen garaiean asmatu egin zenuten katxarro on bat egiten, eta zuek utzitakoan, "pertsona bakoitzaren gaitasunaren araberako galbaheketa han gertatu" omen zen. Eta lasai gelditu hintzen tamainako umekeria boteaz. Bazirudik ez duala aitortu nahi zuen garaiean euskal aldizkari batek gaur egun erdal medioek betetzen duten eremua bete zezakeela, zuen garaiean posible zela euskaldun guztiak ikurriña eta amnistiaren inguruan biltzea, orduko publikoa ez zela oraingoa bezain esijentea, ezta oraingoa lehengoa bezain militantea ere, etabar, etabar. Datu gehiegi ahantzi dituk azken finean hire komenientziazko azterketa eta ondorio batzu ateratzeko. Seriotasunik gabeko umekeria.
Are umekeria handiago milioiena eta dirua irabazten dugula horrena. Farragarria oso, baina kabreante tamalez, erabilitako demagogia zikinagatik. Garai desberdinetako datuak erabiliz, eta zenbait datu modu tendentzioso batez ahantziz inpagatuak, kolokatu gabeko ale mordoa, etabar salakizun gogor eta faltsuak botatzen dituk. Gure datuak oso garbi dizkiagu, eta nahi duenak ikus bitza harpidedunei bidalitako gutuna edota 921. zenbakian argitaratutako datuak. Badakigu Amatiño jaunak ez duela hainbesteraino bizkarrezurra makurtuko, baina behintzat ez dezala hain demagogia merkerik egin. A! eta eskertuko genioke Amatiñori bere datuekin noia argitara daitekeen astekari bat kontatuko baligu. Berak metodorik aurkitu badu behintzat...
M. Atxagari ere, enbido
Hurrengoa zu suertatu zara, Mikel. Lau puntu ukitzen dituzu eta banan bana baina labur erantzun nahi nieke.
Lehenengo biak Zeruko Argiaren zabaltasunik eza frogatzera omen doaz: bata zure editorialeena eta bestea Alustiza eta L. Azurmendirena. Zure editorialeena, desdeluego, farregarria da. Beste alde batetatik begiratzen badugu, nola deitu diezaiokegu aldizkari batetan bertan lanegiten ez duen bati askatasuna osoz editorialeak eskribitzen uzten zaionean? Nik pribilejoa deituko nioke. Ongi beraz. Zu pribilejiatu bat izan zinen kanpoan zeundela editorialeak eskribitzen uzten zizutelako. Hori bai, egun batetan erredakziokoek, asumitzen ez dituzten editorialeak argitaratzea ez dute ongi ikusten, eta eskatzen dizute editoriale horiek sina ditzazun. Zuk ez diozu zure pribilejio horri uko egin nahi, eta utzi egiten duzu idaztea. Hori al da zabaltasuna eza? Ez dut uste.
Gero, Alustiza eta L. Azurmendiren kasua. Aurretik, premisa bat: Zeruko Argiaren historian inork ez du inor kanpora bota, joan dena bere kabuz eta bere erabakiz izan da. Hala izan zen bi horien kasua. Zuk aipatzen duzu arrazoin bezala biak EEkoak zirela, baina badirudi ez duzula ikusi nahi bi horietaz gain bazeudela beste batzu partidu horretakoak eta horiek ez dutela horrelako arrazoinik eman. Beraz, bakoitzaren fantasia-ahalmenari ere bere lekua utzi behar zaio. Bigarren premisa berehala dator: Zeruko Argiaren historian ez zaio inongo artikuluri ezetz esan ideologi kontuengatik. Konklusioa errenkan dator beraz: Inoiz ez da zensura ideolojikorik aplikatu.
Dena dela, eta bakoitzak aldegindako bakoitzak egin ditzake nahi dituen interpretapenak zergatik utzi zuen esplikatzeko, nik badaukat beste arrazoin pisukoago bat orain arte aipatu ez dena: dirua. Hau da, Zeruko Argian segitzeagatik hogei mila durotako soldata eskainiz gero, aldegindako zenbatek egingo luketen hanka? Erantzuna segidan dator, eta txarrena da orduan ez litzatekeela hitzegingo ideologi desberdintasunez. Eta zeuk ere, Mikel, zeure buruari aplika diezaiokezu apika kontu hori.
Hirugarren puntua derrigorrezkotzat jotzen duzuen zabaltasunarena litzateke, bai zuk eta bai Amatiñok beharrezko ikusten bait duzue etorkizunari begira iraganean urri izan omen den zabaltasuna. Zure hitzetan, "profesionaltasunak eskatzen duen zabaltasuna". Barkatu, Mikel, baina iruditzen zait, ez zeu eta ez Amatiño ez zaretela adibiderik garbiena zabaltasun hori zertan datzan erakusteko. Ikus bestela zuen bion esperientzia "Deia"n (egunkari zabala, ezta?) Zeruko Argian zuk idatzitako editorialeak (estatutua, konstituzioa, etabar), edota Amatiño Lakuako jeriatrikotik aurrera eramaten ari den kultur politika. Horiek baldin badira zuek eskatzen duzuen zabaltasunaren adibideak, mila esker, baina ez dugu horretan sinesten.
Geronek, berriz, benetako zabaltasun independiente baten alde egiten dugu apostu, Amatiñok akusatzen gaitu ez dugulako instituzioen oihartzun aski gure orrialdeetan, eta ez da egia. Gertatzen dena beste zera da: Jaurlaritzaren ustez, gaurko instituzioetan konfidantzarik ez dutenek ez dutela hitza merezi, eta horren arauera ari dira jokatzen orain arte. Gure ustez, berriz, euskal kulturaren barnean gehiengo inportante batek ez du instituzio horietan sinesten (beste gehiengo inportante batek sinesten duen bezalaxe). Guk, ARGIAren orrialdeetan bi joeratakoei uzten diegu lekua. Zuek, berriz, batzuri soil-soilik emango diezue sostengu. Gure zabaltasunak amorratzen zaituzte, eta zuen hertsitasunak mugatzen. Gainerako guztia planta da, itxura gorde behar hutsa.
Zurekin bukatzeko, Mikel, "Argia" izena eta kooperatibarena argituko dizut. Hamar mila pezeta jarri zenituztenon kontu hori eta beste guztiaren berri, ARGIAko inork ez zuela, eta ezin, beraz, gomitarik egin. Berri izatekotan, K. Ezeizak, E. Garmendiak edo P. Iparragirrek izango zuten, baina jakin beharko zenuke era berean guzti horiek dimisioa presentatua zutela ARGIA martxan hasi ordurako, eta ondorioz norbaiti leporatzekotan haiei leporatu beharko diezula, ez ARGIAko inori: Gainera, esango dizugu, kaputxinoekiko negoziaketetan beti ZERUKO ARGIA izenaren bila joan ginela, eta haiek ARGIA eskaini ordea. Orduan, norbaitek izena lapurtzekotan, haiek lapurtu zizueten.
Bukatzeko, ohar bat nire partetik. Iruditzen bait zait neu gehiegi arduratzen ez nauten arloetaz ari naizela, hau da, Zeruko Argiako kontuetaz ordukoek hitzegin behar luketela. Nik astindu beharrean, beraiek astindu beharko dituztela trapu zaharrak. Dena dela, ez dut uste ihardute horretarako ez grina ez sasoi izpirik izango dutenik, baina neronek asmoa hartua daukat gehiago dagozkidan asuntoetaz arduratzeko (ARGIA), hainbeste ez dagozkidanetaz baino (ZERUKO ARGIA).
"Oh! Euzkadi"koei, berriz, hordago
Eta beste artikulurik alperrik ez gastatzearren, utziko didazue "Oh! Euzkadi"kook artikulu honetan bertan zuei dedikatutako lerro batzu idazten. Mila esker.
Bai, Amatiño eta M. Atxagari enbido, eta zuei hordago. Esplika dezadan zergatik. Zuek inoiz kultur kritikarako plataforma bat izan nahi izan bazenuten, edota asmo horrekin jarraitzen bazarete, nire ustez oso bide okerretik zoazte eta. Bestela, nola interpretatu daiteke UZEI/Mitxelena asunto eterno honetatik ateratzea okurritzen zaizuen gauza bakarra zera esatea izana: "Mesedez, Ibon, ez hadi Ameriketara joan" (editorialea dedikatuz gainera). Ez da serioa. EAJko gobernua kistorenak eta bost egiten ari den bitartean, zuek ez duzue posturarik hartzen inongo gairen aldetik. Eta txarrena ez da posturarik ez hartzearena, azterketa berririk ez aportatzearena baizik. Hor daude, esate baterako, Euskararen Normalkuntzarako Legea, Ikastolen konbenioa, Aholku-kontseilua, Irrati-telebista, Antzerkia, Prentsa, Unibertsitatea, eta nahi adina luza daitekeen zerrenda. Zuek, berriz ez duzue horien itzalik ere jaso gutxiago oraindik kritika nahiz azterketarik osatu eta barkatu, baina hori ez da serioa.
Orrialdeak betetzea ez bait da aski. Komunikabide bakoìtzak bere lekua aukeratu eta ongi betetzen saiatu behar du, eta zuek plataformarena aukeratu bazenuten (lehen aleko editorialea) saia zaitezte betetzen, baina gaur arte uste apalez baina bihotzetik ez duzue betetzen asmatu.
|