L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-3 (1993-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gabriel Arestiren hiru gezurrak

 

Iñaki Garziarena

 

               I

Orain Gabriel Aresti

gogor hartu behar dugu

erran zizkigun gezurrengatik:

eskertzeko ere bai

hain hizkuntza zurtzean

hain egoera nahasian

hurkoen ordain lehorrean

egindako eskaintzagatik

oraindik ere, urteen buruan

baliagarri den berboan

emandako gogoeta burutsuengatik.

 

               II

Lehen gezurra: herria

izanik gabeko izena.

 

Bigarrena: oilar gorria

inoiz ez da izan igarria.

 

Hirugarrena berriz

egin zigun larriena:

nazionalisten antzera

lenguajearen izatea

nahikoan ez ulertzea,

lenguajea, nagusiki

ez bait da dugun zerbait

baizik eta gaituen,

ez daramagun zerbait

baizik eta garamatzan

ez darabilkigun zerbait

baizik eta garabilkigun

honela izanez auzia:

euskara guk dugu

baina euskarak ez gaitu

behar bezala

hartu ta osatzen.

 

               III

Jabe izan zen ordea

ausardi latz baten:

 

euskeraz, Eibarren

mundua aldrebes ikustearen

euskeran antzemanez

iraultza baten modua

zapuztuta daukaguna

erdararen katebegian

euskaldun izatea delako

orduan bezalaxe egun

borondatea eta fedea

ez izatearen mina:

 

pixkanaka pixkanaka

aldarrikapen ta sukar

baina gogoeta merkean,

aitorpen zabalean

baina lan ahulean,

hondatzen ari da

euskaldunon hitza ta izatea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.