ETB-ko programa on bat
Bingen Garziarena
Izena du Ados, eta Europako eztabaida-programa askoren egitura berdinaz baliatzen da: badu aurkezlea, baditu berarekin mahaian eseritzen diren konbidatu bereziak, eta baditu eta hau da nobetatea inguruotan anfiteatro moduko batean kokatzen diren lekuko batzuk, koru bezala-edo jokatzen dutenak. Berriro esanda ere, programa ona da, serioa eta amarilokeriarik gabea, eta gogoan hartzen dituen gaiak errealitatetik bertatik sortuak dirudite esan nahi da ez direla amarilozaleak erabiltzen dituztenak bezalakoak, erretorikoak eta, gomazko sokak bailiren, nahi bezain luze eta orokorrak.
1993ko bigarren astelehenean arrazismoa izan zuen gaitzat eta, maiz gertatzen denez, ondo hitzegin zuten aurkezleak eta koruko partaideek, eta ez hain ondo mahaian eserita zeuden konbidatu bereziek. Azken horiek Euskal Unibertsitateko soziologo bat tartean oparoegi ihardun zuten, eta hala zirudien, beraien teoriak artzaien euritako haundi haien moduankasu eta testigantza guzti guztiak babestu eta esplikatu zitzakeela, hots, galdera guzti guztiak erantzun baina, ai! erantzun horietako asko gaizki etortzen ziren elkarren artean.
Gauzak hola, programan ez zen oso garbi geratu zein fenomeno mota zen arrazismoa eta zertan bereizten den beste fenomeno biolentoetatik. Batzuetan, psikologia mailan uzten zuten gaia, eta maila pertsonalean dugun erantzunkizuna aipatzen zen zuzen edo zeharka; bestetan, maila objetibora pasaz, klase arazoaren sub-arazotzat jotzen zen; hurrena, berriz, oinarri hori alde batera gelditzen zen...
Paul Valery-k esaten zuen mintzatzea bizikletan ibiltzea bezalakoxe zerbait zela: ezin zela motelegi hitzegin orduan erori, eta ezta azkarregi ere orduan bazterra jo. Egia hau gogoan, gaitzerdi aipatu ditudan eztabaidaren akatsak, zeren programa bizia eta interesgarria izan baitzen. Halere eta halere hau da iruzkin honen funtzesko arrazoia, topiko zahar eta antieuskaldun bat sasisartu zen bertan ia inolako erantzun aurkakorik gabe. Topikoa: maketo, mantxurriano, koreano eta holako kalifikatiboak erabiltzean arrazismo edo xenofobia pundu bat erakutsi genuela euskaldunok Extremadura, Castilla edo Andaluciako jendearekiko. Eztabaidan parte hartu zuten guztiek, batzuk erabat eta besteak erdizka, onartu egin zuten, baietz, egon zela halakorik. Ordea, ba ote dago egiarik topikoan? Apustu egingo nuke ezetz, zeren kalifikatibo eta tonu berdinak erabili izan baitziren Castillan bertan ere kastilanoekiko. Palenciako kapitalean, kasu, coreano esaten zieten Coreako gerra garaian emigratu eta Corea auzoan bizi ziren probintziako beste palenziarrei. Eta gauza bera gertatu zen beste hainbat Castillako lekuetan, baita Madrilen bertan ere.
Beraz, jaunak, ez dago hain garbi. Nire eritzirako ezizen horiek, ez xenofobia puntturik, baizik beste gatazka batzuk seinalatzen dituzte: pobre eta aberatsen artekoa, kasu, edota civitas eta ager-ek aspalditik daukatena, edota jendeak, oro har, arrotzarekiko duen are eta zaharragoa.
|