L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-3 (1993-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maria ezkonberria

 

Alfonsina Garziarena

 

Ondoko istorio erreal hau Garcia Marquezen liburu batean irakurri nuen nire azken gripealdian; berak Bartzelonan zeukan entzunda eta, dioenez, pelikula bat egin dute berarekin: «Marta de mi corazón».

        Mariak ez zekien ze nolako infernutara sartuko zen goiz euritsu batean bere etxetik irten eta kotxea apurtu zitzaionean. Mariak denbora luzean alferrik egin zien keinu pasatzen ziren beste autoei, azkenean autobus baten txoferra errukitu zitzaion arte.

        Mariak, ezkonberria zenez, senarra abisatzeko premia sentitu zuen, telefono bat aurkitu baino ez zuen nahi, eta horregatik ez zuen erreparatu autobusa emakumez beteta zihoala; ez zen jabetu ez emakumeen tristuraz ez zeramaten arropaz ere.

        Mariak senarra deitu besterik ez zuen nahi, eta horregatik, autobusa edifizio handi eta ilun batera heldu zenean eta emakumeen arduraduna zirudienak jaitsi erazi zuenean taldea —Maria barne— eskolako neskak izango balira bezala, mantso-mantso, ez zen konturatu edifizioa psikiatrikoa zela, eta iladatan zegoela beste emakumeek inguratuta. Eta ez zen konturatu erizain batek iladara bueltarazi zuen arte, telefonoa eskatu zuenean; somnifero bat eman zioten arte zalaparta gehiegi egiten zuelako.

        Hurrengo egunean Maria saiatu zen bere egoera azaltzen, baina alferrik; konturatu zen azkenean tranpa mortal batean erortzear zegoela, eta horregatik histeriko jarri zen, eta horregatik ero arriskutsuen pabilioira eraman zuten eta hor meneratzea lortu zuten.

        Baina ez erabat, zeren Mariak ez bait zituen sendategiko norma guztiak bete nahi, esaterako, ez zitzaion batere gustatzen beste emakumeekin egotea, eta gainera pertsona ezarruntak ez diren guztiekin mintzatu nahi zuen, bere egoera azaltzeko nahian. Mariaren portaera, azken finean, normala zen medikuen ustez, eta horregatik inork ez zuen bere solasaldiak uztera behartzen, eta horregatik Mariaren senarrak jakin zuen non zegoen emakumea.

        Mariari senarra joan zitzaion bisitatzera baina, sartu aurretik, mediku batek etsigarriro azaldu zion zer egin behar zuen laguntzeko, nola tratatu behar zuen ez zedin berrerori, eta telefonoa zela Mariak zeukan obsesio obsesiboena. Mariaren senarrak medikuak agindutakoa letraz letra jarraitu arren, lehen bisita hura izugarria izan zen, Mariak senarrarekin joan nahi bait zuen kosta ahala kosta. Hurrengoak, aitzitik, askoz lasaiagoak izan ziren; Maria, pixkanaka pixkanaka, gero eta otzanago zegoen eta azkenean moldatu zen larunbatero bonboi kaxa bat ekartzen zion senarragana ere. Egun batean, Mariari ez zitzaizkiola bonboiak komeni esan zion medikuak senarrari. Ordutik, loreak eraman zizkion soilik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.