L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Rabelais eta Panurgo

 

Panurgo Garziarena

 

Literaturak, eta nobelak beraz, bizitzaren ezagupidean jartzen gaitu dudarik gabe. Bizitza ezagutzeko eta ulertzeko da nobela, beste gauzaren artean. Esate baterako, Rabelais idazleak idatzitako «Pantagruel» irakurtzen badugu bertan «mimetismo» edo mimesis delakoaren gainean teoria borobila aurkituko dugu Panurgo pertsonaiarengan gorpuzturik. Bertan esaten zaigu nahikoa dela norbait edozein gauza desiatzen hasi dadin beste inguruko guztiak ere gauza hori desiatzen hasi daitezen.

        Inbidia ere hortik sortzen da; eta baita modak ere, artearen munduan nola eguneroko bizitzan bertan. Badakigu Erdi Aroan jende guztia txoratuta zebilela zifrekin eta numeroekin. Izugarri gustatzen zitzaizkien zifrak eta hauen erabiltzea. Moda berri eta txoragarri bat zen orduan zifrena. Alde batera utzia zuten erromatar zifren erabilpena kontatzeko: zerbait atzeratua eta oso astuna ikusten bait zen ordurako erromatar zifrak erabiltzea. Horrexegatik denek ekin zioten arabiar zifrekin kontatzen hasteari (zenbakiekin eta ez, erromatarrek bezala, letrekin!) eta hori zoramena bilakatu zen garai hartakoentzat.

        Moda erakargarria bihurtu zen: ahoz kontatzea, gauzak zenbatzea, zifrak erabiltzea, numeroekin jokoak egitea... Rabelais idazleak ere izugarri erabiltzen ditu numeroak eta asko gustatzen zaio kontatzea, zifrak erabiltzea... dena berarentzat hamarnaka, ehundaka... milaka aldiz gertatzen da eta neurtzen da... dena mila miloika... biloika... eta triloika suertatzen da... eta sailkatzen da.

        Gaur egun ere badirudi zerbait itzuli dela eromen hartatik eta modan jarri dela berriz ere ohitura zahar hori.

        Orain arte problema bat zegoenean bilerak eta bilerak egiten ziren ezinbestean eta disimulatzearren, nahiz eta aurretik jakin ezer ez zela konponduko. Gaur bilerak eta bilerak egiten dira, nola ez, baina gainera inkestak, portzentaiak eta zifrak erabiltzen dira dena estaltzeko. Arazoak ez dira konpontzen baina datuak dauzkagu, badirudi zifrak, ehunekoak eta inkestak eginez harrapatzen dela nolabait arazoa lakioan, eta momentuz nahikoa dela horrekin. Konpontzeko ez baina disimulatzeko balio dio askori ohitura hori berriro ere erabiltzen hasteak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.