L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Frantziako herri batetik dator notizia

 

Bakarty Garziarena

 

Frantziatik heldu berri zaigu notizia baina berdin berdin iritsi zitzaigukeen beste edozein herritik ere, gaur egun mundu moderno edo zibilizatutzat har daitekeen honetan ez baitago ia diferentziarik herri batetik bestera.

        Esan bezala, Frantziako iparraldean sortu da notizia, Croix deituriko hirian. Eta hauxe da notizia benetan harrigarria: duela bederatzi urte hil zen gizonezko baten eskeletoa aurkitu dute telebista aparatuaren aurrean eserita. Osasun zerbitzuko funtzionariak Eloi Herbaut-en etxera, hala deitzen baitzen gizarajoa, sartu zirenean aparailuak martxan jarraitzen zuen (bederatzi urte beranduago!).

        52 urteko gizon ezindua zen Eloi Herbaut 1984 urtean hil zenean, eta orain dela egun gutxi batzu aurkitu dute bere gorpuaren arrasto zenbait, hezur mordo bat trajearen barruan, piztuta segitzen zuen telebista aparatuaren aurrean jarrita.

        Osasun zerbitzuko funtzionariek esan dutenez, gizona aparteko arrazoirik gabe hil omen zen, era naturalean, inolako arazo berezirik gabe.

        Gizona bakardade latz batean bizi omen zen bere azken hamabost urtetan. Ez omen zuen ia leihorik zabaltzen eta iluntasun osoan bizi zen bakarrik bere telebista aparatuarekin soilik.

        Eta oraindik harrigarriago zera da, Eloi Herbaut-ek 2 seme eta 13 biloba zeuzkala mundu honetan.

        Nahiko antzekoxea da nik neronek aspalditik daukadan infernuaren irudia: gizon baten hezurdura, eskeleto bat eginda, traje dotore baten barruan sartuta, eserita eta aurrean telebista aparatu bat builaka eta edozein programa zimaur horietako ematen, eta hala, gau eta egun... bakar bakarrik eta hogeitalau urtez!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.