Pertsonaia miresgarria
Marcello d'Orta
Bittor Garziarenak aukeratuak
Italiako maisu bat da, eta duela urte batzuk liburu bat osatu zuen bere eskolako umeen erredakzioak bilduz: lo speriamo che ne la cavo. Bertako testuek, ederrak izateaz gain, estatistika eta erreportai askok baino hobeto erakusten dute Napolesen periferiako Arzano herriskan gertatzen dena eta munduko beste edozein suburbiotan gertatzen dena ere bai, ondorioz. Beraz, izan eta burutu zuen ideiagatik, Marcello d'Orta aukeratzen dugu ale honetako pertsonaia miresgarri; gainera, geureganatu egiten dugu berak ematen digun aukera bere liburuko bi erredakzio itzuliz: Qual è il personaio storico che preferisci eta Il fenomeno della droga.
I
Zein du gehiena maite duzun pertsonaia historikoa?
«Gehiena maite dudan pertsonaia historikoa Caligula da, eroa zegoelako. Caligula oso sinpatikoa egiten zait bere eromenagatik. Bere zaldia senatore izendatu zuen, gero bere seme bat jan zuen Saturno bezalakoa izateko, eta bere ejerzitoa itsasertzera eraman zuen eta gero dena broma bat zela esan zuen, etsaia inbentatua zelako, eta jainko bat bezala adoratua izatea nahi zuen.
«Gustatzen zaidan beste pertsonaia historikoa Juan Bautistaren burua da. Juan Bautista ez zen eroa Caligula bezala, baina nahikoa tontoa bai, zergatik oihuka ibiltzen baitzen desertuan, inork entzun ezin zion tokian. Berak barau egiten zuen beti, eta gero igandean kuskuiluak, sustraiak eta zomorroak jaten zituen. Burua moztu ziotenean platera izugarri haundi batean jarri zuten.
«Orain gaiarekin zerikusirik ez duen gauza bat esango dut. Bada beste pertsonaia bat oso sinpatikoa zaidana, baina ez da pertsonaia historikoa, baina berdin aipatu nahi dut, zergatik pertsonaia bat beti... Benino edo Benito da, belenean beti jartzen den artzai hori. Niretzako oso oso sinpatikoa da Benito, lo egoten baita beti, eta ez baitzaio batere inporta inguruan gertatzen den guztia. Horregatik, Benito iruditzen zait pertsonaia historiko zoriontsuena».
II
Drogaren fenomenoa
«Hamar urte bakarrik dauzkat, baina badira 4 edo 5 urte drogaren fenomenoa ezagutzen dudala. Parbulotan nenbilenean ere, ordurako esaten zidan amak ez hartzeko behin ere karamelu drogaturik inori, ezta maistrak edo zuzendariak emanda ere. Baina egun batean nire maistrak bat eskaini zidan eta nik ahaztu egin nuen drogatuta zegoela, eta jan egin nuen, baina ondo zegoen.
«Droga beneno bat da denak hiltzen dituena, baita zaharrak ere, baina gazteak gehiago: gauza goxoa da, azukrea bezalakoa baina ez berdina. Berak zoriontsu jartzen zaitu aurrena, eta gero tonto. Zure begietan dizdiz, kolore eta ortzadar pila bat ikusten dituzu, eta hegan egin nahi duzu. Gero, dena bukatzen da eta bakarrik Arzano ikusten duzu.
«Droga gramo bat edukitzeko 10 miloi gastatu behar da, baina drogatuak oso pobreak dira denak, eta orduan ostu, atrakatu eta muebleak aidean botatzen dituzte aitak muebleen atzean gordeta dirurik ba ote daukan ikusteko, lapurretak egiten dituzte, hil egiten dituzte aita eta ama.
«Nik ezagutzen dut drogatu bat, baina ezin dut izena esan, baina Giovannik ere ezagutzen du, eta berak haren izena esan nahi badu, hobe. Drogatu hau nire etxe aurrean bizi da, eta goizean goizik ez da drogatua egoten, begiak normal edukitzen ditu, eta agurtu egiten nau. Arratsaldean berriz drogatzera joaten da Kiroldegiaren inguruetara, argiak puskatuta dauden tokira. Gero pikatu egiten da Quagliariello eta Masone-rekin batera, eta etxera itzultzean zombie batek bezala egiten du oinez.
«Niri pena ematen didate drogatuek, baina ikara daukat. Baina behin batean 500 lira neuzkan aurreratuta, eta lurrean lo zegoen drogatu bati bota nizkion, eta gero alde egin nuen. Nik dirua ematen diet batzuetan drogatuei, baina ijitoei ez. Ijitoek niri ikara haundia ematen didate!».
|