L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

dortoka. iz. Zool. Kelonioen ordenako narrasti guztiek hartzen duten izena (Testudo graeca etab.). ik. apoharmatu, txaberana. Hezurrezko oskol sendo batean bildua dute gorputza, eta bizkarreko eta saihetseko hezurrak oskolaren barruko aldeari itsatsiak izaten dituzte. Soin atal motzak izaten ditu, oskolaren alde banatara luzatuak. Arraultzez ugaltzen dira. Badira hainbat familia kelonioen barnean: testudinidoak, emididoak, etab. Batzuk lehorrekoak dira eta besteak itsasokoak. Greziako dortoka (Testudo graeca). Testudinidoen familiakoa, 15 cm inguru luzea, lehorrekoa. Gaineko oskola beltza izaten du, horia alboetara. Europako hegoaldean, Asiako hego-mendebalean eta Afrikako iparraldean bizi da. Belar-landareak, fruituak eta animalia ornogabeak jaten ditu, batez ere, baina esan daiteke orojalea dela. Ehun urte eta gehiago bizi daiteke. Galapagoetako erraldoia (Testado elephantopus negrita). Testudinidoen familiakoa da, eta lehorrekoa. Oso oskol ganbila du, eta kolorez beltza. Metro bat luze izan daiteke. Galapago uharteetan bizi da, baina han ere gutxi da gaur egun. Kaktusak eta beste hainbat belar janez elikatzen da. Ehun urte eta gehiagora heldu izan dira batzuk. Aligator dortoka (Chelydra serpentina). Kelidridoen familiako dortoka, uretakoa. 95 cm inguru izaten da luze, eta 20ren bat kg pisatzen du. Matelezur sendoko mutur luzea du. Kolorez beltz-marroi eta olibarenaren artekoa da. Ipar Ameriketako zingiretako uretan bizi izaten da. Igerilari ona da, eta lurrean ere nahiko azkarra da. Arrainak, sugeak eta ahateak jaten ditu batez ere. Karei dortoka (Eretmochelys imbricata). Kelonidoen familiako itsas dortoka. Dortoka hauen oskola 80 cm inguru luze izaten da, hori eta beltz koloretakoa. Harraparia da, eta itsas soinberak eta arrainak janez elikatzen da. Tropikoko eta tropiko inguruetako itsasoetan bizi izaten da, baina baita zenbait itsaso epeletan ere. Oso erabilia da honen oskola orraziak eta egiteko. Horretarako, dortoka harrapatu, ur egositan bizirik sartu eta oskola kentzen diote, eta uretara botatzen dute berriro oskol berria egin dezan.

LUR Hiztegi Entziklopedikoa

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.