Antsietatea eta etsipena euskal literaturan
Joe Garziarena
Beti izan dut gogoko euskal literaturaz idaztea autore-garai-estilo zatiketa aspergarrietatik kanpo, hain berezia den fenomenu hau aztertu nahiz. Eta egia esan, «ia esistitzen ez den fenomenua» esatera bultzatuta sentitzen dut nire burua, zeren euskal literatura definitzen duen atal horietako bat zera baita: ia esistitzen ez den fenomenu batetiko antsietate inflazionaria irakurleen antsietate izugarriaz ari naiz.
Alegia, irakurle gehiegi ere ez dituen euskal literaturak, halaere, bere irakurlego fidela du. Eta irakurlego hau ondoen definitzen duen elementuetako bat bere antsietatea da. Urtean behin ateratzen den liburu baliagarri bakarraren bila-zain ematen dute euskal irakurleek astia.
Gehienetan euskal literatur lan askoren pretentsioak direla medio gramatikalak, filologikoak, estilistikoak edo piroteknikoak ulertezinak edo pairaezinak diren liburuen erosketan ematen dute irakurleek urtea, «fumando espero al libro que más quiero», boleroa kantatuko bailute. Eta jakina, psikologia merkeenak ere defendatuko lukeen bezala, antsietate handiegiek azkenean etsipena sortzen dute. Edo bestela bista atzera bota eta gogoratu azken hiru urteetako lau euskal liburu gogangarrienak. Zaila, ezta? Etsipenari ere izenen bat ezartzekotan «Post-Durango sindromea» esango nioke.
Europako beste literatura nagusi gehienak inflazioak definitzen dituen honetan liburu gehiegi irakurtzeko, euskal literatura eta agian hizkuntza tipitako literatur gehienak diflazioak markatzen du. Diflazio honen ondorio dira «lehenengo euskal xxxx» definizioak, obra bakarreko autoreen kontsagrazio historikoak, liburu dexente batekiko zoramenak eta laudorioak, eta bestelako fenomenu inflazionari ugari.
Euskal literaturaz pentsatzen hastean diflazioa, antsietatea eta etsipena periodizazio eta klasifikazio estilistiko asko baino garrantzitsuagoak eta ez hain aspergarriak iruditzen zaizkit. Eta gainera, irakurleak ere badaki zertaz hitzegiten ari naizen fenomenu hauek bere barruan sentitzen baititu Bilintx/Xalbador/Axular/Verdes/herriko-liburudendako eskaparate aurrean begiratua paseatzen duen bakoitzean.
Are gehiago, euskal literaturari hain berezkoa zaion fenomenu hau euskal kulturaren eta gizartearen beste alor asko esplikatzeko tresna preziatu suerta liteke. Adibidez, Indurainen kasua. Eta hortik abiatuta, literaturaz kanpoko euskal kultura osatzen duten beste fenomenu askorekiko konparazio politak egin ahal izango genituzke. Adibidez, Durangoko azoka eta pastoralak.
|