A! Ze domaia!
Xabier Garziarena
Irun, 1992ko Abendua
Hirian larritasuna nabaria da. 93a gainean, mugak kentzearen ondorioz, aduanetako 1200 langile lanik gabe geratuko dira ezinbestean.
Egoera latz honi nolabait aurre egiteko asmoz, ZAISA izeneko zerbitzu zonaldea eraiki da mugaren ondoan. Bertan jatetxeak, bankuak, dendak etab. aurki daitezke zenbait lanpostu sortzeko helburuz.
Irun, 1993ko Urtarrilaren 16a (larunbata)
ZAISA izeneko zerbitzu zonaldean, jatetxe ireki berri batek menuko afari berezi bat prestatu du. Berezitasuna honako honetan datza: Somaliaren aldeko afaria izango da, bertan atera nahi omen diren 250.000 pzta. hango gose egoera latzari nola edo hala aurre egiteko erabiliko direlarik. Bi egun lehenago mahai guztiak erreserbatuta, afaria guztiz arrakastatsua suertatzen da.
Menua: Arrai zopa, kroketak eta oilaskoa.
Prezioa: 2.500 pzta.
(Ardoa, kafea eta kopa barne. Hortik aurrerakoak aparte.)
Irun, 1993ko Urtarrilaren 23a (larunbata)
ZAISA izeneko zerbitzu zonaldean eta arestian aipatutako jatetxean, gaueko afariak prestatzen dihardute. Gaur eta gaurtik aitzinera ordea, ez da menurik zerbitzatuko. A! Ze domaia!
|