Euskara ez da kaktus bat
Vladimir Garziarena
Txakur gaixoa gaixo dago. Txakurrak Euskara du izena eta igandero ateratzen duzu pasiatzera. Txakurra pasiatzera ateratzen duzunean, farolari lotuta uzten duzu eta garagardo bat hartzera joaten zara. Batzuetan bi garagardo ere hartzen dituzu (bat txakurraren osasunean, noski). Noizean behin, batez ere hiru garagardotik gora edatean «Lepoan hartu ta segi aurrera» ere kantatuko duzu alde zaharrean lagunekin batera eta txakurrak harritu begiekin begiratuko zaitu. «Mozkorra» hitzaren esanahia ez du oraindik ezagutzen.
Zure txakurra oso polita da eta inork ez du asmatzen zein arrazatakoa den. «Mira, mira, que pelo tan suave» esango diozu kalean topatu duzun lagunari harroxko.
Ez dakizu nonbait, zure txakurra ez dela basamortuko kaktus haiek bezala. Euskara ez da komeni zaigunean urezta dezakegun kaktus bat, egunero uraren beharra duen larrosa hauskor eta ederra baizik. Erabiliaren erabiliz (ureztatuaren ureztatuz) loratuko den larrosa.
Zure txakurra gero eta argalago dago, eta «este maldito perro no me come» esanez, ez da berehalakoan osatuko.
|