Egia ttikien katalogoa
026/ 1993-94 ikasturterako aurrematrikula egiteko, 90ean jaiotako umeak ditugun guraso guztioi, Bilboko Udalak, bere Hezkuntza Sailaren bidez, Eskola Publikoen zerrenda bidali digu, eta horrekin batera informazio garrantzitsuena, propaganda hutsaren itxura ere erakusten duen triptiko txukun batean. Bertan, Eduardo Uriarte Romero (PSOE-EE) zinegotzi laguntzaileak, bereziki esaten du «Hezkuntza Zerbitzu honek ez du inor eredu batera edo bestera bultzatu nahi. Norberaren aukera da eta Administrazioak aintzakotzat hartu beharrekoa». Alegia, bakoitzak bere eskubidea, eta Administrazioak hura bete besterik ez du egin behar. Hori hitzez. Baina gero gertatzen da eskola bakoitzak, triptiko horren arabera, hizkuntz eredu bat edo beste eskaintzen duela. Gure distritoan, Bilboko 5.a, Bilboko Parte Zaharra-eta hartzen dituena, 7 eskola publiko daude denetara. Haietako bakar batean eskaintzen da D eredua, eta eskola berean A eredua ere eskaintzen da. Beste bost eskoletan, A eredua besterik ez da eskaintzen. Eta beste batean, B eredua, A-rekin batera.
Proportzioa, sakonetan sartu gabe: eskola publikoan gaztelerak 7 garapen urte (bost «konpetentziarik» gabe, bost), eta euskarak 2 garapen urte (bakarrik ere ez «konpetentziarik» gabe).
027/ Behin hasita, honako hau ere esan beharko dugu, ba, ttikiagoa bada ere:
Triptikoa hizkuntza bietan dago idatzia, baina «Ayuntamiento de Bilbao. Area de Educación» euskaraz esateko, «Ayuntamiento de Bilbao. Area de Educación» esaten du, oso itzulpen literal-liberala eginez, antza. «Gobierno Vasco. Del. Territorial de Educación» delakoaren euskal baliokidea ere oso erraza da: «Gobierno Vasco. Del. Territorial de Educación». Eta beste horrenbeste «Consejo de Distrito Casco Viejo» delakoaz, hots, euskaraz hori «Consejo de Distrito Casco Viejo» bide da eta.
028/ Eta hirugarren egia ttikia, emakumeak bereziki minberaxe egiteko modukoa. Erdarazko «La escuela más cerca de tus hijos», Bilboko Udalaren «Hiritarrekiko Harreman eta Hezkuntza (sic) Saila»ren arabera, honela esaten da: «Zure semeengandik urrenen dagoen Eskola». Beraz, hezkuntzako ordezkari ustez ezkertiarrek «alabak» ez dituzte kontutan hartzen. Eta guk alaba izaki...! (gurea ote da errua? Zalantza sartzen zait, aizu...)
029/ Euskaraz, antza, ezin da esan honelakorik: «La inscripción que realiza Ud. es provisional. Posteriormente recibirá notificación del Colegio para la matriculación definitiva. Prematrícula del 1 al 15 de Marzo». Hori guztia, euskaraz ez da esaten, eta kitto, zer demontre! (edo uste duzu dena itzultzen ari behar dutela? Horixe bakarrik falta zitzaigun, presupostuen murrizketa garai honetan!).
030/ Ui, eta azken hau ere bai, egia ttiki-ttikia: «si = bay», esaten du behin triptiko berean. Ttikia da, erdaraz «bai = zi» esango balute bezala. Dena dela, ulertu egiten da, ezta? Komunikazio-ahalegina, beraz, arrakastaz burutu da. Gainerako guztia zirikatzen aritzeko gogoa da, besterik deus ere ez.
J.M. Garziarenak Bilbotik bidalitako datuak
|