Nora joaten ote dira desegindako ilusioak?
Beñat Garziarena
Bizitzan bide bat hartzen dugunarekin batera, edo, zehatzago, bizimodu bat hartzera behartuak suertatzen garenean, beste bide edota bizimodu batzuk uzten ditugu alde batera eta betirako. Oro har, erabaki hori heldutasunaren ildotik ulertzen da: pertsona batek inozentzia galdu eta ametsak amets direla konprenituko luke, alegia errealitatea ez dela guk desiratzen duguna, eta aurrera egin ahal izateko errealitatearen argi arrunt baina seguruak hartu behar direla aintzat, eta ez ilusioaren argi eder baina, ay! engainatzaileak. Zer gertatu zitzaion ura edatera espejismora joan zen txoriari? galdetzen zaio pertsona gazteari, laster bide batetik edo bestetik joan behar duen horri. Bada egarriak hil zela, erantzuten eta erakusten zaio.
Arazoa ez da ordea goizetik gauera erabakitzen, nahiz bide eta bidegurutzean kontuak, metaforak beti duen gezur horrekin, halaxe pentsarazi. Aitzitik, egunero erabakitzen dugu zerbait uztea eta beste zerbait onartzea, eta urtebete soil bat igaro eta atzera begiratzen dugunean, bizimoduz aldatu egin garela iruditzen zaigu. Aldaketak, hori bai, gero eta ttikiagoak direla, eta, noski, ezin dela gonparatu 10 urtetik 15era gugan eta gure jokaeretan antzeman genuen aldaketa, 35 urtetik 40ra antzeman dezakegunarekin. Zeren, jakina, kasu gehientsuenetan behintzat, 40 urteko pertsonari ilusio gutxi gelditzen zaizkio errealitate pusketen aldera eman ahal izateko, eta bere bizimoduari buruzko irudipen subjetiboa gertuago egoten da karriletik doan trenaren iruditik, airean libre dabilen txoriarenetik baino. Berrogei urtetik gorako jendea, normalean, bizimodu jakin batean errotuta dago jadanik, edo bestela lagun batek humore beltzez esaten zuenez bizimodu batean datza.
Egin ote daiteke 40 urtetik gorako pertsona horrek alde batera utzi dituen ilusio eta espejismoen zerrenda bat? Saia gaitezen: hiru urterekin hegan egiteko gauza ez zela onartu zuen; zortzirekin, berriz, bere aita eta munduko izakirik boteretsuena pertsona desberdinak zirela; hamahirurekin, bere amak ezin ziola eman berak behar zuen afektu guztia; hamabostekin, dirurik gabe bizitzea zaila dela; hamazortzirekin, dirurik gabe bizitzea ezinezkoa dela; hogeitabatekin, justiziarik ez dagoela munduan; hogeitahirurekin, gure gizartean eta gure munduan dirua baino jainko errespetatuagorik ez dela, eta Quevedo ez zela tontoa; hogeitabostekin, enamoratzea ez zela zehazki sila batean eseri eta kitarra jotzea, eta kanta tradizionalek zerbaitegatik iraun dutela; hogeitazazpirekin, mundu hau eta gizarte hau ez direla uste bezain ulerterrazak; hogeitamarrekin, mundu hau eta gizarte hau ulertezinak direla; hogeitamabirekin, pintatzea edo marraztea edo musika jotzea ez zaigula lehen adina gustatzen, lehen adina aldiz ez dugula egiten behintzat...
Irakurle argiari adibide gutxi, eta zerrenda luzatu gabe banoa orain, izenburukoaz hasiz, beste hainbat galdera egitera: Nora joaten ote dira desegindako ilusio guzti horiek? Erraustu egiten dira erabat ala errainu edo fantasma bezala gelditzen dira gugan? Inolako baliorik ez zuten xinplekeriak ziren, eta zuzen jokatu genuen beraz haiek guztiak baztertzearekin, ala zapuztuta eta bentzuturik gelditutako bizimodu argitsuago baten ernamuinak?
Ez diet galdera horiei erantzungo, zeren azken batean nork bere erantzuna aurkitu behar baitu. Horren ordez nagoen etxeko leihotik ikusten dudan etxetto bat deskribatuko dizuet. Oso ttikia da, eta hesitutako 100 metro karratuko terreno ttiki baten txokoan dago. Nagusiak, edadeko nekazari batek, usoak dauzka bertan, eta hori dela eta noiznahi joaten da uso horiei jana ematera edo nola dauden ikustera. Horretzaz gainera eta hau garrantzizkoa da ari garenerako, esparru guztia pitxi eta horniduraz betea dauka, horietako nabarmenenak toreoarekin lotuta daudelarik. Esate baterako, bere lekuxka horren atarian berak Cortijo El Cordobés dioen txartel bat dauka jarrita, eta gainera, ildo beretik, berak ahal bezala hornitutako torero eta zezen baten figurak koroatzen dituzte sarrera ateko bi zutabeak; eta neskaren baten ile txirikordarekin egindako zezen-isats bat ez da falta; ezta zezenaren adarrak imitatzen dituen egurrezko tramankulu bat ere. Bestalde, arrosategi ttiki baina eder bat dauka, eta ederraren ederrez, kolore bizitan pintatuko anforak hamar bat gutxienez azaltzen dira altura guztietan, usategiaren teilatuko anguloetan edo haren atarian zutitutako egurrezko hesola batzuen gainetan. Eta dena dago txuri eta txukun, bera bizi den etxea ez dagoen bezala.
Bere traketsean, bere modu inozent eta beharbada patetikoan, nekazariaren jokaerak erantzun bat ematen digu. Ez, desegindako ilusioak ez dira erabat erraustu eta galtzen, eta handik edo hemendik azaldu egiten dira, bereziki pertsonari, jubilatzean edo, Bizimodu Nagusia bukatzen zaionean. Eta azaltzen direnean, azaltzen zaizkigunean, susmo batek hotzikara bat sortzen digu bizkarrean, agian huraxe zela, utzitakoa, benetan maite genuen bizimodua...
|