Kaletik abesten
Jose Joakin Garziarena
Larunbat gaua, ordu bata t'erdiak aldera. Lagun batzuk kotxez ekarri naute etxe ondoraino. Ez dakit zergaitik baina arrazoi berezirik gabe, maiz gertatzen zaidan bezala, abesten noa, kasu honetan Sting-en If I ever lose my faith in you, buruan sartzen zaizkizun estribilo madarikatu horietako bat. Hasieran ez naiz ohartzen, baina atzetik zetorren sekreten auto zuritik bota didaten begirada berezi hartaz konturatzerakoan, nere aurre-aurretik Polizia Nazionalaren Patrol bat pasa dela ikusten dut. Munduko gauzarik normalena, ezin hobea den gure mundu honetan.
Hain ohizkoa ez dena, gero gertatzen zaidana. Ia etxeko atarian nagoela, bi uniformedunek, nahiko modu txarrean, dokumentazioa eskatzen didate. Berehala zibilez jantzitako beste bi elkartzen zaizkie, eta Estatuaren zerbitzari leial horiek oihuka iraindu dituena dudarik gabe tipo hura dela ziurtatzen diete. Neu, alegia. Ez dut uste alkohol gehiegi edan dudanik, baina mozkorraren arrastoren bat geratzekotan kolpean desagertzen zait. Azken patxaranaren gustu lehorra ez, ordea. Bibotedun txikiak nire Nortasun Agiri Nazionala arreta handiz igurtzen duen bitartean abestiaren istorioa ahozkatzen saiatzen naiz, baina berehala konturatzen naiz azalpena, alferrikakoa izateaz gain, absurdoa irudituko zaiela, batez ere kantariaren izena zehazten badiet. Nire izu aurpegiak ez ditu poliziak biguntzen: poltsikotatik diru, karnet eta giltza guztiak atera arazten dizkidate, zapategiko metalezko hesiaren kontra erreglamentuzko miaketa sakon eta mantso bat egiten didate eta bigarren poliziak oinetakoak askatu eta oinutsik geratzeko agintzen dit lehenengoa autora joan da, Berta-rekin hitzegitera nire galtzerdiek soilik Camembert usaia daramatela frogatzeko. Norbait, hiriko beste zokoren batetan, beharbada gauden auzoan bertan, lapurtzen edo kondizio txarretan manipulaturiko droga saltzen edo neska bat bortxatzen egon daiteke, nire inguruan lau funtzionari denbora galtzen eta libertitzen ari diren bitartean. Gogoeta honek ez nau batere lasaitzen, baina, sentitzen dudan beldurrarekin batera hamar minutu luze hauetan zehar ez da kaletik inortxo ere pasa horixe da bururatzen zaidan ideiarik garbiena. Oraindik oinutsik nagoela, biboteduna bueltatzen da eta hitzik esan gabe ezta beste kantaren Barka itzazu eragozpenak-Sentimos causarle molestias ere dokumentuak luzatzen dizkit: Bertak ez ditu hor nonbait izartxo nahikoak aurkitu datu-baseko nire izenaren ondoko leihotxo elektronikoetan. Eta badoaz, ni kalerdian dardarka eta eskuan safariak ditudala utzirik.
Ez dizuet hau kontatu nahi ezer arraroa delako edo Corcuera legearen ezarpenaren adibide berezienetakoa iruditzen zaidalako; jakin badakit gure herri honetan antzeko gertakizunak eguneroko gauza ditugula, eta grabeagoak ere maiz ematen direla. Ez dut pasadizuaren orijinaltasuna aldarrikatzen. Pentsatzen dudana zera da, gure gizartean gauzak benetan gaizki daudela Poliziak norbaitek ahoa irikitzen duela ikusterakoan bakarrik irain bat botatzen ari dakiokeela pentsa dezakeenean. Egia esan, ez bait dago gure itsasondoko industri-protobasamortu honen kaleetatik ozen eta alaitsu kantatzen ibiltzeko arrazoi handirik. Edo bai? Gure babesleek ez dute hala uste, behintzat. Bada zerbait.
|