Idiazabal'ko itzaiaren ilketa
Beste kaso onek, gertatu zala, eun urte eta askoz geiago ditu. Penagarria bada ere, fetxarik ez daukagu. Ama batek bere seme-alabei kontatzen omen zien gertakizun au, eta seme aietako batek esanda jaso degu.
Idiazabal'ko itzai batek, bere ogibide bezela, naiz egunero ez egin, mandatari-lana egiten omen zuan, Idiazabal'tik Tolosa'ra dauden errien artean, orretarako bere idi-parea eta gurdia erabiliz.
Itzaiak, bere ustez, konfiantza aundiko adiskide bat omen zeukan, Beasain'go trenaren estazioan faktore-lana egiten zuana. Gero ikusiko degu konfiantza orrek zenbaterañoko indarra zuan.
Itzaiak, egun batez, esan omen zion faktoreari, Tolosa'tik etxerakoan naiko diru ekarri bear zuala eta ea mesedez lagun egingo al zion Beasain'go Katea pasa artean.
Faktoreak baietza eman omen zion itzaiaren eskabideari.
Kontutan izan bear degu, Tolosa'tik Idiazabal'era etzegoala gaurko kamiño edo biderik. Billafranka'tik Beasain'era kalez-kale joaten zan. Beasain igaro eta kamiñoa nola trenbidea gurutzatuz pasatzen zan, erderazko paso a nivel oneri Katea deitzen zitzaion, kate bat jartzen zutelako, trena pasatzean gurdi, oiñezko eta abarrei bidea mozteko. Bide ori bakarra zan Beasain'dik Idiazabal'era joateko.
Nunbait zer gertatu zan gero jakingo degu itzaia faktorearen laguntzarekin zijoan bere etxeruntz.
Itzaia, gutxi gora-bera, ordu berean irixten omen zan bere etxera. Egun artan ageri ez eta etxeko danak jartzen dira kezkati eta larri.
Ala zeudela, tapa-tapa an dator idi-parea itzairik gabe. Askatu omen zituzten idiak eta beren uztarrian, kopetakoekin tapatuta, an omen zeuden itzaiak zekarzkian diru guztiak. Nunbait lapurrak dirua nun zegoan etzuten arkitzerik izan.
Desgraziren bat gertatu zala-eta, itzaiaren etxekoak irteten dira itzaiaren billa. Kamiño-bazterrean ilda aurkitu omen zuten. Itzaiak zeuzkan zaurietatik, garbi ikusten omen zan krimen bat izan zala.
Itzaiaren etxekoak parte eman dute juzgaduan, gertatua kontatuz. Agintari oiek asten dira miaketan, eta auzoko etxe batean aurkitzen dute aizkora bat, gorri-arrastoak zeuzkana. Gaur ainbat analisis etzan izango eta egingo; eta aizkoraren jabea, kriminaltzat juzgatu ondoren, kartzeleratzen dute.
Aizkora-jabeak bere deklarazioetan esaten omen zuan, krimena gertatu zan egunean, altza aliso erderaz botatzen jardun zala, eta gorri-une aiek zugaitz-mota onek uzten duan tinta gorria zala, eta ez odolarena.
Dana alperrik, ordea. Gizona kartzelara, errurik gabe.
Au gertatu eta gerora, ez dakigu zein urte, il eta egunik, Donostia'n gertatu da tiroketa bat, kalean. Espaiñia'ko ministro edo goi-maillako jaunen bat il omen zuten edo il nai zuten. Ortik tiroketa.
Bala galdu batek jotzen du Beasain'go faktorea, eta bere burua il-zorian ikustean, deklaratu omen zuan gertatua zeaztasun guziekin, zer eta nola itzaia il zuan. Bera ere tiro artatik il omen zan.
Ara, entzun degunez, gauzak nola izan ziren.
Emen ikusten da diruak zer gauza egin erazten dituan. Dirua lagun ona da norberak mendean ibiltzeko. Baiña diruaren mende jartzen bada gizona, bide txarrean sartzen da. Diruak egin erazten du mundu ontan kalterik geiena.
Zartu gabe ezin bizi, Bizente Barandiaran, Auspoa, 1990
|