L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 11. zkia (1950-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Gizabidea

 

Espuru

 

Gernika dalako Agerkari onek, euskerazko artikulu bat eskatu dit, eta nik ezin ukatu. Zertaz egingo, eta, Agerkari onek ditun asmoetaz, edo inguruetaz, beintzat. "Al servicio del Humanismo" ari dala aitortzen du barak, eta "humanismo" orrek bere argirapena bear du. Egia esan, neri etzait ain begiko, izen nolabaiteko ori; bañan "izenak ez du egiten izana" lengo prantsesek ziotenez. Edozeinek ba daki, amaseigaren mendean an emenka, kristautasun jatorra galtzen asi zalarik. Kristaubide eder ori alde batera utzi nairik(batzuek beñipein) gizabide utsera jo zutela. Esan ere bear det, Erasmo'k berak ere etzula kristautasun ori zearo utzi, eta areago dana, gizabidetsu oiek ba dutela beren Prantzisko Sales'koa.

        Ortaz beste, iru izen berriri diet nik gorroto bereizia: "humanismo, civilización, cultura". Gauza bera nai lukete alde-aldera, au da, kristaubidearen ordezko bezala agertzea, eta beren ustez, kristautasuna bañon aundiagoa agertzea. Damurik, gaur eguneko kristautasuna errekara joan dala esan diteke, eta ez da zail, zenbait kristau baño eta asko kristau baño gizonago agertzea. Gizabide ori ez det arbuiatzen; baña neretzat ez det aski. Gizabide orrek xuri egin zun (porrot egin zun), eta geroxago "civilisatión" asmatu zuten. Utikan ustelkeri ori! Azken alde ontan "Kurtur" atera dute, beste biak bezain urruñagarria. Baña gure Gernika'k ez du ori nai. Besterik eziñean, "danean dantxoa, nere gizontxoa" lengoak esan zuna. Bai, bai, betor gizalege ori, gizabide ori, nondik nai datorrela. Gizajende giñanetik, gaur oso basa jendetu gera. Uri aundietan bizi zan jendeari, uri-jende esaten asi ziran:

         "Astys, civilis" Geroxago, malzur, "astuto". Erri-jende xumeari basa-jende esatea ez dago ongi; baña gaurko egunean, baserrietan bizi dan jenderik ankerrena, urijenderik geienak baño gizabide aundiagokoa iduri zait. Baserritarra naiz; uri aundiak ikusi ditut; ez det ordea ikusi gure baserritarrak bezain gizabidezko uritarrik. Baso eta uri, gauza ederrak dira, guk itsusten ez ba ditug, basakeri ta urikeri biurtzen ez ba ditugu.

        Orain pizberritu nai duten gizabide au, ez dedila izan lengoa bera, berriro ere xuri egin nai ez ba degu. Gizabide diogunean, ez degu esan nai basorabide, urirabide edo olakorik; gizontzeko edo gizatzeko bidea: edozein gizonentzako legea, naiz uriko, naiz basoko: guziak artu bear ditu bide onek bere erdian. Orain dala berrogeitamar urte, erabiltzen zan euskeraz itz bat,"humanismo" au ez ba da ere, urbil ori adierazten zuna: gizalegea. Nork ez dauzka gogoan Xenpelar'en bertsoak:

 

                "Nik ba det gizalegea

                Prantzisko'k bañon obea:

                Beste tatxarik etzait arkitzen:

                Arlote pobrea."

 

        Ez urian eta ez baserrian, ordu ezkero ez a ikusten, ez izenean, ez izanean, gizonen elkarrenganako begirapen onik. Len aiña ez noski. Gizabide ori, "cortesia" ori, "humanismo" ori naiko du gutxienik gure GERNIKA onek. Ortik aurrera, gizona gizonagotzen edo landuagotzen dun bide bat urratu naiko du. Gizon landua esan oi da gaur, eta euskeraz ez dator gaizki; "inculto"esateko" "landugabea" aspaldi esanik dago eta idatzirik. Agirre'ren Eracusaldiac'etan. Ederki dago, gizonak jakitean bere burua lantzea; ori lenbizi nai dute zenbaitek. Lenbiziago bear genuke gizona oitura onetan gizaberritu. Oitura onik ez un gizona, jakintsuena ere, erdizka landua da, basatia da.

        Gizona nork gizaberritu du, Gizon egin zanak bañon obeki? Beraz, zillegi bekiro GERNIKA'ri ontaz ere mintzatzea; gai au ez lekutzea edo baztartzea. Neri etzait iduritznn GERNIKA'k gai au atarian utzi naiko dunik, gizabiderik ederrena kristautasun jatorra baita. Itxurak eta azal-apaiñak egiten ditugu gaur, kristau deitzen geranik geienak. Itxurak eta azal-apaiñak egiten ditute bestelako gizon landuxoiek ere. Non dago gizantasuna? Zein da egiazko gizabidea?

        Ontan bukatzen det asierako artikulu labur au, laburra eskatu ere baitidate. Leku ematen ba didate, kristautasunaz jarduten asiko naiz urrengoetan, edo erlijioari dagozkion gauzetan. "Humanismo"-ak Sales gutxi eman du, ta ua ere kristautasunak emana degu. Kristautasunak santuak aski ugari ematen ditu, kristau ziñ diran bakar oietan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.