L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 11. zkia (1950-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Amacho

 

Dominique Dufau

 

                        Atcho zinez pollita da gure Amatto,

                        Chahar izana gatik ez oraino ttontto.

                        Diruz balimbad'ere pochi bat pobretto,

                        Omor onez bederen dago aberastto.

J. Barbier

 

Amacho!... Euskualdun amatto chaharra, Jainkoak Euskual-Herriko Etchetan zaharrazi, zaharrazten duen etcheko-andere eta ohiduren begirale pare gabekoa!...

Adinek diozkate ileak churiti. Adinek dute pitta bat konkortu. Ez diozkate, adinek, bihotza ez eta gogoa chimurtu.

         "Begira irriz, halaber ezpaina", badabila, biphil eta ichil, supaz-terretik mahainera, mahainetik sukalde-alde guzietara, bethitik egin diren lan beretan, aintzinekoer ikhasi molde berean, gazter irakhitsiz, eginaraziz, etcheak atchik dezan egundainoko aipamena, ohitzak izan daitzin zuhurki begiratuak, gain gainetik goretsiak.

        Lan-artean, pausa beharrez, supazter chokoko kadira apalean, amaren, amatchiren kadiran, jarririk dagolarik, maiz zaizko bizian erabili gertakariak gogorat ethortzen.

Bortz haurride izan dire, bortzetarik zaharrena zen, etcheko-andere geie. Anai, arrebak esposatu ziren herrian berean. Elgarren estekamendu osoenean bizi izan dire, bizi dire. Aita eta ama hil zintzaizkon zahartuak, aita lehenik.

        Hitz-eman zenean, senar beharrak egin zion erreztuna esku ezkerreko laugarren errian sartzean erran zion: "Zaharrek diote erri hori dela erreztunarena, zeren hortik badoan zain bat bihotzeraino."

        Bertzalde, igorri zion, usaia zen bezala, saski berri bat lorez eta chingolez apaindua eta, barnean, hiru ogi, hiru botoila arno, hiru olaichko pare, hirunazka Trinitate Sainduaren ohoretan.

        Berak eskaini ziozkan arthor-aintzineko botoin ureak, eta gerriko zinta seda gorria estreina-zetzan espos egunean.

        Elizara aitak lagundu-ta, senarrak, handik etchera heldu zuen, kapa beltz berriaren azpian, motho seda churia buruan.

        Ez da, behinere, mothoa bazterrera utzi. Kapa dolu guzietako arrapa da. Zintak apaindu, apaintzen ditu bere mutikoak. Besta-Berri egunean, Iduzki Sainduaren bigiratzeko edo Euskaldun Dantze-tan.

        Lau mutikoz eta bi neskez amatu da, lehena mutikoa, etcheko-nagusitu dena.

        Alchatu ditu, seiak, amultsutasun berarekin, maitararaziz, ororen gainetik, Jainko, Euskual-Herria, Etchea. Gorputza euskualdun esneaz diote hazi, gogo eta bihotza euskualdun ohitzez.

        Nigar aldietan, kantu zahar bat aski zen haurraren begien agorrarazteko eta emeki, emeki ttikiaren lokharrarazteko.

        Handitzearekin irakhutsi ziozkaten zakizkan Arbasoen kantore eder eta hunkigarri guziak.

        Ez dituzte ahantzi. Bil aldietan errepikatzen dituzte unhatu gabe, alegeraki, boz ederrenez. Atsegin gozo batek hazia egointen zaiote aditzaile.

        Trabatzen zituen ere, lan-artetik, muchikoen edo fandagoaren puntuetan. Ez ziren denak berdin erne, berdin abil, berdin zalu eta arin, hala ere dantzariak agertu dire.

        Negu beltzean, ilhundu eta, denbora tzarretan bereziki, supazter kharraren beroak jana, othoitzak, denak belauniko, egin ondoan, bera arrosorio erraile, zonbat ichtorio-michterio khondatzen ziozkaten!...

        Iduritzen zaio ikhusten dituela, bera haurrean egoiten zen bezala, ahoa chabal-chabala idekia, mugitu gabe, kasik hatsa gana. Hein izialdurak "basa jaunen" edo "laminen" ikarragarietan!Zer irriak, zer esku zartak "gaichtoak" errautsiak zirenean!...

        Eta bisanbis, bere "gizona", etchego-nagusia, ichil-ichila, irri gozo bat ezpainetan, egoten zitzaion behea eta aditzen.

        Gogoan dauzka sarkorki hain maiz erraiten ziozkan solas hauk: —"Bai, gu, saskitik ere gizon gare, bainon sehaska da emaztekiaren obra. Zer gintezke errokeriak urrunarazten balu sehaskatik emaztekia! Gu, gure gizon-kunde guziarekin, guti. Eta zer bilaka liezke gure ohidura maiteak?..."

        Gan dire denbora hek...

        Mutiko zaharrena etcheko-tu da. Hauzoko neskatcha bat hartu du andrezat. Bortz haur hazkar sortu zaizkote.

        Amacho, alargundu da, bainon etcheko-amatzat deraukate guziek.

        Erregina emazte chintcho eta langile baliosa atheratu da. Lehenagokoen urrats, berak deramazka ohitzer suharki jarraikiz, ohitzak begiratuz, begiraraziz. Ez dakit zer atsegin egin amaginarrebari. Amachoren erraner dago bethi.

        Amattok bezala, haurrak ariazten ditu Euskuaraz kantuz, jauzikarazten ditu Euskual-Herriko dantzetan. Afaldu-ta othoitzen ondotik, ditu Euskualdun kondairez jostarazten.

        Eta amacho, supazter chokoko kadira apaletik, amultsuki beha dakiote loria-tua.

        Langile izana, lekuko da, orai. Arbasoek noizbeit hasi saila eremana dela, garbi eta oso. Jainkoak hautatua dion bururaino.

        Bigarren semea pilotari famatua athera da, badu ere trebetasun bat bertsutan. Bi seme eta alaba ditu. Mutiko bat aphez egiten ari.

        Bertze bi mutikoak gan ziren Ameriketara. Arras ongi doatzi. Ardura helarazten diozkate beren berriak bethi euskuaraz. Itzuli bat egingo dute sor lekhura.

        Alabak, hauso herribatetako bi etche-alde onetan etcheko-andere-tu dire, gaztean amak irakhutsiak handizki obratzen dituzte.

        Ez dire, itchurapen guzien gatik, alabainan, egun guziak berdin urdin iragan, ahatik, egundainon etsimenduak ez ditu etchekoak jo. Denez, egin bideak osoki betheak izan dire, minak, enheak bortizki jasanik, nahiz Euskualdun sortu bezala, Euskualdun hil.

        Gazteak junts berak sustengatzen ditu. Zer zoriontasun Amattorentzat!

        Aithortzen du, Amachok, ez dela, zorigaitzez, berak ereman bizi molde bera. Zonbeit urthe hautako gerla eta kalamitatek hain ikharagarriki itzuliphurdikatu dituzte toki, gauzak, jendeen gogo eta izatea!

        Tristura batek hartua gatik, ez du uste Euzkualdun Amachoek debaldetan lana egin duketela.

        Euskualdun Emaztea Amachotu, Amachotzen da, bainon, dautzi gazte Ohitzak eta Euskual-Herria.

        Ez da beldur, Amatto, sinesten baitu Gernikako Aritza erros gora bota behar duen haizea ez dituela, zonbeiten usteagatik, berehalakoan Euskaldun Arbolaren osto-aldia eta bazterrak firrindatuko.

        Eta kadira apaletik chutitzean pentsakeka hau gogoan irabiliz lotzen da berriz lanari:

         — "Euskual-Herria, Euskualdun Ohidurak suntsituko direla?...Ez..zeren Jainkoak emana ez dezake Ama Birjinak ken..., are-gutiago...deabruak..."

 

                Oi, Amacho maitea, agian luzachko,

                Jainko Jaun onak zaitu gurekin utziko!

                Ainitz urthez, agian, zaitu ahantziko!

                Luzaz, agian, luzaz gaituzu zainduko!(1)

 

                                (1) J. Barbier.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.