Gernika'rako
¿Zer ote da lenbizi: Euskara, Eskuera, Euskuara, Eskera, Uskera ala Uskara?
Lopez Mendizabal'dar Ixaka'k
Aspaldiko gai guztiak ilumpe beltzetan bilduak agertzen zaizkigu. Eta batez ere gure izkuntzarn asierakoak illunagoak. Millaka urte atzera joan bear bai da gai oen aztarnak arkitzeko.
Bañan lerro oetan arti eta garbi gai zail au ez ipiñiarren, itz batzuek nai dizkiogu berari eskeñi, beste norbaitek, ondoren, zerbait gehiago erantsi dezaion. Irakurburu bezela len ipiñi ditugun izenetatik, gure izkuntzak zein zuen lenengoa?Gure aurrekoak ez bai zuten beñere, dirudienez, ezer idatzi idazle arrotzak eman zizkiguten izenak lenbizi ikusi ditzagun.
Guri, euskaldunoi, deitzen digute: Vasconum, Tito Livio'k; Vascones, Salustio'k; Ouaskonon, Ptolomeo'k eta Estrabon'ek; Vasco, Silio Italico'k; Vascones, Juvenal'ek; Vasconum, Plinio'k; Vassconis Ausonio'k; Vasconias, Hydatius Lemicus'ek; Vasconia Biclara'k; Vasco Venancio Fortunato'k, Wascones, Tours'eko Gregorio'k; Guasconia, deitzen dio Ravena'ko Cosmografoak Akitania'ri, geroztikako Gascogne eta Spanoguasconia, Pirineoaz bekoaria; Wasconiam, Fredegario'k; Wasconiam, Einhardo'k... Eta guzietatik atera genezake Uasko itza or darabillela, italitarrak V, U bezela irakurtzen bai zuten, gero vasko bezela irakurri baldin bada ere.
Beraz, guri vasko deitzen ziguten, orain bi milla urte eta ondorengo urteetan ere. Gure izkuntzaren lenengo izena nola ote zan? Goazen lembizi beste itz batzuek ikustera:
Urkia'tik dator, dirudienz, Aurkia abizena.
Alki'ari askok aulkia deitzen diote.
Urte'tik dator, noski, aurten.
Bestetik ditugu Usa eta Eusa, Naparroako abizenak eta baita ere Auza, erria eta mendia; Untza eta Beuntza, abizenak, an ere ditugu; Intza erriaren ondoan arkitzen da ere beste erri txiki bat, Gaintza, Naparroan, eta izen bera duena Gipuzkoa'n beste bat ba da. Oek guziak ikusita esan genezake i'tik ai irten dala, eta u'tik eu, eta a'tik au. Orduan, beraz, lenago izango litzake eskara, euskara baño, eta baita ere eskuara eta eskuera baño. Oek biak, batez ere, esku otsaren indarra gañean daramatela esan genezake, edo beraren ustez, esku itza or barrenen, baizik usko, esko, osko, asko edo onelakoren bat, eta beretik etorri ziran beste aldaketa guziak.
Asko itza izan ba zan gure aurrekoen abizena, ortik etorri zitekean oso errez Uasko, eta onela deitu zioten erromatarrak, eta baita bere ondorengoak oso berandu arte. 1038 eta 1120-aren ere Leon'go Eliz-Nagusiko idazki batean, gutarrak Gaztela'ko lurretan ornitu zituzten iru erriei deitzen diote: "Vascones, Vasquones, eta Villa Vascones". Beraz orduan ere vaskones bezela agertzen ziran numbait. Vasko ori leago asko, edo osko, edo usko izango zan, erromatarren aldiko Oska erria, gero Huesca egertzen dan bezela.
Gaur France aldean ikusten dan Auch erria ere san oi da guretarrekoa izan ote dan. Ba liteke, aspaldian gure erria zabalduagoa arkitzen zalako. Eta au errez ikusi ditekena da, toki-izenak inguruetan ugari arkitzen diralako. Eta Auch ori, onenean, osk bezela oguziko edo esango zuten.
Beraz auskoak edo euskoak, edo lenbizi askoak, eskoak edo uskoak izango giñan. Eta gure izkuntza eskera, uskera eta gero euskera. Gaurko egunean ere, Naparroa'ko Araitz'aldian gure izkuntzari deitzen diote eskera, eta ez euskera.
Orra bada zerbait ipiñi aspaldik gaiak argitu naian. Ez da izan gure ustea gai zail au zearo garbitzea. Oraindik ere beste korapillo asko ondoren bat datoz. Nundik dator ausko, eusko, usko edo esko ori? Eta nundik dator eskera edo euskera'ren azkengo era ori? Bañan au guzia beste batean ikusiko degu, eta bitartean besteen iritzia entzun dezagun.
Buenos-Aires, 1950
|