L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 19. zkia (1952-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Erderazko bueno eta malo euskeraz

 

Lopez Mendizabal'dar Ixaka

 

Askotan entzun degu euskerazko on itza erderatik etorria ote dan. Eta onek, egitan, ala dirudi. Bañan noiztik itz ori artu zuten gure aurrekoak? Eta ez al zan gure izkuntzan, on ori esateko beste itzik?

        Goazen lenengo gaia jotzera. Kristautasuna noiz sartu ote zan gure errian oraindik garbi ez dakigu. Bañan gutxi gora bera gertaera orren aztarna atera diteke.

        Gure aurrekoak, gure mendietan bizi ziran, besteren mende beñere egon gabe, eta beñere beste iñor beren mende euki gabe. Erromatarrak España aldean izan ziranean, geiena menderatu zuten, bañan euzkotarrak eta berak, itunben bat egiñaz aspaldi artako idazleak esaten digutenez. Eta argatik erromatarrak ez zuten gure aurka burrukik eta gudik egin. Berak eta gu pakean bizi izan giñan.

        Bañan aldi ontan erromatarrak ez ziguten bialdu beren bizibideko aurrerapen aundirik. Gure erritik igarotzen ba zan bere bide nagusietako bat, ez ziran gelditu, esate baterako, inguruak menderatzen. Argatik Naparroa'an arkitu diran kondar batzuek kenduaz, erromatarren gauz gutxi oraindaño arkitu da. Aldi ontan ez zen bada etorri guregana Kristo'ren argia.

        V'garren eunkian, Erroma erori zanean, Europa guzia nastu zan. Germania'tik jetxi ziran gizonak alde guziak zapaldu zituzten. Bañan ala ere gure aurrekoak, euzkotarrak, aen ekiñaldiai eutsi zioten, eta ez zituzten menderatu.

        España'n berak, godotarrak, nausi izan ziran 711'garren urte arte. Orduan arabitarrak sartu ziran eta geiena egun gutxitan artu zuten. Ez zan, bera, naspil artan iñor etorri Kristo'ren argia zabaltzera. Bañan andik laister, VIII garren eunkian, agian, bat edo bat gure errira azaldu zan, ikasbide eder aek erakartzera. Nundik etorri ote zan ez dakigu, bañan ba liteke iparretin, Baiona aldetik edo etorri izana, eta onela euskeraz zerbait ere jakin zezakean. Gure izkuntza zerbait jakitea bear bearra bai zan kristautasuna errezago zabaldu eta erakutsi azteko.

        Lenengo gaiak oek izango ziran, noski, au ona da, eta beste au txarra. Lenengo bidea daramana zintzoa, zuzena, zindoa, ona da. Bañan gauz okerrak egiten dituena gaiztoa, txatxua, petrala, alua da. Kristo'ren bidea jarraitzen duena ona, eta jarraitzen ez duena alua. Bi itz oek on eta alu, latiñezko bonum eta malum'etik datoz gure ustez, orduan ez bai zan oraindik gazteleraz itz egiten, eta ordungo mixiolari aek latiña ezagutuko zuten, noski.

        Ez du onek esan nai gure aurrekoak ez zekitenik zer zan on eta zer gaizto, baizik miziolariak etorri ziranetik zillegi zanari, sori zanari (zillegi, toki askotan, lícito, eta sori. Laburdi eta Zubero eta beste batzuetan, erderazko lícito ere) on, ona deitzen zioten, eta gizakume gaizto, txatxu, petral bati alu, alua, eta bere gaiztakeriai, alukeria.

        Azkue'k bere Iztegian beste adiera bat alu izenari ematen dio. Bañan guk, egia esatera, ez degu beñere era ortan entzun. Eta askotan galdetu izan degu ori jakin naiean. Gizon bati erantsi dezaioken itzik gaiztoena alu bat dala esatea da. Eta galdetzen ba dezute itz orrek zer esan nai duen, ez dezute beñere gauz garbirik aterako, baizik gaizto baño gelako dala, gizon gaizkille eta okerrenak ere beretzat artu nai ez luteken izena.

        On eta alu, gure iritziz latiñezko bonum eta malum' etik etorri dira, eta gure aurrejoei erakutsi zizkioten guregana kristau-ikasbidea erakustera etorri ziran lenbiziko belgundari edo mixiolariak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.