L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 19. zkia (1952-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Ametsa

 

Mirande'tar Jon

 

Pierre'k begi bat iriki zuen, gero bestea. Goizñabarra zan dagoeneko bañan, aren aldamenean, Marcelle —aren emaztea— lo betean zetzan oraindik. Apur bat gelditu zan ari begira: adats orailla buruko zurian zeukan nás-más, arpegiak nekatutxe antzematen zion... Berandu oeratu ziran bart; bere nezkontzaren urteburua zan atzo eta adixkide zenbait abetaldu zituten artsaldean; gero restaurantean apaldu zuten —ezkondu baño len egin oi zuten bezela— ta dancing batean eguna amaitu.

        Pierre ez-ondo batean zegoan. Yan ta edan zuken geiegi edo. Eztarriak kilikatzen zion, geiegi erre zuen ausaz. Exeri zan oean, gogoetaturik. Zoriontsu izan ote zan ezkon-urte ortan? Ezin esan zezakean. Oroit zuen Marcelle, bere emazte alkarrekin bazkaldu oi zuten, lantegiko yantokian: or zuten alkar ezagutu. Arratsez, lanetik ateratzen, bata-bestea igurikitzen zuten eta zenbati aldiz ostatuan sartzen ziran edari bana artzera. Geroxeago Pierre'k kinemara eraman zuen. Noiz maitemindu zan arekin? Bañan maitemindu al-zan egiazki? Urbilkiago so egin zion; lo zegon beti, gau-yantziaren xamarra askaturik, bular bat agiri... Sorbalda-ukaldi bat eman zuen Pierre'k. Egia esan, ez zan neskazale amorratua; ezta edarizale, ezta kirolzale... Aundi zan ain zaletasun gutxi eukitzea ezertarako! Erabe edo alper ez aatik. Aitaren aolkuari yarraituz lanbide-eskilan sartu zanean, ikasle ona izan zan; baita orain, lantegian, langille ta zintzo beti... Bizia aski ondo irabazten zuen, ori bai.

        Bear bada, ez zan Marcelle'kin maitemindu, bañan bidesko da "neska bat eukitzea" ogei-ta-lau urteko mutil batentzat. Beiñ ausartu zan neskatilla bere etxera eratortzera; —gurasoek nekez gerokotu sosekin kanpoan erosi etxe txiki batean beren egunak bukatzera yoan ziranetik, berau er eaiekin bizi zan. Eta Marcelle'k etortzeko deia onartu. Irripar egin zuen Pierre'k, egun ura gogoratuz. Gisakoa zan Marcelle, oro ar... Andik illabete zenbaitera ezkondu ziran —ori ere bidezko bai'da. Bien gurasoak ezteietaratu ziran; neskarenak kanpokoak ziran, txintxo-txintxoak, pozik alabak senar yator, langille bat bildurik. Eta ezteilar ziran bizpairu lankideak ere oso pozik zeuden. Pierre ta Marcelle biak lagun onak ziralako, eta gauzak aundizki egin zitutelako... zer yan baita zer edan bazan; gero dantza ta kantaldiak.

        Geroztik, biziak yarraitu zuen gertakari aundi gabe bi ezkonberrientzat. Ondo alkar aditzen zuten. Etxeko-andre ona agertu zan Marcelle. Nai izango zuen, noski, etxe eder ta aundiago bat, oraindar tankeran antolatua. Irabaziak ordea, urriegi zituten ortarako, biek lanean yarraitu zuten, ezkondu aurretik bezelaxe. Igandetan kinemara yoaten ziran, batzuetan dantzara. Auenka ibiltzerik ez zuten orraitio, naiz zenbait aldiz doi-doi eldu illabete-azkeneraño. Ezen Marcelle'k yantzi dotoreak ere maitexka zituen —ori zuten bien arteko liskar aitzaki bakarra. Mañan Pierre ez zan batere asarrekor eta liskarrok ez zuten irauten. Gañera, goxo da andre apaiñ batekin irtetzea, igandetan...

        Gogoan zerabillen ez zala ain gaizki bizi; lankide aurdun asko baño obekiago. Berek aurrik ez zeukaten; ez eta naiere, oraingoan beintzat; gero ikusiko. Bañan oraintxe zeuden bezela, goxoki bizi zitezken, bi-biak... goxoki bizi ziran...

        Gaur aatik ez-ondo zegon Pierre. Goizikegi esnatu zalako ote? Ala Marcelle bere aldamenean araindik lo zekusalako? Ez zan eiki txit ederra orrela apaingarririk gabe, arpegia engoitik zimelduz. Bata besteari ain urbil izatea! Bere emazte, bere bizi-lagun ta oe-laguna... Eta, alazere, arengandik oso bestelakoa zala bera irudi zitzaion, oso beste bat. Aragizko lokarriek ez zituten beraz batu —aren pozik irakurtzen zituen astekarien esakeran. Txarakeriak! Gizak ezin ditezke bat; bakoitza bera egoten da, beti, alabearrez.

        ... Bere buruarekin kexatu zan Pierre. Zer? Burmuñzaletzen ari ote zan orain, orrelako gogoetak alatzeko? Oetik yaiki zan, emeki, emaztea ez esnatzeagatik. Ezbaian egon zan pittin bat, gelaerdian zutik, ez yakin zer egin. Gero yoan zan erosi berri zuten pick-up ederrera —epean erosia, bixian da— eta ospil bat ipiñi zuen, edozein baiño areago, laket zitzaion ospil ura. Kantariaren andre-abots ikugarriak gela ixillean otsegin zuen:

                Mélancolie, un jour s'achève

                Mélancolie, un jour s'achève

        Mugonez oartu zan goiz zala oraindik; ez zituen auzoak iratzarri bear, ezta Marcelle era. Lozale zan au eta astakuru billatu oi zion senarrai, ametsetan itz-egin ta esnatzen zuela otsez. Irratia beraz beratu zuen. Begiak itxi zituen, erosoago entzuteko:

                ... chaque jour, dan, la fumée et dans

                l'alcool, on noie ses peines...

        ... alkolean lorrak itotzen... Eta zergatik ez? Zertako besteek bezela ez egin? Ez zegoen ongi, benetan. Bear bada edateak lagunduko zion. Sukaldera yoan zan, koñak-bonbilla ta edontzi bat artzera; edan zuen pixka bat eta gero oeratu zan berriz, bonbilla ta edontzia oapean utzirik.

        Ospilla amaitzera zan. Oetik yaiki gabe, pick-up'aren besoa atzeratu zuen ta beste aldi bat entzun zuen. Gero beste bat. Eta edan zuen geiago.

        ...Sogor zegon, ezindua. Soiñez beintzat, ezen gogoa iñoiz baiño bizkorrago zuekan. Alkolaren eragiña ote? Nai-tanaiez, asi zan pentsatzen beiñera pentsatzera ausartu ez zan gauzekin. Zergatik ez zan ausartu bada?... Oroen buruan, zer biziera illaun, gertakari gabekoa, berea! Nolaz ez zan berean lanera, egunero lankide berak, egunero izketaldi berak —egunero emakume bera etxean!

        So egin zion berriz ere, bere oean zetzan emakumeari: itxusi zan benetan goizñabarreko argi iñulean, aoa erdi-zabalik, kulunka lo. Bañan bere emaztea zan —ari loturik zegon ezin-autsizko lokarriez— loturik betiko, iñoiz ere ez zan askatuko... Iñor ez dala aske? Edonor, sendi, buruzagi, aberri, ezkontide edo oaide bati loturik dala? Zer zitzaion berari! Ez zan edonor... Bere aurtzaroaz gogoratzen zan, ume-eskolan zebillela. Mentura-liburu ederrak irakurtzea maite zuen orduan; bañan berak ez zuen sekulan menturarik ukan. Gertakari aundiak yaso ziran munduan, gudak, borrokaldiak, bañan berak ez zuen aietan parte artu, ezertan ere ez parte artu. Noren erruz? Gurasoen erruz; orek ere bide-zuzena erakutsi zioten... ezdeuserako. Eta Marcelle'n erruz! Neska ergel arrunta. Muxu zenbaiten gatik, laztan zenbaiten gatik, bere bizi guzian ari loturik izango zan. Izugarria. Irudi zitzaion gau miñean murgiltzera zoala eta igesbiderik ezin arki... Izugarria!

        Koñak bonbilla ustu zuen eta, oartugabe, ospilla oraindik beste bider bat ibill-azi zuen:

        ... un beau jour, dans la fumée et dans l'alcool on noie ses réves... pour toujors.

        Bañan ez zuen entzuten: negarrez zegon orain, ezinbestean deus bat zan, bai, eta ori besteen erruz. Marcelle'n erruz. Urdanda! Urdanda zikiña!

        ...Erotsarekin emaztea esnatu zan: "Zer duk" esan zion griñaturik. Bet-betan ari buruz inguratu zan, besotik oratu ta astinduz. Askatu zan Marcelle eta esan zion berriz:"Bañan zer duk? Zoratu al aiz?".

        Par-egin zuen basaki; eta gau-miñetan, alde guzietatik anotsak sortu zituen aren parrak, abere-par urrundikoak, aspaldikoak alegia. "Zoratu ni?" Askatu naun, aske naun! Oiu asi zan. Bañan aoa estali zun eskuakin:"Ixil adi, urdanda, izil adil" Arek, aldiz gero ta zarato geiago...

        "Ixil adi, ixil adi" birresaten zuen, aren lepoa eutsiz. Azkenean, ixildu zan; aren burua atzera erori eta an zegon mugitu gabe.

        Bere baitaratu zan Pierre, bet-betan:"Abil emendik" esan zion emekiago. Marcelle ez zan mugitu. Orduan konturatu zan gertatuz eta uste izan zuen zerbait lertzen zitzaiola buruan: emaztea ito zuen!

        Pierre esnatu zan, biotza pil-pil. Zer amts ikaragarria! Bañan nondik datozkio orrelako asmo ertzoak gizasemeari, lotan dalarik? Beraren buruaren isekaz, irri egin zuen. Leiora begiratu zuen gero; goiz argia zan. Alo, biziak yarraitzen zuen egunetan bezela; lana, lantegiko-lagunak eta Marcelle. "Marcelle! Zer muturra egingo du ene ametsa yalgiko diodanean! (ez zion aatik guzia yalgi gai...). Aren aldera inguratu zan, alaitua; Ea, esan zion eztiki, ea, Marcelle".

        "Illa zan, zintzurrean ta besoan aztar urdin batzu zeuzkala; bazetzan erdi billutisik, begi margulak zabal-zabalik. Gizona zutitu zan arriturik. Gela miatu zuen arrotza bai-litzakean. Or zegon pick-up berria, ateak irikirik. Or zan koñaka-bonbil bat, utsik, oapean.

        Orduan?

        Oe-ertzean exeri zan Pierre, burua eskuetan artuz. Bein baten... alkolean... ametsak ito... betiko.

 

Paris-en 22-I-52

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.