Ezinbestean
Orixe
(Andima'ri)
Zu ere bai, xeme? ¿Zer da kultur, izen itsusi ori? Etzaitzatela bildu, pixkarik ere, beren xoxo-kabira berrizale oiek. Etzoazala oien besotik gizabete ere. Bein edo bein, oso bakan, ezinbestean, eskua eman, bai. Len ere egiten genuna. Gaztelaniz baiño len sortu zan euskeraz "hombre inculto", gizon landugabea. Ez daukat emen nere iztegitxoa, ez ta Agirre Asteasu'ren "Eracusaldiac ". An dago, irakurri nai dunarentzat. Beraz hombre culto gizon landua, gizonari erabat baldin ba'dagokio; buruz-landua, buruko argitasun bakarrari ba'dagokio. Nere gaztezaroan "instruido, ilustrado" esan oi zuten erderaz; orain culto diagote. Zera esango dit norbaitek: Kultur orrek gizon osoa atzematen dula, bai ta biotzari edo oitura onari dagokiona ere. Nik ez dut ontzat artu beiñere adiera ori ustelkeria besterik ez baitu ekarri berekin. Gaiñera, gure iaurespide edo erlisioa ordeazteko ekarri dute, lenago civilization eta lenago Humanismo bezala. Gauza onak ekarri ditutela, bai, buru-lanari dagokionez; bestela ezer gutxi. ¿Ikasia, buruz landua, eskolatua, ez al dira baserritar itzak? ¿Zertara ekarri itz elkortu edo fosil oiek? Gazteleraz ere cultura itz elkortua da. Erdera iatorrez "labranza" da. Gizon ikasi oiek ekarri zuten itz berri ori, eta sekulan ematen bi u dagozkala, ez ta bi I ere, ez ta I, u, naste ere. Nik bezain ongi dakizu cevilización esan oi dutela, Celipinas bezala Filipinas orden, eta trebutto tributo orde. Ala ezagutzen du Eusebio Hernández'ek. Egoki dakarzu E. G'ren lana buru lana gizontxo oieri irakaskizun bat emateko; baiña muzin egingo diote. Bai guk ere oieri, arrazoi aundiagoarekin. Zuk baietz uste ba'duzu ere, bide ortatik ez dute ezer aterako. Baizik ere... gu len baiño garbizaleago egitea. Erri erriarentzat ez-baiña, gure 350 irakurle oientzat, onez aurrera erabiliko ditut Eusko Gaztedi'koen itzak ere. Geienaz era iakintsu-ele oiek aiña elkor ditezke, ta ez oinbeste ere: Kultur-terminak!!! ¡Utikan zikinkeri diek! ¿Ez al dago obeki iakintsu-ele?.
"Mokoroa'k diozu Villasante'k egotzi dizkion zenbait gogoetaz bere burua garbitu nai du! ¡Ala zipo! ¿Nai utsa? Berreun zati egiñik uzten du gauza guzietan. Ni Mokoroa'rekin nago, Ortografi auzi ortan ez bestetan. Naiago nuke "Genio y Lengua" ta "Carta semiabierta" nere be'nitu, bost duroko bat baiño!
¿Ez al diegu erakutsi Krutwig'i ta Villasánte'ri, aien artikuluak euskera ederrez eta biziz ipiñi ditezkela, itz elkor oietara io gabe? Iru gauzetan utsegiten dute: 1) latin iatorra ez dakitela; 2) euskera iatorra ere ez, barren barrendik, beintzat; 3) itzulkizanaren arauak ez dakitzatela.
Lenbizi, erderaz gaizki esanik dauden gauzak ere, euskarara aldatu nai ditute; urrena, adiera bakoitza ta berekia dun gauzari erabateko adiera eman nai diote; irugarrenik, elkar-bear diran eleetatik batian egiten dute. Lenengoa ta bigarrena batean adierazteko, bedi "actos " itza. "Biar egitekoak" orde "biar egindakoak" diagote. Parragarri zaie gure baserritarreri. Los hechos de mañana ez-baiña "Los agendos" de mañana bear luke: agenda. Eta orrela milla itz, gaizki edaturik daudenak. Betoz Vinson, Unamuno ta aiza, euskerak ez dula erabateko itzik. Oker edaturik ez, erderak bezala. Ori etzuten ikusi, lausotu aiek. ¿Bestela, non ditu gaztelerak eta prantsesak guk aiña erabateko itz? Itzen aldaskak urtume edo altxumak erderaz sufijos esaten baitzaie, erabateko gogorakizuna dute berékin: aldi, alde, zergauza, t. a.
Goazen irugarrenera: "cultura" gaizki dago latin iatorrez. Burniaren edo lokatzaren Mendeko latiña da ori. Itz orrek bear du, nai ta nai ez, izkera iakintsuetan, uztar-laguna: agri-cultura, hominis cultura, mentis cultura. ¿Zergatik? Itz oiek bizi baitziran latiñean. Zergatik ez erdera berrian? Eriko itz ez dalako, ele elkor dalako. Iakintsuek ba-dakite zer adierazten dun, baiñan ez da aski. Izkera illa da ori, elkorra da ori. Assumpzino esateko ez zan aski latin iatorrez assumptio; bear zun gaiñera ad caelos. Bestela galde zezaketen latitar iatorrek: nora iaso zuten Andere Mari? San Josepe'k astagaiñera, Belen'a zoala. Gure izkera iakintsua da, latin iatorra bezala, "lengua sabia", ta erritarra gaiñera. ¡Alde, beraz, itz illak eta elkorrak!
Dagoeneko ikusi dugu zer ekarri digun Krutwig'en coltura orrek:
"Gauzen izaitea Ezerezean
dago; Nirbana da beren zentzua"
Gauzen gauza ezin da bilhatzea
gauzek barruan gezurra baitaukate.
Lanho de oro, mundua, elhea.
Ezer eztago, eztago Gogorik,
Spiritua ez da Kimaira baizik".
Eta abar. (E. G. III, 5-6).
Ez dakit Krutwig Budaren ala Tzeus' en seme dan. ¿Neurtitz oiek lumari erdoia kentzeko egin ote ditu? Ala ere arinkeri aundia litzake. ¡Ara, mutikoak! Oraintxe sartu da euskera gizabidean, Iainkoa ukatzen ikasi baitu. ¡Zer zadura-badura nâsiak ematen ditugun zartari berri ortan!
Ez, Andima, ez; ez goazen oien besotik gizabete ere.
|