L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 23. zkia (1953-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaldungoaren etsaiak

 

Mirande'tar Jon'ek

 

Gure herria maite ukhan arren halaz ere maitarzun horrek itsutu ez ba gaitu, guhaur izan garela maiz lehen etsaiak aithorrtu berharrko dugu. Bertze gende individualistak oro bezala, —halanola Keltak— alde batetik autonomian bizi nahi ukhan dugu bethi, eta bertzetik, autonomia hori segurta lezaketen organisazione sozialik ez dugu behin ere onhartu nahi ukhan. Mark Legaz-ek dioenez, anarkhistak gara... Nire ustez, haatik, atzerritarrek dute anarkhismu galgarri hunen hazia gure baithan erein, Euskalherri elkharrtu eta indartsu baten bildur zirelakotz.

        Eze, nahiz oraiko Euskalherritar bakhetsuak ahantzi duten, dirudinez, bi aldiz gure arbasoak beren Ipharr eta Hegoialdeko hauzoen bildurra izan ziran: lehen aldikotz, Pyreneuz haraindiko aldiriak Garonna ibairaino —eta haratago ere— errhautsi, soildu edo bereganatu zituztenean Nafarroko menditarrek; bigarrenekotz, Hispaniaren reconquista zela zio, Nafarrtar Statua eraiki zutenean Afrikatarren aurrkha... bai eta hauzo khristauen aurkha ere. Hauk dira gure historia moderneko egintza nagosiak; hauiengatik batez ere, zuzenbide dugu Euskaldun izenaz burgoi izaitera, enda sentho eta azkarr bat izan garela baiterakhusate; enda sentho azkarr ororen antzora hauzo ahulagoren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekharriek ginelarik. Egun, aldiz, erran-delako abertzale zenbaitek, Euskaldun zaharrak izan diren zaldun aidor, guduzaleen spiritu aristokratikoa erdeinatuz, haren lekhuan beren gisako Euskaldun berri, bakhezale, hauzo on eta puska-onen spiritu demokratikoa "a la française" eredutzat iarten deraukute. Nik ez dut erranen spiritu berri hori gure dekadentzaren kausa izan danik, —bainan bai dekadentzaren ondorio eta agerkhun dugula. Frantzitarren ariora demokraziaren amets urdinekin lokhartzen den herriak zaharrtzen eta akhitzen ari dela emaiten du ikhusterat.

        ¿Nondik ethorri zaiku dekadentza? Gure ahalmen politikoaren bildurr zegozen hauzoek, hots, Frantziako Rege Guztiz-Khristauak eta Espainiako Rege Katholikoak, oharrtuki eragin zeraukutela ezagun da. Deithura hoietan, hain zuzen ere, euskaldungoaren etsai handienak nabari zaizkigu: Europako Sarthaldeko bi statu latin-berriok eta Romako Eliza. Hoiek, elkharrekin lankhideturik, gure endaren bereizgarri guztien erauzteari thaigabe ekhin deraukoten, nahiz alhorr politikoan nahiz sinhespenen alhorrean. Eta, georren ergelkeria lagun, ekhite hori hain osokiro burutu dute non, azkenean, beren sehirik leialenak egin baitituzte Euskaldunetaz: batzuek Espainitarr hoberenak izan nahi ukhan dugu: berzeek, Frantzitarr hoberenak; eta guztiak, Eliza Amaren semerik zintzoenak. Arana-Goiri'tarr Sabinek politikan eragin-reakzioneari eskerr (nahiz edadura aski ez duen ukhan, ene aburuz), Hegoialdeko Euskaldunak hain Espainitarr iatorrak ez direla ohartzen hasiak ba dira ere, oraino burhau bat dirudi Zuberotarr edo Benafarrtar edo Laphurtarr batek Frantziaren etsaitzat aithorrtzen duenean bere burua; bai eta burhau bat are ikharagarrigoa non-nahiko Euskaldun bat Katholizismuaren aurkha agerrtzen denean. Ni oroz lehen Euskaldun izaiki, heien etsai naizela aldarrikatuko dut ausarki, pseudo-euskaltzaleak oro eta % 50-eko aberzale guztiak nardarazi beharr ba ditut ere.

        Hasteandanik, euskaldungoaren gorputzkintza izan den Nafarrtar Statuaren kontra iokatu dute Aita Sainduek. Elizaren urgaiztez, Rege Katholikuek Bizkaitarrak eta Giputzak seduzitu zituzten euskal-statuaren ganik alde egitera. Bi eskualde hoien iokaeran gure geroztikako bethiko makhurra iadanik agiri zaiku: lekhoretik ethorritako lege, sinhespen edo sinheskeriei beharri emaitea eta gurez-gure direnen arbuiatzea. Horrtan ez soilki Bizkaitarra eta Giputzak, bainan bai Euskaldun guztiok hobendun izan gara goiz ala berantago. Espainaren politika "herri-eta sinheste-osotarzunaren alde" zorionean bururatu zitzaien —Iaungoikoak benedikatzen zuelakotz, agian— Nafarroako azken monarkhak protestante sirelakoan eskumulgatu izan zirenean, eta heien lege-herriak hauzo khatholikoen menpeko eman zituenean Romatarr eskuzabalak. Ai beren aitzinako paganizmuaren begiratzera herabe izan ziran Euskaldunok, behintzat protestant bihurrtu izan ba lira Euskhalerria salvatuko zan ezbairik gabe, herri bat denetik... Albret-eko Ioanna eta Leizarraga hotsemaile genituela, berphizkunde bati bruzu ginhoazen bai herriketan, bai intelligentzan: gure gogo-hertstura dela kausa, hala ez da izan... Gurt gakizkien, halaz ere, Reforman alderdi harrtu zuten Zuberotarr eta Nafarrtar Aitorseme zintzo heiei: hobe baita gudukatu eta galtzea batere ez gudukatzea baino.

        Alta politikoaren alhorrean baino are kaltegarriago izan zaiku Elizaren eragina spirituaren alhorrean, geroko edozein berphizkunderen ithurri biziak urdindu zerauzkigulakotz. Euskaldun zaharren gogo basa, borthitz eta handia aphaldu, ahuldu, hobeki erran irendu zuen haren doktrinak; otso ginelarik, bildots egin gaitu... Gu paganu ginan oraino gure hauzo guztiek aspaldian onharturik zutelarik Goierritar batzuek ekharri "Berri Ona"; eta gere ere, paganu egon gara bethi gure izaiki-zolan, egiazko Europatarrak oro diren bezala. Orienteko doktrina bat baita Khristautarzuna, hangotarrentzat egina; eta Europa hunetan erro hartzekotan, hemengotarren Weltanschauung bereiziari egokitu beharr zaio, nahi ala ez. Europatarrak zuzentza nahi du, bai eta nuantzak; ezin harr dezake... evangeli-elhetzat Goiz-erritarren enthelegu sorgorrak kilikatzen dituzten dogma zehatz eta lazgarriak. Horrengatik, Elizaren hastapenetik hunat "heretikorik" asko aurrkhitu dituzte bethi beren aurrkha iazarriak, Romako iaun berriek. Lehenik Keltek, monakhismuaren bidez, eta gero Sede Saindua osoki italianizatu zenean, Germanek, Luther-ek eragin Reformaz Iosuren irakaspenari txerrtatu zeraukoten Europatarrok hain nezessari dugun paganismuaren guna. Gure harrian, ondikotz "eraberritze" hori ez zan egin ahal izan... Aitzitik, are lehen baino arrotzago genduen Eliza baten menpean makhurrturik egon ginan, italianizant izaiteko ordez oral hispanizant, h. d. Afrikatarr-Kamita, bihurrtu baitzan Kontrareforma zala bide. Kontrareforma horren "gizon-handia" Euskaldun bat izan dela, horretan gure zori guztiaren synbol bat dakhusat: Euskaldunak, beraren nazionalitatea halako atsegin masochista batekin gutietsiz eta aldebat atsiz, bethi eta bethi beren indarr eta ahaleginak oro, bere enda-energiak oro arrotz eta atzerritarren zerbitzuan eman ditu. Egun ere, gure neskak Frantzitar edo Espainitarr bourgeois endekatuen baithan neskame sartzen diren bezelaxe; gure muthilek Frantziaren harmadetan, Alemaniaren kontra gudukatuz, gudari hoberenen izena irabazten duten bezelaxe —Frantzia Euskalkungoaren etsaia eta Alemania, gurea ez bainan gure etsaiaren etsaia izaiki— halaber Euskalherriko adimen bizkorrak, euskararen eta euskal-kulturaren alde lan egiteko ordez aphezgaitegian sartzen eta proselytismuaren aritzera ioaiten dira lurralde hurrunetarat, ad maiorem gloriam Romae, bainan gure herriarentzat onurarik gabe. Hainbat eta hainbat gogo —eta soin— indarr Euskaldun horrela alpherrik galtzen ikhustea, nigar-egingarri da.

        Nire elhe hauk entzun-eta, hypokritak edo ergelak iauntziak urra eta beharriak tapa ariko direla badakit, blasphematu dudala hotsez. Engoitik ahatik, Euskaldunik anhitz —gizaldi gazteetan batik bat— nik hemen garbian izkiriatu ditudanak ahapetik erraiten hasiak dira. Ai ginitza bildur eta ahalge zozoak bethikotz utz gure ona eta onura non dagozen ikhus dezaguntzat, behinik bein. Agian eguna ethorriko zaiku, uste baino lasterrago, gure gizeli iainkoen aldareak haizara lorez estaliko baitira gure oihanetan, edo gure bihotzetan bederen; eta Zazpi eskualdetako seme-alhabak, latinkeriak arbuiaturik eta euskal-endaren genioari itzulirik, harzara herri azkarr, sentho eta handi nahi bat formatuko baitute, geroaldi zabal bati buruz ioaile.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.