L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 24. zkia (1953-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

Iparragirre'kin solasian

 

Erkiagarre

 

Adi ezazu, aspaldiko bertsulari hazkar horrek. ¿noiz agerrarazi behar othe deraukute gure edestilariek zure bizitzako izkutu, gorabehera eta zehetasunak oro?

        Zure ibiltaldi batzuen berri ukhan dugu orainguok; halabainan —eta itxaropidea galtzeke—, zure urhatsen lerrokada ugaria, xorta usaintxu bat eginik, gure eskuetaratzeko gogo bibiz gagoz.

        Mende huntako iragan urtheetan, euskaldunok zutazko axol handirik gabe ari izan garena, egia da. Eta ez zutaz soilik, beste euskaldun ospatsu eta entzutetsuak ere, zokho ilhunera egotzi, eta bapo bizi izan gara. Hor dituzu, behintzat, zure pare ukhan ditugunak: harako Zumalakaregi handia, hunako Unamuno ekhurugaitza, eta bertze anhitz gehiago.

        Bainan munduko hauziorrazi eta itxulasketak! Gizaldi batek baztertu daraona, urrenak zuzpertu eta iaso ohi du; eta atzoko arteznahi ta garbizale tinkoen geroztikakoak, egun, gaien soiltasunari eta ametsen lilura gustagarriari iaramon egin hanbatean, egokitasunaren eta errastasunaren ondoren ari dira.

        Hune latan, euskaldun izan zinan arren, Iparragirre aspaldiko hori, norbaitzuen gogo betheko izan ezpaizinan, pizkude-saileko mugaz kanpora utziak izan zinatenok, gure barrutiratzea dagokio oraingo euskalzale.

        Euskararen oboan ere, zaharberrizketan ari dira orailko euskalzale gazteak, eta hauiek ere, zio eta zenbait baitute, ezta bidezko, nik uste, gehiagoko gabe, eztenkatzea eta erruki gabe larrutzea (batez ere erdalmintzoz). Esate baterako, guk orain darabilzkigun letrak euskaldunak ezpaitira, ez othe datorkio gure mintzairari errezpide tipi xumea bederik, erre eta elle gangurdunen ordez rr eta ll erabiltzatik? Hortik eztugu ezer ez euskarago, ez eta ezago ere. Errazago, bai noski.

        Bainan, Iparragirre zaldunak dugu aldi. Bai, ene koblakari hori! Gure begien aintzinean ibiltan arlote bat baizinan agertu izan zaitue. Ehun urthe iragan berri dira zure kanta maitagarri eta bikain hura oihuztatu zenuela. Zuloz ornitua dugu gure adimena zure iduria, zure egitada eta ioan-ethorri guztieri buruz. Hots, ordea! Egun hauietan edozein iakintza-gaiez zure aldikoek baino areago iakin behar baldin ba dugu, gure bihotzetan, tamalez, zurean zegoen pindar eta ilentien berorik eztugu mende erdizoro huntakuok.

        Zure kitarra zahartto horren ari mehetatik irten zinkhuria eta intziriak arte edo edertipean aztertuki, bikainkiro eta maila gailenen iabe egitea erdietsiko eluketen arren, ba duzu, alegia, kantu eder bat, oihu zoli bat, heiagora bihozkor eta zuzpergarri bat, aldizkari atsegin hunen irakurleak oro untsa dakitena: " Gernikako arbola".

        Eta lirika sailean olerki edo poema iaio soil baten egilea, bethiereko ereinoz koroiztatua ba daiteke, zu, giputz bertsulari gartsu hori, zure Herriaren oroimenean eta maitetasunean ahantzi ezina beharko zaitugu. Atzerrian ibiliz geroz, Endaian zengozanean

                "...txoraturikan,

                zabal zabalik begiak ..."

        mundu osoan ere Herri hau baino lur oberik elitekeala esatean, agertu zenuen esukal-mina baino ere gorago io zuan zure abenda-deihadarrak; arbasoen gogo-usai xoragarria ezpainetaratuaz, hunela kantatzean:

                "eman ta zabal zazu

                munduan frutua ..."

        euskaldunen artean hain maitatua zen zuhaitz agurgarria neurthitz bero ta oldetsuz agurtu zenuan. Nola-hala, buru argiz baino barne-suharrez ernarazi zenuen kantu eder haren mende-bathetean, galde hauxe eginen dizut, zuk ere, zeure itzal eta eredu mintzoz oraiko euskadun-eri egin dietzezun: Euskaldunen artean guztiz maitatua zen Arbola bedeinkatu hori, nehork ba othe du orain buru-bihotzetan...?

 

1953

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.