Biarno'ko birrizenak eta toki-izenak
Orixe
Quito'ko karrika batean au gertatu zitzaidan. Gizon gazte bat neregana urbiltzean, buruz buru zetorrela, begira asi zait aski zorrotz, eta elkarren parean geundela bai burua itzuli ere. Nere txapelari so egiten ote dio? nere artean. Berak ere euskaldun antza zun, Praintzi aldekoa. Bera asten ez eta ni aurreratu nakio prantsesez: "Euskaldun zaitugu?" eta Bai iauna. Ni nerez Paristar nauzu, baiñan aitatxi euskalduna genun, birrizena Etxe. Orain ordea Maison dugu deitura, aitatxik bere izena prantsesera biurtu baitzun.
Baino aldean nindagola, iñoiz edo beste gogoak eman zidan, ango birrizen ainitz euskeratik itzuliak ote ziran. Bestera ere ba litake, baiña gure Maison au euskeratik itzulia dala ezin ukatu. Biarno'ko ta Landes'etako ilarrietan, naiz Eliz-barrenean, Praintziaren alde bizia utzi zutenen zerrenda aietan, euskaldun bizirrenak ageri dira bakan bakan; baiñan euskaldun antza dutenak ere bai erderaz: Maisonave, Cazenave, Grand-maison, Etxeberri, Etxandi'ren aide dira beinzat. Soubercasse (Sobrecassa) gure Etxaburu Txapasta pilotariaren birrizena Souberbielle (Sobre-villa) Iriburu ta Irigarai'ren antzeko da. Beste zenbaiten aldean bat iduritu zitzaidan oso gure: "Peyrezabes". Bi aldetara idatzia ere ikusi dut, "Peyrezalbes" bigarrena. Ona emen gure "Arrizurieta", españolez "Piedras-albas". Norbaitek gurea Arrizubieta dala esan ba'lezaida, biak, erantzungo nioke. Or daukagu Arzubiaga'ren ondoan Arzuri, Atxuri, españolez Peñalba, Peña-Plata.
Euskalerrian ba-dira "non nere gogoa an nere zangoa" ibili oi diran aberatsak, eta abertzale dirala diotenak. Besterik ez ba'da ere, Eliza oietatik izen-zerrendak kopiatu ta argitara eman bear litukete, iakinstsuek aztertu detzaten. Bai eta ango toki-izenak, euskera garbiz ageri diranak, beiñipein.
Biarno'ko iakintsu batekin ari nintzala, Montautéko baserritar bat igaro zan gure aldetik, eta "or duzu biarnotar egizkoa, iatorra" esan zidan. Euskaldun iatorragorik ez duzu arkituko esan nion ez Markona'n, ez Azpeiti'n, ez Leitza'n, ez Santa Garazi'n.
Ni Biarno'n bizi nintzaneko aurretxo artan argitara zan "Biarno'ko lege ta Oiturak" zeritzon liburtu bat. Beste biarnotar ikasi batekin ari nintzala, au esan zidan: "Bai eder zirala Biarnoko lege ta oitura oiek!". Onela erantzun nion: "gureen biki edo kopia oin eder ba'deritzazu, atera kontus etorrizkoa zein eder ziteken!"
Biarno'ko mugan dagon eskualdea Bigorra deritza. Beste bati itz orrek euskaldun antza zula esan nion, eta, "Pyrenaïque" zala esan zidan. Baigura mendia ta Baigorri erria ere Pyrenaïque dira.
Or atera zaigu katalan bat, Kataluñi'ko iparaldean euskara itzegin zutela esanez, hainbeste toki-izen ageri baitira Santander'ko mugatik Lerida'koraiño. Amabigarren mendean Jaka euskaldunen iri nagusia zala ba-dakigu. Oska ere euskalerri zala ba-dakigu. Ango San Bixintxo iburu'ko Patroina zer izkuntzetan mintzo ote zan, Apezpikuaren orden Iaoinkoaren itza zabaltzen zunean? "Apezpikuaren mihia", izendatu dute, diácono y lengua del Obispo S. Valerio (Germán Prado O.S.B. Misal y Vesperal). Apezpikuak ango izkuntza etzekila, Breviarium Romanum dalako liburuan irakurtzen dugu: "propter impedimentum linguae".
Ez gaiten axolkabe gure gauzeri eusteko. Ba-daukagu non lan egiña, galdua berriro billatzen.
|