L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-2 (1962-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Igel klerikala
Kofesio ona

 

Jon Mirande

 

Gizon batek bere emaztea hil zuen. Lendabizi oso pozik egon zen, bake ederrean bizi zelakotz orain. Geroxeago ordea, nik ez dakit zergatik edukazioa zela, ala oiturak, ala jendeen esamesak; baina, aski ergelki, hasi zen duda-mudan gaizki egin ote zuenetz... eta azkenekotz izugarriko damu bat jabetu zen haren konzentziaz hilketa horren gatik, nora ingura ez zekiela aholku —edo barkamen— billa.

        Gizon hori protestante fededuna zen, bainan ez zen ausartzen Jainkoari berari mintzatzera, hain beltz izaki haren pekatua, orain zekusan bezala. Beraz, bein batean gogoan hartu zuen Pastore jaunari bere egintza aitortu bear ziola.

        Templuan sartu zenean, pastoreak alaiki eta gizabidezki agurtu zuen, gizon hura oso gisakoa baitzen, moralitate onekoa, eskola onetan izana, ta Biblia irakurtzen zuena. Pastoreari agurra bihurtu ondoren, esan zion: "Jaun pastorea, ea aholku bat emango didazun jaungoikoarekin baketzekotz, pekatu egin dut eta: nere emaztea hil dut..."

        Bainan pastorea oihuka hasi zitzaion: "Alde hemendik, Jainkoak utzitako dohakabea! Alde egizu jaunaren etxetik hurrun, izaki gaitzetsia!" Eta hiltzalle gizajoak korrika igesi egin zuen jauretxetik, ifernuko deabru guztiak ondotik izan balitu bezala.

        Pastoreak ez ziola kontsolamendurik eman nai izan, luzaro gogoetan egon ondoren, hiltzalleak erabaki zuen apaiz katoliko baten gana kofesatzera joaitea, zeren protestante izan arren ez zen fanatikoa, eta uste zuen katolikoak ere manera batez kristau direla.

        Eliza batean sartu zen eta kofesategira hurbildu. Apaiz aitorentzuleak galdegin zionean "Zure pekatuak esaizkidatzu, ene haurra", boza ikara, ezpainak dar-dar, bereala esan zuen: "Aita nere emaztea hil dut! " Apaizak orduan, eztiki: "Zenbat aldiz, ene haurra?"

        Ba dakigu IGELARI buruz uste zoroak zabaldu direla lurrean eta zeruan; besteen artean antiklerikal omen direla aldizkari eder ta sakon horren idazle jaun batzu. Bearbada baten batek pentsatuko du goiko ipui horrek ere antiklerikalismuaren kutsua daukala. Bainan ez da hala! Hain zuzen ere, kontrarioa da: ipuiak argi erakusten du apaiz katolikoaren nagusitasuna pastorearen aldera, azkenengo honek ez bezala lenengoak humorearen zentzua gordetzen baitaki pekatu kontuetan ere. Pekatu ariñak direnean beintzat hala nola baita norberaren emazte zuzenezkoa hiltzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.