L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-4 (1962-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Igelak, pesteak eta gañerakoak

 

J. San Martin

 

Adiskide batek esan zuan bezela, euskal aldizkariak illargia bezela dabiltza, sortuz eta suntsituz. Aspaldiko urte oietan beintzat orrela ezagutu ditugu bat ez beste guziak. Bakar orren antzera aite-ponterik ez dutelako edo berak bezela egan egiteko egoak palta dituztelako. Jakiña, aitaponteko gabe eta egaz gabe porrot egin bear.

        IGELA etorri zaigu kidekoak etziranen utsunea betetzera eta onentzat ere bazan ordua, dalako kontrapixua zuzeneko maixua.

        Euskal irakurle guziak ez ditu poztu, naiz ta guziak irakurri. Orrelako mirakulurik ez du egin beste aldizkari batek, Madril-go "Galeperrak" edo izan ezik.

        Nere aldetik begi onez ikusi dut aspaldian euskerazko irakurgai gutxikin jabetzen nintzalako. Ta eterodoxo bezela neuk ere eman ditut, asmo onez eta biotzez, gure euskal-folklorearen kimu batzuek. Aldizkari orretarako ongi datozenak eta beste iñork argitaratu gabeak, naiz eta erriak agoz-ago erabilli. Euskalzale batzuek folklorearen alderdi bat ezagutzen dute eta erriak biak. Baña, au ez-bearra, beraren bearra guretzat parra ta bestentzat negarra. Etorri zitzaidan biaramunean, adiskide on bat ez umore onean; kontu eskatu naiean, IGELA-ren gañean: "I, zertan ari aiz orrelako aldizkari naskagarri bati laguntza ematen? Ez al aiz lotsatzen?".

        Bai, balitekek. Gure erriko Kareaga zaarrak esaten duan bezela, ba-omen dek gauza bat mundu ontako gizonen artean gutxiago dutenak geiago duteneri ematen diena: lotsa. Baña ez adi larritu adiskide, elkar ongi ezagutzen gaituk eta. Gaur gaurkoz mundua zabala dek eta oraindik guziontzat aña toki ba-dek. Ta geroago ere izango dek zerbait. Maltusianismoa ontzat artu bearraren premiña eltzen dan orduan, izango diagu aserratzeko denbora. Bitartean, IGELA, etzeok gaizki elkarrekin broma pasatzeko. Zergaitik bromak benetan ez artzen ere ikasi, bearra diagu eta ortarako ez dek IGELA eskola txarra. Lenago ere esan nian lenagoko euskaldunak bazutela umorea franko, ta, orain, "franko" dala ta aserre gabiltzala. Obe diagu Fran-Fran motzarentzat Txirrita-ren eskola, umorezko bertsoak jarriaz.

        Dagonean dagona, itxasoko arrairik onena. Lenago ere "Euzko-Gogoa"-n idazten nualako, beste batek, beste orrenbeste esan zian, baña bestaldera. Ta, nik ikara gabe jarraitu nian nere bidea, "arkibidea" aretatik, ta orain balantzak eskatzen zidak "galbidea"-kotik zear ibiltzea, "erdikobidea" aipatua billatu eziñik.

        Orrela dituk gauzak. Iztueta-k esan zuan bezela:

                "Egia cierto garbia,
                Ez da gauza mingarria?»

        Ik ongi dakik gure "Españia katolisimoan" Euzko-Gogoarentzat etzala gogorik, eta sarrera galerazi zutela eta IGELA bestalderakoa izanik ez duela orrelako saltzetan sartzea gaitik emengo txapeloker ta bigotedunak obeto ikusiko nautela, lengo "arkibidekoan" baño askozaz ere obeto. Orduan beintzat ez ninduen begi onez ikusten. Bista onarekin ikusi ezin ura etzuan gauza ona.

        Inpernura joango naizela? Etxakiat zeruak berak geiago ez nuan beldurtzen, ala ere "donokiak". Jesus! An izango dituk izatekoak. Paliopean promenatzen duana eta artzobispo "odolostea" ta bere ingurukoak zerurako ba'dituk, nik naiago diat inpernua. Pakea, diruakin ere ez dek pagatzen.

        IGELA-k umore latza dik. Bai. Egia esan dek. Baña obe diagu geure laguntzarekin, geure anduaz leundu, ta ez asi illarterañoko aurkan. Ortarako etsaiak beti izango dituk euskerarentzat. Alperrik esan otsoak otsokirik ez duala jaten, artzak ere gugandik urbil diranean.

        Gañera, IGELA-k, euskera ere ez duala zuzenbidekoa? Alajaña! Ez dek gauza berririk deskubritu. Gure baratzean (ez ordea asaba zaarrenean) bi euskera mota dituk.

        Ez al ekian? Ba, bai: euskaldunena eta bestea. Ta nik neronek naiago diat egin euskaldunen euskeraz.

        Elkar ikusi arte. Bista txarrakin ere ongi begiratu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.