Euskaldun zintzoen balada
Joanes Mirande
ELGAR, Pariseko euskaldunen hilabetekarian agertu da duela urthe, hemen ondoan emaiten dugu J. Mirande-n poema. Hilabetekari delakoak, nahiz ez duen bertze batzuen pretenzione ta balentriarik, bethi lekhu zabal bat utzi deraue ideia berrieri. Arrautzetik jalgi berri diren euskaldun kaseta egile batzuek etsenplu har dezatela.
Euskaldun zintzoen balada
(Aldi berean Ortzi euskal jainkoari zuzendu galde othoitz bat dena, zintzo ez den batek eginik.)
Soin zabal, zalhu, txapeldun,
Euskaldun eta Fededun,
Handi baita sudur mintzo,
Zintzo dira, o! hain zintzo
Eta barnez oro zaldun...
...Nahiz arrunt den azala
(Izaitetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala.)
Ilhunpean zeuden lehen
Bainan JEL argia goihen,
Jautsi baita Euskadi-ra,
Argiturik bizi dira
Ahalikan eta zehen
Demokrat onen gisala.
(Argitzetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala.)
Jakintza badute anhitz
Atso-, haur, eta zuhurt-hitz
Badakite politika,
Pilota, dantza, kantika
Bai eta kantu ez likits-;
Leitzen dakite Misala
(Leitzetik heiek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala.)
Trebe izaiki tekhnikan
Joritzen dira Amerikan;
Haatik, han ere zintzoki
Elkartzen dira Batzoki
Abertzaleetan; ez bakan
Joaiten, han ere, elizala.
(Joritzetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala.)
Aphezak eta auzaphezak
Benedikatu ezkontzak
Egiten dituzte bethi
Onetik landa hobeti
Dastatzekotan -aratzak
Diren neskekin, ontsala.
(Ezkontzetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala. )
Bainan ahanzten zitzaitan
Hospatzea neurthitzotan
Heien jaunzdura jathorra:
Ongi zuritu athorra
Dute jaunzten igandetan,
Bihotzaren zuriz ala?
(Zuritzetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint'nazala.)
IGORTE:
Nola juduen baitzinen
Zintzo diren Euskaldunen
Jaun zara, Jahve, gisala
Neu, zer ere zaitan jinen,
Zintzotzera hek bezala
Ortzi-k utzi ez nazala.
1950ean
|