Hirurgarren boztarioa
Sadikoaren xokhoa
J. Mirande
2. paldoaren tormenta
Paldoaren tormenta edo paldoan sartzea gizonen krudelitateak sekula asmatu dituen izigarrienetarik dena hunela egiten da: kondenatua alderen alde zilhatzen dute zurezko ziri batekin, haren punta gibel-aldetik sar-eraziz. Paldoan sartzekotz, viktima lurrean etzan erazten da ahuzpez, zangoak hala lothurik non zabal-zabalik egon daitezan, eskuak bizkarrean estekaturik; eta, borreroak bere lanean poxelu lukean higimendurik ez dezan egin, astobasta bat bizkar-gaiñean ezarten zaio, hartan jarten baita laguntzaileetarik bat.
Sarbidea lehenik urintatu ondoan, borreroak paldoa bi eskuetarik har eta ahal bezain barna sartzen du; gero mailu-ukhaldia, berrogei edo berrogei-ta-hamar zentimetroz barnago bulkatzen du. Azkenekotz, paldoa zutitzen du eta lurrean landatzen, eta viktima bertan-bera uzten da. Zeri lot ez ukhanki, beraren gorphutzaren pisuak bethi beherago erorazten du dohakabea, paldoa geroago eta barnago sareraziz hala non azkenean besapetik, edo bulharretik, edo sabeletik atheratzen baita.
Herioa ez dathor laister, ez hurbildik ere, kondenatuaren oinhaze lazgarrien bururatzera. Erraiten da dohakabe batzu hirur egunetaraino horrela bizirik egon zirela. Hiltzea zalhuago ala baratsago jiten da gorphutz moldearen eta oroz lehen paldoari eman izan zaion zuzenbidearen arauera.
Hori nabari da. Alabainan, krudelitate bildurgarri maltzur batekin, artha hartzen da paldoaren punta ez dadin zorrotzegi izan, bainan aitzitik piska bat biribildua; ezen, bertzela balitz, puntak, bere bidean aurkhitzen dituen organuak oro zulhatuz, herioa laster erakar lezake; bainan ziri-punta biribil izaki, organuen zilhatzeko ordez, bulkatzen ditu, lekhuz aldarazten, eta ez da gorputz-ehun harroetan baizik sartzen. Horrela, biziarentzat beharrezko diren organu nausiei damu aphur baizik ez baitzaie egiten, bizitzeak oraino denbora puska bat iraun diro, zainen tinkatzeak sortzen dituen oinhaze izigarrien gatik.
Bizitzearen irautea anhitz dagokio paldoari emanikako zuzenbideari ere; ezen nabari da gorputzean xuxen sarthurik izateko ordez, zeiharkaxe barna baldin badoa, besapetik edo bulharretik ilkhi beharrean, sabelaldeaz bertzerik ez duela iraganen orduan, bulhar-kaiolan ezbaita sartzen, ezin deraue kalterik egin bizitzekotz baitezpadako diren organuei eta biziak bertzela balitz baino askoz luzaroago iraun dezake.
Azken kasu horren etsemplu jakingarrienetarik bat Nisko-rena izan da. Kandia uhartetik Turkoen ohiltzera entseiaturik, garhaitua izan zen eta preso hartua eta errege-ordeak paldoan sartzera kondenatu zuen. Hirur egunez bizirik egon zen dohakabea Errege-ordea haren zorigaitzaz burlatzera jinik iragaiten ikhusi zuelarik, erran zeraukon iñhakaz: jauna, hain urrikalmendutsua zarenaz geroz, arkabus tiro bat eman eraz iezadazu, berehala burura dadin! Bainan agintari bihotz latzak ez zeraukon esker hori egin nahi izan, eta dohakabea oraino ordu zenbait bizirik egonen zen beharbada, gizon urrikari batek haren othoitzak entzunik, ez balu gauaren denboran zintzurra tinkatuz itho.
(LAROUSSE, Gran Dictionnaire Universel-etik
Joannes Mirande-k itzulia.)
Zoin den eder itzala
Soldado izaitea phenagarria da, bainan soldado gazteak zeinnahi denbora gaiztoari buru eman behar du. Behin frantses sudur handi bat, ruso sudur gorri bat eta amerikano sudur motz bat beren armaden gora aiphatzen ari ziren.
Nik zion sudur gorriak, soldadoak Siberira igortzen ditut eta han elurpean bizierazten ditut.
Nik zion sudur motzak Texas-eko desertu legorretan eguzkiari erretzen edukitzen ditut.
Sudur luzea mutu zagoen. Orduan batek dio zure armada non dago?
Nerea Itzalean.
Santa Helena
Santa Helena-ko islan anglesak Napoleon-en etxea berpintatzen ari dira; baliman hor preso eduki duten gizon handi baten eretzerako pentsamendu piadosa?
Bainan zertako eta norentzat ari dira angelesak Napoleon-en etxean bi metra luzeko ohe baten prestatzen?
|