Kulturaren ezinbestekoa
Axari Ataundarra
Nere herriko geltokira trena heldu zen. Bere zain jende asko geunden eta denok batera sartu nahi genuen. Besteen bultzadaz lagunduz laister barruan nengoela konturatu nintzen eta eserleku bat bi gazteen ondoan, aurkitu nuen. Elkarhizketa bizi bat zeramaten bere artean, baino kaso handirik ez nien egiten, baizik eta bagoi hartan zegoen mota guztietako jendeari begira nindoan.
Bapatean, nere belarrietara zerbait iritsi zen eta interesgarria iruditu zitzaidalako, gazte pare honek zer zioen entzutea erabaki nuen. Zer entzun nuen? Hizkuntza eta kulturari buruzko zer edo zer. Horrelako zerbait izan zen.
Aizu, Pello: Mundu honetan aintzenetik hasi eta betiraino hemen jaio garen gizasemeok, eguneroko harremanetan derrigorrezkoa gauza bat dugu: hizkuntza. Mundu honetan herri asko dago eta gehiago izan dira. Eta herri bakoitzak, bere ohitura eta bere izaera bereziak dituen bezalaxe, bere hizkuntza berezia du, eta gauza berezi guzti hauek osatzen dute herri baten kultura.
Gure gizartean, Edurne, hau ez da egia.
Baina, zergatik ez da hori egia, Peio? Historia bururatuz munduan zehar begirada bat botatezn badugu, laster konturatuko gara orain arte gertatu eta oraindik ere gertatzen denarekin. Lurrean izan diren, berdin zaigu zein motatako, inperialismo guztiak edozein herri menperatu dutenean ez dute inoiz errespetatu herri menperatuen nortasunik, bere ohitura sakonik, gizarte horren hizkuntzarik, eta beste ezer ere. Aitzitik, beti esan ohi dute oso atzeraturik daudela, kulturarik ez dutela etabar, eta ongi menperatu ondoren, bere aberastasun guztia kendu besterik ez dute egin. Eta gainera, menperatze horretan inperioko hizkuntza nahi ta nahiez ofizialtasun guztiakin sartu, eta bertako hizkuntzak, hil artean, gutxika gutxika, denak ito.
Bai, hau argi ta garbi gertatu da mundu berria deritzaion nahiz ipar edo hego Ameriketan eta kolonia izandako herri guztietan. Eta, gure herrian ere berdin gertatu zela uste al duzu?
Euskal Herrian ere bai, baino gure herria oraingoz horretaraino heldu. Ito nahi izan dute eta ito nahi dute, bai. Hilzorian hainbat urtetan egon bada ere, ez dago hilik oraindik gure hizkuntza. Eta geroz eta gehiago gara hilketa hortara heldu nahi ez dugunok.
Hil zorian dagoela denok ikusten dugu, eta nola berpiztu bere osasun eta indar guztia lor dezan?
Esan dizut lehen hizkuntza gure harremanetan ezinbestekoa dugula. Eta egia da. Orain dela 40 urte gure herrietako edozein pertsona hirira zerbaitera heltzen zenean garbi ikusten zuen, eta ez zalantza askorik gabe, "Indioak" pelikuletan bezala gaztelaniaz hitzegitera beharturik aurkitzen zen. 40 urte hauetan gaztelaniaztapena handiagoa izan da, gaztelaniak gehiago menperatu gaitu. Baina orain inoiz baino gehiago gure euskarak bizi nahi du, gure herriak bizirik jarraitu nahi du. Gu, euskaldunok, euskaldunak izan nahi dugu.
Eta orduan, zer ote dugu beharrezkoa?
Edurne pixka batean ixilik gelditu zen, leihatilatik kanpora begira, baina laister honela zion:
Ni, adibidez, Badajozen aurkitzen banaiz, nere hango harremanetan gaztelaniaz hitzegitea beharrezkoa dut. Baina hemen, gure herrian, Euskal Herrian, gure Euskal Herriko jendeei nola mintzatzea dut beharrezkoa? Gaztelaniaz? Nere ustez, ez. Euskaldun aitortzen bagara, eta zorionez gero eta gehiago gara, euskaraz hitzegitera beharturik gaude.
Baina zoritxarrez, asko dira oraindik euskaldun aitortzen direnak eta euskararik ez dakittenak.
Ba ikasi beharko dute, bestalde, eskua bihotzean dutelarik aitormen egiazkoa egin dezatela. Herri bat gara, eta herri bat izan nahi dugu. Ba, gure herriko hizkuntza euskara da eta ez dago beste biderik. Horregatik, nire ustez, beti eta leku guztietan, euskeraz hitz egin behar dugu. Nor eta zer garen mundu guztiak ikus dezan ez dugu beste irtenbiderik. Neretzat beharrezkoa da.
Edurne moztu zuen Peiok hori ez ote da euskara derrigortzea?
Peio, Euskal Herrian gaude ta hau da gure herria. Ba dakit oraindik jende asko errespetatu beharko dugula baina beste biderik ez dugu. Eta beharrezkoa denez gero, euskara ikasten ari direnek ere beharrezko aurkitu beharko dute, eta denok ongi euskaraz ez egin bitartean, orain 40 urte gure herriko jendea hirira etortzen zenean bezala baina alderantziz, euskaraz "indioak" bezala hitz egin beharko dute.
Nere bidaia, honela ari zirela, bukatu zen eta trenetik jaitsi nintzen. Pozik jarraituko nuen, ia zer ondorio ateratzen zuten, baina nik nere atera beharko dut. ZER OTE DUT NIK EZINBESTEKOA?
|