Cayo Valerio Catulo
Cayo Valerio Catulo
euskaratzailea: Koldo Martinez
Cayo Valerio Catulo latindar literaturaren lehen lirikoa kontsidera dezakegu. Bere jaioturtea ez dugu segurtasun osoz ezagutzen, bainan Jeronimo Deunak bere "kronika" delakoan 86. urtean (Kristo baino lehen) finkatzen duenez, ba, tira, horrela izanen da, gutti gora behera. Pliniok, Ansoniok, Ovidiok eta Marcialek Veronan jaio zela diote, beste batzuk bere jaiotza Garda lakuaren ertzean dagoen Sirmionesen finkatzen badute ere. Sendia oso aberatsa zuen, eta aita, Julio Cesarren oso laguna zen. Catulo Erromara joan zen estudiante, eta bertan, tontoa ez baitzen, plazer guztietara entregatu zen.
Hortensio, Ciceron, Asinio Polion, Quintilio Varo eta Cornelio Nepote izan zituen lagun minak. Laister, eskola modernoko Licinio Calvo eta Helvio Cinna poetekin bildu zen.
Plazeretara dedikatu baitzen, zuen diru gehiena galdu zuen, eta gazte hil zen, 40. edo 54. urtean, Kristo baino lehen. (Zer nolako kutsu moralista atera zaidan esaldi hau egitean!. Normala. Opusen ikasteak karakterra imprimatzen du).
"Bertso paperak"en antzeko poemak idazten zituen, nahiz eta gero obra bakar batetan bildu zituen arren. Denetara 116 obra kontserbatzen da, hiru zatitan banatua. Calimaco eta Saforen itzulpenak ere egin zituen, grekotik latinerara.
Lesbia, Apuleyok dioenez, Clodia zen, P. Clodio Pulquerio tribunoaren arreba eta Quinto Metelloren emaztea. Erabat maitemindu zen Catulo Clodiaz, eta gustora eman zuten dendora elkarrekin, rolloa bukatu zitzaien artean. Bere poematxoetan guztiaren berri ematen digu Catulok.
Gelio, Catuloren lagun handi bat zen. Clodiak, bera hil nahi izan zuela akusatu zuen, eta horregaitik epaitua izan zen. Gelioren defentsa Ciceronek egin zuen, eta lan horretan Clodiaren erretrato ez oso atsegingarri bat utzi digu.
LXXXIX. Gellius est tenuis: quid ni? Cui tam bona mater
Gelio mehe dago. Nola ez
hain ama on eta osasuntsua izanik
hain arreba ederra izanik
hain osaba ona
eta neskez hain beteriko sendia izanik?
Nola ez da lehor izango?
Zeren, debekaturik dagoena besterik
ukituko ez balu ere, sobera ohartuko zerate,
zergaitik dagoen hain mehe.
XCVIII. In te, si in quemquam, odici pote, putide victi
Norbaitengaitik esatekoa bada, Victio zikin hori,
zutaz esan beza
txoro eta hitzontziengaitik esaten dena;
mihingain horrekin, kasua suertatuko balitz,
ipurdi eta abarka arruntak
xurga zenitzake.
Guztiok erabat galdu nahi bagaituzu,
ireki ezazu ahoa, Victio,
eta nahi duzun guztia lortuko duzu.
V. Viuamus, mea lesbia, atque amemus
Bizi gaitezen, Lesbia, maita dezagun,
bost axola zakigula
lerdoen marmara.
Eguzkia hil daiteke eta birjaio,
bainan, behin gure argi laburra hilda gero,
lo dagigun, gau betiereko bat gelditzen zaigu.
Emaidazu mila musu, gero ehun,
gero beste mila eta berriz ere ehun
beste mila batzu arte eta gero ehun.
Eta milaka ugari sumatuko dugunean,
birhasiko gara zenbat musu daramagun
jakin ez dezagun
ez eta balbetsu bekaiztirik
jakin ez dezan ere.
IX. Verani, omnibus e meis amicis
Veranio, nere lagun guztien artetik
hirurehun mila baleude ere, nahiena,
etxera itzuli ahal zara zure jainkotxo,
zure anaiarreba elkartu eta ama zahartxoaren ondora?
Itzuli zara. Zer berri ona neretzat!
Osasuntsu eta salborik ikusiko zaitut,
eta Iberiako toki, bentura eta herrietaz
kontuak entzungo ditut, egiten duzun bezala,
eta zure lepoa besarkatuz, begietan eta
zure aho irrikorrean musukatuko zaitut.
Oh, gizon benturos guztien artean,
zein ni baino zoriontsurik?
XXXIX. Egnatius quod candidos habet dentes
Eñakik, hortz zuriak dituelako,
edozein gauzataz barre egiten du.
Hobenduririk lankan ikustera heltzen bagara,
hizlariak negarra sorterazten duen bitartean,
berak barre egiten du.
Seme jainkotiar bakarraren txondorraren aurrean
ama kontsolaezinaren aurrean,
nehar egiten bada,
berak barre egiten du.
Non nahi eta norekin nahi, berdin zaio,
beti barre egiten du;
eritasun hori dute,
ez dena nere ustez ez egoki ez dotorea.
Aholku bat eman behar dizut, Eñaki on hori:
hiritar ala sabino ala Tiburrekoa,
unbro jangartsu ala etrusko gizena,
lanubino beltzaran ala nere hiritarrak ere aipa ditzadan
traspadanoa, hots, hortzak garbiki
garbitzen dituen edozein herritakoa...
ez zintuzket ikusi nahi, Eñaki,
edozein gauzataz barre egiten, ez baitago
barre ergel bat baino
ergelkeria haundiagorik.
Baina zeltiberoa zara; Zeltiberian
goizero, norberak pixatu duena biltzen da eta
hortzak eta hoi gorrixkak marruskatu, leunago ager daitezen
eta pixa edaten duzuela areago aldarrika dezaten.
LXXXVIII. Quid facit is, Gelli, qui cum matre atque sorore
Zer egiten du horrek, Geliok,
bere ama eta bere arrebarekin atsegin hartzen duen horrek,
eta berekin, gaua ematen duena, tunikak erantzirik?
Zer egiten du bere osaba senar izan dadin uzten ez duenak?
Ez al duzu ikusten egiten duen bidegabekeria?
Ez Tetis gorenak
ez ninfen aita Ozeanoak
garbi ez dezaketen bidegabekeria itzela
egiten du Geliok.
Zeren ez dezake bidegabekeria haundiagorik egin,
ez eta, burua makurtuz, bere zera
irentsiko balu ere.
LVIII. Caeli, Lesbia nostra, Lesbia illa
Oh, Celio, gure Lesbiak, Lesbia hark,
Catulok bere burua baino gehiago
eta berea zen edozein baino gehiago
maitatu izan zuen Lesbia hark,
orain plaza eta kaletxoetan,
Remo gogohandikoaren semeei
kanpaia jotzen die.
XV. Commendo tibi me ac meos amores
Zuri gomendatzen naiz, Aurelio,
ni eta neure maitasuna. Eta mesede sotil bat
eskatzen dizut: hondoan, norbait
desiratu izan baduzu, garbi eta ukigabeko zedin
saiatuz, mutiko hau lotsatik at gorde iezadazun;
ez dizut herriarengandik at esaten: alde batetik bestera
kalean zehar beren gauzetaz arduraturik doazenengandik
ez nago beldur;
bainan, zutaz nago beldur, hau errugabe eta gaiztoen
mehatxua den zure zakilaz nago beldur.
Mogi ezazu nahi duzun haina, zuk nahi lekuan,
kanpoan denean eta prest;
bakar bat kentzen dizut, sotilki uste dut:
zeren zure hira eroak eta zuren sen gaiztoek, eraile,
hain erru haundira bultzatzen bazaituzte,
eta bere bizitza jukutriez limurtzen baduzu...
Ai, errukarria orduan, zorigaitzeko zu!:
bernak bereizirik, ate zabalikan zehar
errefauak korrika joango zaizkizu.
|