L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-Korrika (7. zenbakia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Gaueko Korrika

 

Kaskamailu

 

        Bargan iluntasuna hedatzen zihoan, asmo. Zuhaitz, harri, txabola, bidexka eta beste gainontzezko paisaiaren elementuek beren denbora hartzen zuten desagertu arte eta gauean betirako sartu arte, minutu edo, agian, segundu batzuetan inguru guztia misteriotsu eta harrigarri bilakatuz.

        Ilunabarraren ordu hau, egunero ezinbestez errepikatzen dena, diotenez, arriskutsua gertatzen da gidatzeko, lehentxeago, segundu eskas batzu lenentxeago, argi eta garbi ikusten ziren irudiak nahasten bait dira, gauzak ez bait dira ongi zehazten eta sarritan gure begiak ez dira gai izaten errealitatea eta ilusioa bereizteko, aurki helduko den iluntasun osoaren preludioa balitz bezala.

        Baina, behean, herrian, argi artifizialari esker, hau ez zen nabaritzen. Eta udaletxeak jarritako farolei esker, denek arras ongi ezagutzen zuten elkar eta ongi ikusten zituzten herria hornitzeko zeuden zuhaitzak, tabernak, bankuak eta abar.

        Jadanik ilundu bazuen ere, kalean mugimendu haundia zegoen. Jendea, gazteak nagusiki, adinekoak bat edo beste ikusten zirelarik, plazaruntz hurbiltzen hasia zen, ibilbide txiki honetan zeuden tabernetan sartzeari uko egin gabe. Plazan aspaldian zebilen Korrika-ko txaranga, giroa alaituz, antolaketaren furgoneta ere mikrofonoen bidez, konsignak aldarrikatuz. Kioskoaren inguruan, gazteek, gerritik helduta, ilarak osatzen zituzten. Hara hauek jira-biran hasten ziren, musikaren erritmoari jarraiki, hasieran poliki eta geroz eta azkarrago, musika arinagotzen zen arabera, buru, beso, oihu eta oinen txirimola batean bihurtu arte.

        Hor txirimola hartan, zeuden Felix eta Maite, pozez gainezka, gerritik helduta, jauzika eta saltoka ere, beste gaueskolako guztiekin. Haiek, Felix eta Maite, eramango zuten lekukoa bi kilometrotan. Lehengo kilometroa neskak eta bigarrena mutilak. Aldegiteko garaia alegatu zitzaien. Plazatik urrundu ziren, ezagunak agurtuz eta haien aupa eta animoak eskertuz.

        Autoa zegoen tokiraino iritsi zirenerako plazako bestaldia zurrumurru urrun bat besterik ez zen eta jadanik gaua nagusitua zen toki guztietan, berarekin batera lainoa menditik jeisten hasi zen. Felixen autoa poliki zihoan. Noizbehinka autoren baten argiek une batez argitzen zuten errepidea, lurrean zuriz idatzitako kilometroen zenbakiak seinalatuz. Giroa hotza zen eta Urbasako laino hezea karretaraino iristen zen.

        Zalantzatan ibili ondoren, azkenean aurkitu zuten lehenengo erreleboa izanen zen tokia. Han utzi zuen Felixek bere neska, ia lainoagatik beldur ote zen galdetu ondoren. Maitek ez zuen deus erantzun, bakarrik bere buruari galdetu zion nork aginduko ziokeen lekukoa eramateko enbarkada honetan apuntatzea, halako tokian eta halako orduetan gainera... Baina, tira, euskararen alde izan zedila.

        Hotzak jarraitzen zuen, Maite kotxetik jeitsi zenean. Une batez, geldirik, zutik, inguruari oso egon zen, baina laster hasi zen saltoka, piska bat berotzen. Korrika egiteko, pentsatu zuen, komenigarria da berotzea. Haraino eraman zuen autoaren faroak ez ziren ikusten. Bakarrik zegoen, erabat, kilkerren soinua eta haizeak eragindako zuhaitz hostoena entzun zitekeen besterik ez. Ez zuen beldurrik, baina gustorago egongo zen plazan beste guztiekin.

        Bat batean, bere ezkerraldetik argi bat ikusi zuen berarengana hurbiltzen. Goitik behera ikaratu zen. Arnasarik hartu gabe hari begira geratu zen... Furgoneta zen, korrikaren furgoneta! eta bere ondoan bost metrotara, lekukoa zeramana!

        Beno, lasaitu zen, azkenik iritsi dira!, ea lehen bait lehen bukatzen dugun hau! Maitek lekukoa hartu zuen eta korrikan hasi zen. Lainoa geroz eta lodiago bilakatzen ari zen. Furgonetakoa bi metrotara zihoan eta bere inguruan ohial zuri bat besterik ez zuen ikusten. Gidaria nekatua zegoen, lehen baino askoz okerrago ikusten zen. Ezin igerri lekukoa nork zeraman eta gainera soinu arraroak entzuten zituen. Txistu soinuak edo uluak, auskalo! Lertxundiren zinta hau aldatuko dut eta beste zerbait arinago jarriko dut.

        Neska zer moduz zegoen ikusteko gidariak bolantea eskuinaldera mugitu zuen faroak neska ustez zegoen tokiraino hurbildu nahi zituen, zer edo zer gehiago ikustearren. Baina ezin, lainoa besterik ez zuen ikusten, berriz ulua iruditu zitzaion soinu arraru hura entzun zen. Bazterrera hurbildu zen gehiago. Une hartan haize bolada batek altxatu zuen lainoa instant batez, gidariak, dortsala aurrekaldean zeukala, ixilka eta leunki korrika zihoan otso izugarria ikusi zuen, lekukoa ahoan, hortzen artean zeramalarik. Berehala desagertu zen laino artean.

        Gidariak ezin zuen oihurik egin, ezta gehiegi irekia zuen ahoa itxi. Furgoneta gelditu zitzaion. Urduri, ergeldurik, oraindik bere onera etorri gabe furgoneta arrankatu zuen berriro eta ibilbidea jarraitu zuen, etsita, lehen, kilometro madarikatu horren hasieran ikusitako neska hura berriro ikusten ote zuen. Laister iritsi zen kilometroaren bukaera eta han zegoen lehenengo neska bera, beste mutil bati lekukoa ematen. "Ez dut sekulan kanuto gehiagorik erreko".

        Felix, bitartean, erabat aspertua zegoen, oheratzeko gogoak geroz eta haundiagoak ziren eta gainera... duela gutxi entzundako soinu arraro hoiek... Pixka bat harritua zegoen. Otsoen uluak ziruditen edo antzeko zerbait... baina jende guztiak bazekien Urbasan otsoak desagertu zirela.

        Felix trankil zihoan, dagoeneko lainoa altxatzen ari zen, furgonetakoa gertu-gertu jarraitzen zitzaion. Gidariak, Felixen harridura sortuz, ez zuen bere begia Felixengandik apartatzen, zerbait harrigarria ikusi balu bezala.

        Ze nazka! Lekuko hau dena koipetsu eta busti bustia dago! Ez nuen uste Maitek hainbeste izerditzen zuenik!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.