L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kafka, beti Kafka

 

Joakin Balentzia

 

        Txekoslobakiar triste hau, alemanieraz idazten zuena, ia ezezaguna izan zen munduan bigarren mundu gerra ailegatu arte. Bere obra osoa ez zen argitaraturik izan orduraino eta oso gutxi ezaguna, oro har, argitaraturik zegoena. Baina bere jenialtasuna, ia guztiak bezala, goiz edo berandu, ezagutua izan zen gerra haren tragediarekin batera. Eta erran daiteke ezagutza hau ez zela txiriparik izan. Nik uste Kafka izan dela, orain arte, mende honetako gizaki modernoaren tragedia hoberen kondatu duena literaturaren bitartez. Ganoraz, originaltasunez, modu dibertigarri batez kondatua, gainera.

        Liburu zahar-azoka batean, orain dela gutxi, aurkitu nuen Adorno-ren liburu bat, "Crítica cultural y sociedad", non agertzen bait ziren Kafkari buruzko apunteak 1955. urtean argitaratuak. Erakarri ninduten Frankfurt-eko eskolako filosofo honen apunte horiek, jakin banekien maitemindu zela geroago Beckett-ekin hainbeste goraipatuz, idazlerik modernoentzat hartuz. Baina, nire ustez, Adorno (kultur kritiko bezala nahiko aristokratikoa izan zena) tronpatu zen Beckett-ekin, Kafka baino hobe bere jarraitzailerik hurbilena eta ia bakarra kontsideratuz. Absurduaren kontua bere meritu propioa izan arren eta bat ere ukatu gabe, Kafka da Beckett baino askoz originalagoa, neurtezina, eta lehenago errana dago, klarua, dibertigarria ere, baina ez sinplerik horregatik, hermetikoa beste aldetik kontsidera daitekeena bide batez. Kafkak oraindik erranezinezkoa adieraztea lortzen zuen nolabait era artikulatu baten bidez, baina Beckett-en diskurtsuaren tankera oinarritzen da aipaezina (bere obraren izenburu bat da hau prezeski) bakarrik komunika daitekeela zizakadura, moteldura eta berriketaren bitartez, eta zentzu gabeko hitzak nolabait argitzen direla errepikapen, desintegrazio eta atomizazioaren utziaz. Esfortzu inportantea Beckett-ena benetan, existentzialismoa gainditzekotan, baina batzutan pena merezi ez duena edo aspertzeko modukoa ere.

        Dena dela Adornok Kafkari buruzko apunte horietan aipatzen dituen gauza batzu oso interesgarriak dira honen alde erabiltzekotan, Kafkaren maisutza eta jenialtasuna dela eta. Nire hausnarketak textu horretan oinarrituak daude gehienetan.

        Kafka bakarrik izan da gauza mende honetan, indarrez eta lilurapenez, angustia eta terrorea bere obretan adierazteko, hain maisuki bederen. Kafkaren pertsonaien patua, indibiduo bakar batena da, aldaezina, giza patuarekin, oro har, edo existentziaren zentzu supragizakorrarekin, berez edo itxuraz, deus gutxi zer ikusirik duena. Hau da, bere pertsonaiak beti geratzen dira —batzutan estereotipoak izan arren— kasu isolatuan, irudi zehatz eta soilean, zeren bidez giza patua zeiharki besterik ez bait dute erakusten. Kafkak ez du bat ere gainditu nahi irudi zehatz hori, kasu isolatu hori, kontzeptu nagusi bat, giza existentziaren ideia bat ere sortu nahi ez duen bezala. Norberak, noski, aurkituko ditu bere iradokizunak giza existentziarekin zer ikusirik dutenak. Baina hori irakurlearen kontua da.

        Kafkaren obrarik ezagunenak orain nobela haundiak dira "Metamorfosia"rekin batera, baina baditu beste ipuin hunkigarriak, non erraten ari naizenaren adibide bikainak agertzen bait dira. Hauetako bat da "Akademiako batentzako txostena", non tximua izan bait zeneko batek, gizaki omen bihurtuz, informatzen dio giza akademia bati bere eboluzioari buruz, momentu batean aipatuz: "Ez, nik ez nuen nahi askatasuna. Irtenbideren bat besterik ez nuen nahi: eskubitara, ezkerretara, edonora. Besterik ez nuen nahi ukan. Irtenbidea engaino hutsa izan arren: gogoa txikia zenez gero, enganioa ez zen handiagorik izanen. Aurreratu, aurreratu! Besoak gora ez gelditzea zen kontua, kaxoi bateko oholen kontra estuturik". Antologiazko ipuin bat da hau. Gizakiaren duintasunaren ordez, burges kontzepturik gorena, hemen agertzen da, bere kondagintzaren eremu anitzetan bezala, animaliaren antzerako meditazio salbatzailea eta oroitzapena. Tximua izan zenak dio ipuin honetan: "Beldur naiz ongi ez dadin uler 'irtenbidetzat' neuk hartzen dudana. Erabiltzen dut hitza bere esanahirik zentzudun eta arruntenean. Nahita ez diot askatasuna... Askatasunarekin —eta hau diot iragaitzaz— gizakien artean gehiegi tronpatzen da, askatasunarena sentimendurik gorenetarikoa baldin bada gorenak ere badira dagozkion enganioak".

        Kontsidera daiteke Kafkak jaso zuela superrealismoaren heredentzia, abangoardia ororen eredua bihurtuz. Superrealistatzat har dezakegu munduaren irudia, bitan zatiturik, errealismo eta irrealismoan bere tankera oinarrituta, esperientzia eta aluzinazioa elkartuz. Kafkaren munduaren irudia bere adierazpen modu metaforikoan datza. Bere tankera metaforikoa da zeinarkako edo zeharkako diskurtsu bat, figuratua, ezohizko deitura eta nolabait harrigarria erabiltzen duena, adierazpen arrunta eta ezagunaren ordez. Bere nobela eta ipuinen motiboak bakartasuna, alienazioa, giza desatseginketaren metafora hutsak dira, baina, errana dugu, zerbait nagusi edo abstrakturekin, berez eta zehazki, ezer ikusirik gabe.

        Bere narrazio estrainioak, bere aluzinazio ikaragarriak, hain ilunak, enigmatikoak eta funtsik gabeak bukaeran dira hasieran ziren adina. Bere pertsonaiek eta haien patuek ematen dutena izaten jarraitzen dute, ez dute bat ere "zentzu sakonago" bat. Horregatik erran dut klarua ere dela Kafka, zentzu horretan. Interpretazio batek (eta egin dira anitz, ontologikoak eta teologikoak ere) gutxitu ahal du beren estrainiotasuna, baina inolako irazkinek ezin ditu desestali dagozkien legeak, iradokizun anitz aurkitu arren.

        Kafka irakurtzekotan badago, niretzat, urrezko arau bat, disfrutatzeko modukoa, alegia: dena hitzez hitz hartzea, aurreritzirik gabe edo aurrekontzepturik gabe. "Kafkaren aginpidea textuen aginpidea da. Bakarrik letrari dagokion fideltasunak, ez ulerkuntza bideratuak, ahal eginen du ulertzen lagundu. Etengabe iluntzen eta berez erretiratzen den obra honetan, proposamendu bakoitzak mugagabetasunaren klausula nagusia baieztatzen du" (Adorno). Literaltasun printzipio hau oso inportantea da. Irakurleak egin behar du Kafkarekin Kafkak ametsarekin egiten duen bezala, mugitu gabe xehetasunen neurtezin eta sartezinei, puntu itsuei, adi egotea.

        "Neurosia sendatu ordez, Kafkak berarengan bilatzen du indar salbatzailea, ezagumenduarena dena: gizarteak indibiduoari egiten dizkion zauriak hoen irakurtzen ditu ez-egia sozialaren zifrak bezala, egiaren negatiboa bezala. Bere potentzia da usteltzearen potentzia. Kafkak kanporatzen du gero eta gehiago kontrol arrazionalaren pean dagoen sufrimenduaren neurtezintasuna estaltzen duen aurpegi kontziliakorra... Gizakian barreneko ihesa ez-gizakorraraino da Kafkaren trajektoria epikoa" (Adorno). Hau esaldi ponposa, baina egia hutsa dena benetan, Kafkaren jenialtasuna laburtuz.

        Bere prosan, erran daiteke, desbiberaturik ez dagoela; esaldi bakoitza da bere buruaren jabea den izpiritu baten emaitza, baina lehenago esaldi bakoitzak kanporatu behar izan du ezagumendu guztia seguraski arriskutan egon behar den erotasun eremu horretatik, benetako ezagumendua izatera ailegatu nahi badu. Bere indibiduotasuna xehatzen den obran ezin du imitaturik izatea jasan: seguraski horregatik Kafkak agindu zuen suntsi zezatela.

        Agian norbaitek pentsa dezakeenaren kontra, baina Kafkak ez du predikatu umiltasunea, baizik eta mitoaren kontra garantia gehien duen jarrera gomendatu du: zuhurtasuna. Berarentzat munduak arrazioa izan dezala galerazteko posibilitate bakarra, ahula, zumeena izan arren, da berari arrazoia ematea hain zuzen ere. Ipuinetako semerik txikiena bezala bihurtu behar gara ezageri, defentsarik gabeko biktima; ez dugu ihardun behar norberaren eskubidea eskatzen munduaren ohituraren arauera, etengabe injustizia erreproduzitzen duen truke-eskubidea eta ohitura kontutan izanik Hau ironia eta sakontasuna! Kafkaren humorea ere honetan datza, mitoarekiko errekontziliapena mimetismo moetako baten bitartez saiatzen delarik. Honetan ere Kafkak jarraitzen du tradizio ilustratua zeren arauera, mito homerikotik Hegel eta Marx-eraino, berezko egintzak, askatasun egintzak, joera objetibuaren balio berekoa bait du. Dena dela, ideia politikoak agerian ez dituen arren. Kafkak ere adierazten du oso ideologia zehatza, hots, etsituen taldekoa da, deseperantzatuak, zeintzuk, beren liberaltasun eta konformagaiztasuna izan arren, ez bait dute profezia marxistaz sinesten eta bere aurresanetako lortu denaz ez bait dute oso entusiasmaturik ematen, etengabe injustizia eta sufrimendua erreproduzitzen dituzten truke-eskubidea eta pilakuntza direla eta.

        Kafkak ere ez du historiaz sinesten. Ez du aurrerapenaz sinesten. Adornok dio: "Aurrerapenaz sinesteak erran nahi du aurrerapena jada izan denik ez sinestea". Azken sakrifizioa atzokoa da beti. Horregatik Kafkak ez du ia aipamen historikorik egiten. Bere obra hermetikoa da historia aldetik ere. Historiaren gizakia, berarentzat, debekatua dago, bestea, historia izanen zena, ez delako oraindik hasi. Bere kondakizun ia guztiak geratzen dira espazio gabeko espazio berberan, espazio hain itxia eta artikulatua non irakurleak hotzikarak sentitzen bait ditu narrazioak esparru hartan gertatzen ez den zerbait aipatzen badu. Erran daiteke Kafkaren deskripzio laberintoak, ez-historikoak izan arren, batzu beste batzuren menpean daudela, mitologietan gertatzen den bezala.

        Eta bukatzeko, laburpen gisa: Kafkaren jenialtasuna gehienok ulertzeko modukoa da, sinplea ez izan arren. Agian imitaezina, Beckett-en sailaren meritua ukatu gabe. Modak joan, modak etorri, ez ahaztu berak jarraitzen duela literatur abangoardiaren eredurik garrantzitsuenetarikoa izaten. Bere narrazio estrainioak irakurtzekotan ez da bilatu behar "zentzu sakonago" bat literaltasun printzipioa jarraitu baizik. Norberak, dudarik gabe, aurkituko ditu bere iradokizunak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.