L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gaztelua

 

Franz Kafka

 

euskaratzailea:
Joakin Balentzia

 

        Gaztelaniatik itzulia hona hemen "Gaztelua"ren hasieran, ea norbaitek badituen obra osoa itzultzeko gogo eta aukera, itzulpen eta kultu politika egin behar dutenek lagundurik, lehenbailehen obra jenial hau, eta "Prozesua" eta "Amerika", euskaraz irakurtzeko. Nire behinbehineko itzulpen hau oinarrituta dago J.A. Moyano-k EDAF editorialarentzako egindakoan.

 

Berandu zen K. ailegatu zenean. Elur geruza haundiak estaltzen zuen herrixka. Lainoak eta gauak ezkutatzen zuten muinoa, eta argi izpirik ez zuen uzten gaztelu haundia antzematen. K. luzaro gelditu zen herrixkara errepide nagusiatik eramaten zueneko egurrezko zubian, hutsak ziruditen garai haietarantz begiak altxaturik.

        Gero alogeraren bila joan zen; ostariak ez ziren lotara joanak oraindik; logelarik ez zegoen, baina ostalariak, hain berandu ailegatzen zen bezero batez txunditu eta harriturik, proposatu zion aretoan lastaira bat egokitzea. K.-k onartu zuen. Han geratzen ziren oraindik nekazari batzu mahaiara eserita beren garagardo pitxerrak inguratuz, baina ez zuten inorekin solastu nahi; bere garautegira lastairaren bila joan zen eta berogailuaren ondoan etzan zen. Bero zegoen, nekazariak isiltzen ziren dagoeneko: begiratu zien oraindik piska bat nekez begiak kliskatzen eta gero loak hartu zuen.

        Baina laster ernatu zen. Ostalaria ohantzearen ondoan zegoen aktorearen itxura eta begi estuak zituen mutil betile haundiak eta hiriko janzkerako batek lagundurik. Laborariek han jarraitzen zuten, batzuk beren aulkiak bueltatuak zituzten hobe ikustekotan. Gaztea oso gizabideki desenkusatu zen K. ernatzeagatik eta aurkeztu zen gazteluko alkaidearen semea bezala, gero aipatuz:

        —Herrixka hau gazteluarena da; hemen bizitzea edo gaua ematea nolabait gazteluan egitea da. Inork ez du horren eskubiderik kondearen baimenik gabe. Zuk ez duzu baimen hori edo, behintzat, ez duzu erakutsi.

        K.-k, ia eserita jarririk, eskua pasatu zuen iletatik orrazteko bezala, bi gizonengana begiak altxatu eta erran zuen:

        —Zer herritan galdu naiz? Badago, orduan, gazteluren bat hemen?

        —Jakina —astiro erran zuen gazteak, eta nekazarietako batzuk buruaz baietz erran zuten—, konde West-West-en gaztelua da.

        —Gaua emateko baimenik izan behar ote da? —galdetu zuen K.-k berari errana amets bat ez zela konbentzitzen saiatzen bazen bezala.

        —Ezinbestekoa da —erantzun zioten; eta mutilak, besoa zabalduz, galdetu zien ostalariari eta bezeroei trufatzeko asmotan edo:

        —Ala premiazkorik ez da, ba?

        —Ongi, bat jasotzera noa —erran zuen K.-k aharrausika eta jeikitzekotan manta baztertuz.

        —Bai? Eta norena?

        —Konde jaunarena —erran zuen K.-k— beste erremediorik ez dut.

        —Orain! Gauerdian! Konde jaunaren baimenaren bila joatea? —oihu egin zuen gazteak urrats bat gibeleratuz.

        —Ezinezkoa al da? —lasai galdetu zuen K.-k—. Orduan, zergatik ernatu nauzu?

        Gaztea su eta gar jarri zen.

        —Hauek arlotearen portaerak! —oihu egin zuen—. Konde agintariei dagokien begirunea exigitzen dut! Iratzartu zaitut konde jaunaren domeinuak abandonatu behar dituzula erratekotan.

        —Aski iraun du komeriak dagoeneko —erran zuen K.-k ezusteko ahots apalez etzatera itzuliaz eta kokotsaren azpian bere manta berriz hartzen—. Urruti samar zoaz zu, mutil, bihar mintzatuko gara. Ostalaria eta jaun hauek ere lekukoak izanen dira, behar baditut. Bitartean, ohartzen dizut konde jaunak deitzera agindu duen agrimentsorea naizela. Nire laguntzaileak bihar helduko dira, kotxez, nire aparailuekin batera. Ez dut utzi izan nahi elurretan ibilaldi bat, baina batzutan galdu dut nire ibilbidea, eta horregatik hain berandu heldu naiz. Jakin ongi banekien, zure azalpenen beharrik gabe, hau ez dela ordurik hoberena gazteluan presentatzeko. Horregatik ostatu honekin aski izan dut, non zeuk, moderatuki adierazteko, ni molestatzera etortzeko deskortesia izan bait duzu. Ez dut gehiagorik erran behar. Eta orain, gabon, jaunak —eta K. berogailurantz jiratu zen.

        —Agrimentsorea? —bere atzetik zalantzan egotea zirudien ahots batek adierazi zuen, eta denak isildu ziren gero.

        Baina mutilak ez zuen errekuperatzen iraundu eta ostariari galdetu zion, doinu nahiko apalez K.-ren loaldiari zenbait begirune erakustekotan, baina berak entzun ahal izateko adina ozen:

        —Telefonoz informatzera noa.

        —Nola ba! Herriko ostatu honetan bazegoen telefonorik? Zer erakuntza hain miresgarria! —xehetasunak harritu zuen K., itxadoten bazuen ere. Aparailua ia bere buruaren gainean zegoen. K.-k hainbeste logura izan zuen ez zela konturatu. Mutilak telefonatzen batzuen K.-ren loaldia durduzatu gabe ezin zuen, borondate ona hori egiteko izan arren; K.-k ea utziko zion telefonatzen ala ez jakitea zen kontua; erabaki zuen egitea. Baina horrez geroztik loa disimulatzeko ezgauza izanen zen. Ikusten zituen dagoeneko nekazariak hurbiltzen haien artean mintzatzekotan, agrimentsore baten heltzea ez bait zen edozein gauza. Sukaldeko atea ireki zen; ostalarisaren zilueta sendoak oro betetzen zuen; ostalaria bere andreari hurbildu zitzaion oin-puntetan gertakizunez ohartzeko, eta hasi zen telefono solasaldia. Alkaidea lotan zegoen, baina alkaideordea aparailura jarri zen, Fritz jauna delako bat.

        Mutila identifikatu zen —Schwarzer zuen izena—; informatu zuen nola aurkitu zuen K., hogeitamar edo berrogeitamar urteko gizon bat, zarpail, lastaira baten gainean lasai lotan, bere poltsa burkotzat, eta makil korapilotsu bat bere hurbilean. Susmagarri iruditu zitzaion, noski, eta ostalariak bere betebeharra argi eta garbi abandonatua zuenez gero, berak, Schwarzer-ek, behar izan zuen arazo hau estudiatu berea konplitzekotan. K. haserratu zen ernatu, itaundu eta, ohi bezala, jaurtikirik izanen zelaz mehatxatu zutenean; agian bazuen haserratzeko eskubiderik, baieztatzen bait zuen kondearen agindu argiaren pean etorritako agrimentsorea zela. Bere betebeharrak eskatzen zion aztertzea, forma baino gehiago, baieztapenaren funtsa. Horren ondohoz, Schwarzer-ek erregutzen zion Fritz jaunari galde ziezaiola bulego zentralari ea agrimentsore bat itxadoten zuten egiatan eta berehala telefona zezala gertatutakoaz informatzeko.

        Gero isildu zen oro; han, Fritz informatzen zen, eta erantzunaren zain zeuden; K.-k ez zuen jarrerarik aldatu, ez zen ezertxo ere itzuli, ez zuen jakinminik erakutsi eta han geratu zen geldirik hutsarteari begira.

        Schwarzer-en txosten honek, non zuhurtasuna eta malizia nahasten bait ziren, enplegatu beherenak ere nola gazteluan iturri diplomatikoez harrotzen ziren ideia eman zion. Langileak ziren, bulego zentralean gau zerbitzu bat zegoelako, eta zerbizu honek eman behar zituen eskatutako informazioak, Fritz-ek berriz deitu zuen eta. Bere erantzuna oso laburra izan omen zen; Schwarzer-ek eseki zuen nolabait era bortitz batez:

        —Neuk erraten nuen jadanik —oihu egin zuen—, hemen dago agrimentsorea nire eskunaban adina; istorioak kondatzen dituen arlote arrunt bat edo okerrago ere.

        Instante batean K.-k pentsatu zuen denak, Schwarzer, ugazaba, ugazabandrea eta nekazariak bere gainera oldartu behar zirela. Lehenbiziko kolpea ekiditzekotan mantaren azpian labandu zen. Une horretan telefonoak jo zuen berriz, eta nahiko ozenki. K.-k astiro atera zuen burua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.