Francisco Javier Irazoki:
"Gorrotoa desbideraketa bat da".
Mikel Taberna
Lesakarra da eta bertan bizi da poeta, zirkulu literarioetatik aparte, berak aitortzen duen bezala.
Aspaldi xamar irakurri genuen haren berri paper inprimatuan, baina geroztik inolako aipamenik ez inon.
Sentsibilitatea azalean sumatzen zaion gizonarengana hurbiltzera saiatu gara, Agiña azpiko Bidasoaren alderdi horretan zertan ari den jakiteko. Berarekin zuzenago noizpait egoteko hitza emanez, paperean bidali genion zenbapait galdemodu, eta era berean hartu ditugu, xintxo xintxo, bere solasak. Eskerrik asko, Jabier.
Zure datuak: adina, egonlekuak eta abar.
33 urte. Lesakan jaioa, Iuantxenborda baserrian. Aurrerako guztiak, nekazariak.
Denbora gehiena herrian pasatu dut, nahiz Madriden eta Alcalá de Henares-en ere bizitu. Urrian, Iruñara joateko asmoa dut, Historia estudiatzera.
Esentziala, esanezina.
Noiz hasi zinen eskribitzen, nola, zergatik? Poesia bakarrik egin duzu beti?
Lehenbiziko olerkiak, hamabost urtetan. Poesiatik aparte, gaztaroan, zenbait kontaketa, orain ezezagunak, oso bereziak eta arraroak. Geroxiago, Madrid-en lana lortu nuen, garai hartako aldizkarietan artikuluak idazten.
Zergatik idatzi? Kreamena, jainkotasunaren suplantazio pobre bat izan aparte, arintasunaren bilaketa da. Zure barrunbean pisu sobera baldin bada, nolanahi saiatuko zera karga arintzera. Kanporatuko dituzu hitzak, pentsamenduak, lerro musikal bat. Pisu puskatu horren ordenazioari, misterio hoien harmoniari, edertasuna deitzen diote.
Ze poeta dituzu gustoko? Sumatzen ahal da poeta hoien itzalik zure lanetan?
Píndaro, Lautréamont, Luis Cernuda, Vicente Aleixandre, César Vallejo, Francisco Brines eta Jorge Luis Borges-en obra poetika osoa, eta William Shakespeare-en sonetoak, izandu dira nere elikadura. Gainera, beste batzuk ere mantsotu zidaten egarria: Luis de Góngora, Rainer Maria Rilke, Friedrich Holderlin, T.S. Elliot, Ezra Pound, Novalis, Robert Graves, Antonin Artaud, Charles Baudelaire, Paul Valery, Arthur Rimbaud, Jules Laforgue, Stéphane Mallarmé, Paul Verlaine, Dante Alighieri, San Juan de la Cruz, Walt Whitman, Fernando Pessoa, Geor Trakl, Matsuo Basho, Francisco de la Torre, Omar Jayyam, Allen Ginsberg, Jack Kerouac, Philip Lamantia, Gregory Corso, Virgilio, Pere Gimferrer, Juan Larrea, William Blake, Octavio Paz eta José Lezama Lima. Azkenez, aunitz baloratzen ditut hiru lagunen olerkiak: Carlos Aurtenetxe, Fernando Aramburu eta Jorge G. Aranguren.
Nere egitasmo apala: Poeta hoien argia nere hitzen tartean noizbait agertzia.
"Cloc" taldeko parte hartzaile gisa aditu dugu zure izena. Noiz izan zen hori? Nor zineten taldean? Zer gauza egiten zenuten?
1978.an "Kantil" aldizkarian ateri zen nere poema bat. Fernando Aramburuk idazkari gisa lana egiten zuen publikazioan eta laster errezibitu nuen bere eskutitzak eta bisitak.
Fernando Aramburu, Alvaro Bermejo eta José Félix Del Hoyo-k antolatu zuten "CLOC". Datu harrigarri bat: Alvaro Bermejok, orain hainen idazlari garrantzitsua, Eusko Jaurlaritzaren saria irabazlea, orduan ez zuen eskribitzen eta marrazkilari itzel bat zen. Geroxiago iritsi zen Juan Agirre Sorondo, "Ganbara" antzerki taldearen zuzendaria. Madrileñoak (Juan Martinez Rivas, Antonio Herranz, Jordi Moreno, Miguel Angel Antón) eta nafarrek (Juan Ramón Corpas, Angel de Miguel) heben laguntza txikia ekarri zuten. Azken momentuan, agerkunde miresgarria: Julius Peña. Taldearen pisua Fernando, Alvaro eta José-Félix-en zegoen. Ondoan, Félix Maraña-ren itzal zaindaria.
Sukarra zen "Cloc"-en jabea, eta eldarnioa bere arma. Bilbapen mediokrea apurtu nahiean ibiliko zen taldea. Poesia sobera delikatua da pipa erretzen duten buruentzat, erraten zuen Aramburuk. Radio Popular-ean, Fernando Mikelajáuregiren konplizidadeakin, bi radio-novela ero-eroak egin ziren, antzerkiak, manifestuak egunkari eta aldizkarietan, etab... Alvaro Bermejok bidali zituen Pablo Nerudaren poemak lehiaketa batera eta bigarren saria eman zioten. Literatur aldizkari bat kaleratzen zen, dadaismoz betea. Azkeneko zenbakiaren orrialde guztiak hutsak agertu ziren, arras txuriak, letra bat gabe, eta, nahiz jendeak jakin, agortu zen, komunikazio surrealista sortuz.
Egin zenuten zenbait gauza eskandalagarri suertatu zen momentu hartan (Txillidarena, adibidez). Zer filosofia zuen taldeak? Zer opinione duzu orain orduko gauza hetaz?
"Cloc" dadaista definitu zen. Tristan Tzara-ren "doktrina" erreferentzia sinbolikoa edo horizonte hunkigarria bezala gelditzen zen eta lotura bat bakarra matendu zuten ekintzaileak: askapen espiritualaren bilaketa. Sute aspergabean bizi behar zuen osagai bakoitzak, eldarniotik gorde gabe.
Ni bertze arduratan geldierazia bizi nintzen, gordeleku sakon eta arriskutsu batean sartua, eta urruti xamar ikusi nuen prozeso hura. Edozein moduz, denborak bere lana egin du, eta orain ezin dut onartu orduko nere jokabide aunitz.
"Cloc" taldea gehienbat Donostian aritzen bazen ere badakigu Nafarroan, Estella aldean edo, bazuela "sukurtsal" moduko zerbait. Zer dakizu horretaz?
Angel de Miguel eta Juan Ramón Corpas-ek adiskidetasuna eta harreman literarioak eduki zituzten taldearekin, eta, 1979 inguruan, aldizkari bat argitaratu zen Nafarroan. Ikusbide meharraren aurka, agertu ziren Carlos-Juan Medrano, Manuel Pacheco eta beste olerkari extremeño edo gaztelanien neurtitzak. Baina, erran bezala, Donostian hartu zuen gorputza "Cloc"-en iraultza dadaistak.
Erdaraz eskribitu duzu beti? Ez zara sekula saiatu euskaraz? Zergatik?
Nere irakurketa guztiak erdaraz eginak dira, hizkuntza horren sekretuak argitzen pasatu ditut nahiko urte. Bi edo hiru aldiz probatu dut euskeraz idaztea, baina oztopo gehiegikin aurkitzen naiz. Ez dut menperatzen eta, zalantzarik gabe, Josetxo Susperregik erraten duen bezala, hori nere kulpa eta lotsa da.
Gauz bat ez dut ulertzen: hizkuntza tartean sortu den guda saskarra. Gorrotoa desbideraketa bat da. Carlos Aurtenetxeren hitzak etikaren arrakasta bat dira: "Resulta triste e irrisorio comprobar cómo seres, por nociones políticas, son capaces de despreciar un idioma en el que otros seres han sido capaces de amarse".
Zertan aritu zinen "Cloc" desegin ondotik? Segitu duzu literatura egiten?
Idazten segitu nuen eta, beharbada poesia eta kreazioa pixko bat baztertuz, filosofia irakurtzen pasatu nuen astia: presokratikoak, zinikoak, Platón, Bohme, Nietzsche, Schopenhauer, Cioran, etab. Baina egiaztatu nuen Schopenhauer-ek arrazoi haundia zuela: ekialdeko pentsalariak ez dute gonbaraziorik. Gu, mendebaldean, beti hitzak zorrozten ari gera eta oraindik jakin gabe hilak kokatzen diren gauzak bakarrik onartzen dutela gure definizioaren tirania. Cioranek erran duena: berritsu nagusiak gara. Alvaro Bermejo ados nago nerekin erizpide honetan.
Zertan aritzen zara orain eta ze asmo duzu hemendik aintzinera?
Liburu berri bat ("Desiertos para Hades") nahiko aintzinatua daukat.
Proiektuak? Abentura erreal batean sakondu, jakinez balakua eta txaloa bi lohiune direla, eta zirkulu literarioetan azala findu bakarra egiten dela.
Nola ikusten duzu kulturgintza edo kreazio artistikoa Bidasoa alde hortan? Baduzu hartuemanik bertze pertsonekin, bertze taldeekin literatura edo kultura dela medio?
Ez dago jakinminik. Badire salbuespen batzuk. Hiru edo lau aldiz solas egin nuen Bera de Bidasoako sendagile eta olerkari batekin: Koldo Artieda. Madrid-en bizi da eta "haiku" liburu bat argitaratu zuen. Nahiko kreatzaile interesgarria iruditzen zait. Badago bertze idazle gazte bat, Fernando Mikelarena, hau era beratarra eta mutil burutsua. Artieda bezala, Madrid-era joana da. Gainera, Antton Erkiziak bere ipuinak, euskaraz sortuak, kanporatu ditu.
|