Errepublika = Erret Publikoa
Horbel
Gogoratzen al zara bisita hartaz? Nortzu eta Errege-Erregina! Nortzuk eta errepublikanoek ekarrita! Lasai egon baina: zor historikoa zen.
Hain zuzen ere, igazko Borbondarrek, Paris-i jarritzeko, hereseak saldu zituzten: Paris-ek meza bat bai balio zuela! Aurtengo errepublikanoek, Madril-en jarraitzeko, zorra kitatu dute: Madrid-ek bertze Borbondar bat bai balio duela!
* * *
"Soinua nolako, dantzara kalako". Eta kantatan hasi ziren:
Binbilin Borbonon jan eta lo,
errege Iruineak baleuko,
idiak soinu, akerrak dantza,
astoak danbolina jo.
* * *
Lotan gelditu azkenean eta ipuin miresgarriak amestu zituzten. Erdi Arora joanda, jauregiak, monastegiak, oturuntzaretoak, jopu-jauntxoei harrerak, jaurerriaren ikerketak, erret diskurtsoak..., erret zina ezik, dena egin zuten. Hara sehigo liluragarria! "Itur-be"hekoak erret arnoaz mozkortzen, er"remon"tekoak erret jokoaren "jartza"penak jasotzen, h"arotzarenak" otzarea aulki bihurtu nahiz..., denak zeuden lehia bizian errepublika "erret-publiko" bilakatzearren. Haurrak bailiran!
* * *
Sinesgaitza zuretzat. Hatsa ere gezurra zuten!
Baina ez kexa. "Agindua bat, emana bi; aginduagaz pozik egon hadi". Behinik behin, zordunak dituzu. Ez eska gehiagorik, bertzela haginka hasiko zaizkizu.
* * *
Dena den, hasi ere egin zuten. Uste ez zenituen zakurrak jaurtiki zizkizuten zure presentzia uxatzeko, errealitatetik ezabatzeko. Eta haiek bertzerik ez ziren gelditu agerian: errealitate bakar bakarra bihurtu. Haiek, errealitatea, egi egia, lakatzederra... Zu, errealitatetik at, erret presentzia itsugarriaren aurrean ezabatutako amets-beltza.
* * *
Hain itsugarria, non itsu itsuan sinestarazi bait zieten beren buruei erret publikoa eta errepublika gauza bera, beren betiko nahia zela.
* * *
Zu, bitartean, egurrak jota, harri eta zur. Bizilagun izatetik harri isil izatera pasatu zinen. Errealitatetik uxatuta: haien ametsak, benetazko egia; zure isila, urrikarizko gezurra.
* * *
Beti gezurretan ibili nahi izan duzu. Alferrik! Ez bait dakizu ziria sartzen. Beti egia ahoan, gezurra berriz belarrietan..., egia erranik ere, gezurti denentzat.
Ikasi behar duzu. Haiek bezala: munduan ibiliz, beren gezurrak erakutsiz, agertuz, lau haizetara zabalduz, goi-harroak, etorriari eta joanari jarrita... Azken finean, "erregeren zahia, bertzeen hirina baino hobea".
* * *
Badela garaia. Haiengandik ikasi. Ez sartu ziria, uko ez egin errealitateari; egia errateari utzi, egoerari, egia berriari jarri.
|