Pilistriak lehoietara!
Hiraka
OHARRA: «Pilistriak». Honela Barandiaranen arauera esaten zieten aintzinako euskaldunek kristauei. Hitz honek oso erlazio haundia du Palestinarekin (eta bai filisteuekin ere).
BESTE OHAR BAT: «Kristau» latinezko christianus-etik dator, frantsesez chrétien ezezik crétin ere sorterazi zuena. Crétin horrek euskarazko «kretino» eragin zuen. Ezinargiago, neronen eritziz, honako hizkuntz berdinketa: KRISTAUTASUNA=KRETINISMOA.
Euskaldun jentilak zorion-zoriontsu bizitzen ziren Euskal Herri libre (jesuita, opustar eta gainerako senikeriari buruz libre gutxi ez zena nahi dut esan) eta euskaldunean. Ateoak eta guzti izan zitezkeela pentsatzeko arrazoirik badaukat: «Jaungoiko» hitza kristau inbaditzaileengandik hartua dela begibistan dago: latinezko deus in excelsis delakotik, hain zuzen ere.
Honez gain, «Jaungoikoa» erdarazko señor de lo alto delakoaren kalko hutsa da. Egiazko euskal hitza balitz, ez genuke «Jaungoikoa» esanez, «Goikojauna» baizik. (Eta bazterrean utzi beharko «Goikojaun» hori, hasieran, ilargia aipatzeko perifrasi bat baizik ez zelako teoria. Caro Baroja-ren ustez, astro honen euskal izenak, «tabu»tzat hartutako benetako izenari itzurteko eufemismo zitezkeen).
Arduratzen naizeneko gaiari buruz beste posibilitate bat honetan datza: Baliteke «Jaungoikoa», «Jainko»-tik («Inko»-tik, Barandiarani jarraikiz gero) sortutako herri etimologia izatea. (Eta auskalo zein ote den «Jainko» edo «Inko» horren esanahia!).
Gogora dezagun, bidenabar, Sabino Aranak Jaungua hitza asmatu zuela, «Jaungoikoa» luzeegia zelakoan. Jainkoari esker ez dela barreiatzera ailegatu!!).
Etimologien bidez, zer nahi dugu frogatu: kristautasuna ez dela Euskal Herriko berezko erlijioa, erromatarren armak zirela medio euskaldunei (euskaldunok, hobe) inposatutakoa baizik. Hau euskaran bertan ikus daiteke: erlijioari dagozkion hitzik gehienak (denak ez esateagatik) latinetiko mailegu dira: «aingeru» (latinez angelus), «apez» (latinez abbas), «apezpiku» (latinez episcopus), «deabru» (latinez diabolus), «erlijio» hitza bera (latinez religio) eta beste anitz.
Beste ahalbide bat: Baldin eta aintzinako euskaldunak ateoak ez baziren, Mari izeneko jainko bat (ez bedi Mimakarorekin nahas, arren!) izanen dute totem. Mari horri «Andregoikoa» (edo «Goikoandrea», nahiago baldin bada) esanen zioten. Falokrata baino falokrata diren kristauek euskaldunon Izaki Gorena femeninoa zedin pairatzea ez zutenak inbaditu gintuztenean, Andregoikoa gizondu egin zuten, «Jaungoikoa» bihurtuz. Emakumezko Izaki hari egiten zitzaion kulturaren hondakinak, matriarkalgoa sinetsiegi ez nagoenekoa, egia esan eta kobada Strabonen arauera kantabresek usatzen zutena eta Xahok euskaldunei iratxeki diena izanen ziren. Agi denean, euskaldunok demokrazian ez baino klitorikrazian bizitzen ginen, eta gustora, gainera.
BESTE OHAR BAT (ea azkenekoa den): Hamabigarren gizaldiko Codex calixtinus deritzonean, euskaldunek Deum vocant Urcia («Jainkoari Urtzi deitzen diotela») baieztatzen dela esaten didake zuetariko baten batek, honakoa euskal monoteismoaren froga errefutaezina delakoan. Baliteke, baina «Urtzi» hori izartegia aipatzeko era («zeru» latinezko caelum-etiko oso mailegu berria da eta) baizik ez zela uste dut neronek, Aimery Picaud, codex-en autoreak, jainkozko izen batekin nahasi eginen zuelarik. «Urtzi»k (aryar Thor, Wotan, Zeus edo Jovis-ekin zerikusirik ez duena, Don Pio Barojak kontrakoa pentsatu nahi bazuen ere) «ortze» edo «ost»erroa (OST-adar, OST-eguna, OST-gorri, OST-garbi...) dakarkigu gogora. Bi hitzetan, ba: «Urtzi» hori atzerritar erromes baten irudimenetik sortutako jainkoa da soilik, besterik ez. (Aimery Picaud, atzerritarra eta erdalduna izateaz gain, erdaltzale amorratua zen, bere izkribu guztian ikus daitekeen bezala. Gauza ulertzezina, benetan, bere hizkuntz bazterrolibrekeria berreska dadila). J.E.L. goiburuari darraizkionek atseginegi ez duten arren, kristautasuna, hasiera batetan, bederen, Euskal Herriari arrotz gertatzen zitzaion ideologia bat zen. Gaur egun, kristaukuntza=erromatarkuntza berdinketa onartua da historialarien artean. Guk, euskaldunok, beste hau ere behar genuke onartu: KRISTAUTASUNA=ERDALDUNKUNTZA. Duela mila urte eskas arte zer dira mila urte gure Herri zaharraren historian? kristau misiolariren bat, Euskal Herritik pasatzera ausartzen bazen, bertakoek gure arbasoek, alegia marmitan sartu eta irentsi egiten zuten, gure anai-arreba beltz afrikarrek oraindik egiten duten bezalaxe. Zalantzarik baldin bada, galde egin bekio San Leoni zer gertatu ote zitzaion Baiona ebangelizatzera etortzea bururatu zitzaionean.
Bi hitzetan birbilduz: aintzinako euskaldunak bai jainkogabeak bai ginolatrak zitezkeen (jatorrizko kristaukuntza mitoa tubalismoa, foruak, kaparetasun orokorra, euskal arraza eta Euskal Herriko mitoak oro bezala gure aitonamonek mahukatik ateratako bateko bat besterik ez da, pikorik egin gabe primeran bizitzeko Kristoren atxakia izatearren).
Orain arte izkiratu dudan guztia tontakeri pilo bat baino ez dela pentsatzeari aiher natzaio, gure asabak ez ateoak ez ginolatrak eta ez oste iruditzen bait zitekeena. Garagardoa edo sagardoa edan (moda atzerritar asmakeria da eta) eta larrua jo SIDA hartu arte besterik ez zuten egiten, neronek uste, traszendentzia guztiak erromatar buruberoei utziz. Bat ere ez nau harritzen, ba, kristauek, beren «erlijio» harrigarria (eta potroduna) praktikatzen ikusten zituztenean, Satanas ari zirela adoratzen pentsatu eta judizio inkisitorial ikaragarriak moldatzeak (oroit gaitezen Zugarramurdiko martiriez, g.b.). Izan ere, Euskal Herrian, beste herrialde politeista batean, Indian hain zuzen, gertatu zenaren berdintsu gertatu zen. Aintzinako indiarrak larrutan aritzen ziren ahalik eta gehienetan (Kamasutra lekuko). Orain, Islam monoteistak eragina dela eta, ezta kokotsa ere ezin dakieke indiartsei ikus, eta zerbait ikusten saiatzen denak gorriak ikusiko ditu (honetarako, nerau nauzue lekuko, Indian izana naiz eta). Beraz, gure hauspoak bete ditzagun eta hau oihuka: GORA PAGANISMOA!
Ba, hori: Hemen genituen asabak, ateoak, ginolatrak, luziferinoak edo zirenak zirela, berdin dio, baina, bat batean, Jehosua ben Josef izeneko bati Bethlehem-en jaiotzea atera zitzaion. Hauxe izan zen egunik tristeena Euskal Herriaren historian. Egun hartan, euskaldun jantilak Argaintxabaletan, Aralarren, jostatzen ari zirelarik, Ekialdetik zetorren hodei argitsu bat agertu zitzaien. Hau ikusita, beldurtu egin ziren eta agure bat deitu, augurupen hark iragartzen zuena honako hitzetan azaldu ziena: «Kixmi (1), gure arrazaren amaiera, jaioa da, orain txakurren arraza hasiko: jaurtiki nazazue ondoko amildegitik». Eta jaurtiki egin zuten. Egun hartan, azken azti euskalduna hil zen.
Kixmiren jaiotzak gure munduaren azkenaldia eta erdal munduaren hasiera ekarri zizkigun. Argi eta garbi gera bedi, dena dela, neronek deus ere ez dudala Jehosua ben Josef-en kontra (Jesus Nazarethekoa ere deitua), nahiz eta bere herriak hau da: judutar herriak masiah (grekoz kristos eta euskaraz «gantzutua» itzul daitekeena) izendatu zuen. Bere kontra deus ere ez dudala diot, Jesus ez zelako kristaua: Jesus judua zen, erlijioz, etniaz eta kulturaz. Kristautasuna Israelen zenbait sinbolo, balio, sinesmen, ekialdeko mentalitate batetik uler ez ditzakeen Mendebaldeko mentalitate batera pasatzen ekoitzen den akulturizazioan datzana Saulo Tarsokoak eta Constantinusek erdizka eragindako imentzioa baizik ez da. Jesus bere herria saiatu zen erromatarrengandik liberatzen, munduko beste herriei ezta jaramonik ere ez zielarik egin (euskaldunek, gainera Argaintxabaletako agurearen hitzetan ikus daitekeenaren arauera, ez dirudi inork salba zitzan gogo haundiegirik zutenik). Baina jazo zena jazo zen: Iskariotek saldu izan ez balu, Nazaretharra saguzarra baino zaharrago hilen zatekeen, gaur ez genuke bere bizitza eta mirakuluez mintzo zaigun astunik jasan beharrik eta denok kontent (eta jentil)...
Ematen saiatu naizen arrazoi guztiongatik «pilistrismo»ari Euskal Herritik erauzi behar dugun minbizi ezinarriskutsuago deritzot. Honegatik, erromatarrengandik gauza onen bat ere ikasia dugulakoan, Herriko zezenplazak oro colisseum bihurtu eta pilistriak lehoietara bota ditzagun Lucius Domitius Nero Claudius erkideak emandako exenpluari jarraikiz proposatzen dizuet. (Lehoiak lortzearren, Barcelonako zooparkearekiko harremanei ekin geniezaieke, neronek uste). Hauxe dugu, neronen ustean (baita Neron-en ustean ere) Euskal Herri lasaka, onanista, birbatu eta euskalduna eraikitzeko metodorik atsegindarri eta zuhurrena.
(1) «Kixmi» (=tximinoa): euskaldun jentilek Kriston ematen zioten izena. Ikus BARANDIARAN, José Miguel de: Diccionario ilustrado de mitología vasca y algunas de sus fuentes (Obras completas direlakoetako lehen liburukia), La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1972, 132-133. orrialdeak.
|