Ipuin kontari batzuk
Patziku Perurena
TENE MUJIKA 88 LEHIAKETAKO ipuin bilduma jaso berria dut lagun tolosar baten eskutik. Ez, gaizki esan dut. Lagun hitza, hitz guziak bezala hitz faltsoa da; eta paradoja irudituko bazaizue ere, ni, sekulan lagunik eta etsairik izan gabeko kreatura naiz. Bestetik, tolosar esan dut; ongi esana; nahiz Billabonan bizi, Koldo berez ez bait da Bilabonakoa, ez behintzat harako leienda hark dioen zentzuan; haren antipodetan dabilen kreatura frustratua baizik.
BASURDEAK ETA BABARRUNAK BEOTIBARKO BATAILAN
Tolosar izanik, nork etsi gatazka honi buruz hitzegin gabe? Historiadore askoren ustez, elkarren arteko gatazka hau dela medio egin omen ginen etsai nafarrok eta giputxak, eta oraindik ere segitzen omen du elkarren arteko espak, subkonstzientean bada ere. Koldo, uste gaizto, hori ukatzera dator bere ipuin ironiko bezain umoretsuan. Zera esaten du Cioranen ahotan jartzen duen pasarte batean, «gizakia erabat galdurik aurkitzen dala, historiak zapaldurik, ez dagoela zer eginik», eta eskua burura eramanez gloria patria et filio, eta beste hamaika txilio, ateratzen zaizkio...
Benetan eskertzekoa da tankera honetako literatura; aurkitu ere, oso nekez aurki bait daiteke euskal literatura zintzo eta jatorraren alorrean. Hona beste pasarte bat M. Vincent-en ahotan jarria: «Gure arbasoak fila indian jarriko begenitu, mende bakoitzeko lau belaunaldi hartuz, zine sarrera bateko ilada baino pittin bat motxagoa suertatuko litzatekeen lerroaren bukaeran Socrates aurkituko genuke maindire batez estalla eta zorriak kentzen, edo faraoi bat minifaldaz. Eta apurtxo bat urrutiago, lehenengo kale kantoira iristeko, tingladu honen eragilea egonen litzateke, txinpantze bat hain zuzen». Oso adibide egokia, historiaren nondik norakoa hitz gutxitan azaltzeko. Baina, badu akats ttiki bat: Koldok ez du asmatu ilada horretan bere burua sartzen. Oso seinale txarra umorista on batentzako. Bukaeran ere «zuek hor, eta ni hemen» esaten bait du esaldi historiko bati amor emanez, «ja jai, zuek hor eta ni ere bai» esan beharrean.
Badu beste akats bat ere ipuin entretenigarri honek. Idazkera pisuantza erabiltzen du Koldok. Hizkera, idazle on askok baino naturalagoa du, baina, narrazioaren harian asko behartzen du ideien arteko lokera. Koldok asko falta du gauzak idatziz kondatzen ikasteko, eta umore estimagarri honen bidetik jo nahi badu are eta gehiago, izanez ere, jenero literario honek beste inork baino gehiago eskatzen bait du idazkera arina eta segierrexa. Hauxe du falta duen tresna bakarra, ipuigile pesimista ironiko honek: gauzak euskaraz kondatzeko arintasuna. Hori lortzen badu, beste edozein herrik baino gehiago eskertuko dio euskal herriak gisa honetako literatura. Bere buruaz farrik egiten ez dakien azken herrietakoa bait dugu gurea, gaur oraindik.
ASTEAZKENEZ AMAITU ZEN ASTEA eta KUKURIK KUKURA URTEA
Bi ipuin hauek Xabier Olarrarenak dira. Lehenbizikoak euskal mitologira eramaten gaitu. Besteak, kukua, gure hegazti enigmatikoaren portaera berezietara. Oso idazketa samurra eta arina erabiltzen du Olarrak; umeentzako ezin aproposagoa. Erreztasun haundia duela nabari zaio Olarrari gauzak idatziz kondatzeko. Beste alderdi batek harritu nau, ordea, ni, bereziki bi ipuin hauetan (batez ere kukarenean); zeinen ongi ezagutzen duen Xabierrek eskolumeen sikologia eta hezkuntzaren inguruan sortzen deneko mundu ezkutua!. Bide horretatik jotzen badu, oso lan erakargarria egin lezakeela iruditzen zait. Erakargarria eta komertziala ere bai, zergatik ez esan dena. Hartara, ogibidea ere seguratua luke. Bere lan guztiak arrapazka salduko bait lirateke euskal eskola guzitan, dagoeneko arrapazka saltzen hasiak ez badira ere.
UR ILUNAK ETA SARE BARRUAN
Bi ipuin hauek, nolabait esateko amodioaren inguruen moldatuak dira. Aurrenekoak kreatura beltz eta ezkor baten istorioa kondatzen du. Besteren amodiorik onartzen ez duen batena. Berebaitaraturik bizi da, eta ez dio inori sartzen uzten bere inguruan eraikia duen harresi horretatik barrura. Ipuin honek nahiko ongi lantzen du etsipenak jotako gazte baten mundu ilun hori (gaurregun hain ugaria dugun hori). Halere, egileari idazkeran nabari zaio euskal sena falta zaiola. Txeluk badu sentiberatasuna eta narradore sena, baina, saiatu egin beharko du oraindik hizkuntzaren xokoak, zirrikituak eta altxor ezkutuak bilatzen, baldin eta idazkera oso standard eta artifizial batetan geratu nahi ez badu, behintzat.
Bigarren ipuinak, amodioaren beste alderdi bat erakusten du. Honek, ipuineko neska protagonista honek, ar ala eme, senditzen duen guzia nahi du maitatu, nahi du bizi, nahi du eskuz laztandu. Baina, hori ezin da egin moral zikinaren gainean eraikitako gizarte honetan. Eta hau ere gizartearen sareetan eroria denez, bere buruaz beste egitea beste biderik ez zaio geratzen. Sentsibilidade haundiko kreatura da Aneren protagonista: bakardadeaz, musikaz, ekologiaz, eromenaz, eta abarrez... bada gogoeta interesgarririk bere ipuinean. Baina, ipuin honi, justizi eske ote datorrenaren antzera hartu diot nik, pasarte horietan denetan. Eta hori ez izaki nere guztizko alderdia. Artikulu oso bat beharko nuke alderdi hau azaltzeko baina, honetara laburtuko dut: Justiziaren kontzientzia duenak, instinto femeninoa du. Gaurregun iadanik, kabala den gizonak ez du sinisten justiziaren balore faltsu horretan, eta emakumearen eskura pasatzen ari da balore horren defentsa. Gizonaren engainu berberean erortzen ari da emakumea. Sekulan ez da ezagutu gaur hainbeste emakume justizi eske. Eta horrek ematen dit mina: munduan ene guztizkoena den kreatura hori hain tonta dela ikusteak.
Literatura ere, iadanik kabala dena, irudimenaren fasean bizi da. Feministei laguntzeko atzean gelditu diren hirulau astazakil besterik ez da geratzen jadanik justiziaren fasean. Aneren protagonistari ere feminista kutsua hartzen diot. Baina oso feminista lizta da. Bestela ez bait zuen bere buruaz beste eginen hain azkar.
ERREKORTE
Kontrabandisten afera honi gustoa hartu dio nonbait Jesus Mª Mendizabalek. Lehen ere Apextegitik goiti ibilia bait genuen gai berdina bizkarrean zuela. Dudarik gabe ipuin bilduma honetan hizkuntza hobekienik menderatzen duena Jesus Mª da. Badu bai hizkuntz almazena. Badu euskal kontalari baken sena bizi eta trinkoa. Hizkuntza, ordea, literatura egiteko tresna baizik ez da. Eta, tresna horrekin lilura, fantasia, mira, harridura sortzea, literaturaren xedea. Beraz, errealitate ezagunegi, hori alde batera utziz, lilura, fantasia edo dena delako hori bilatzen saiatu behar luke Jesus Marik ene ustez. Horretan geratzen bait da motz samar. Beste guzia badu.
Hizkuntza oso ongi menderatzen duela aitortu badiot ere, ohartxo bat eginen nioke Mendizabali, bidenabar, beti gramatikalari izan beharraren gaitz honekin segitzen dugula adieraziz. Oso oker ez banaiz, Txoil hitza hirutan erabiltzen du: txoil berandu, txoil konten, txoil petral. Hirluetan gaizki erabilia dagoela esanen banio, harritu igoal eginen litzaidake, baina, esan eginen diot halere. Txoil hitzaren balio semantikoa (nik ezagutzen dudana behinipein) ez doa bide horretatik. Ez dakit nongotarra dugun Jesus Mari, baina, egingo nuke hitz hori ez duela haurtzaroan bere gurasoengandik edo bere erritarrengandik jasoa, bestela ez zuen erabili duen bezala erabiliko. Zorigaiztoko auzo erdara metrotzat hartuz, honako exenplu hau jarriko nioke Mendizabali: Txoil, (dena): completamente. Eta adibide batzuk propinatako: txoil erotuta dago hori; botila txoil hustu arte hor aritu duk zurrutean; txoil mozkortua zegok.
ATSEGIN GUZIEN BESTALDETIK
Ez dut ukatuko ipuina ongi biribildua ez denik. Gaiarik ez adarretatik galtzen; bera bidean, xuxen eta txukun jotzen du azkenera arte. Idazkerari ere ez diot jarriko inolako aitzakiarik. Baina, ni epaimahaiko izan baldin banintz... Beste Jesus Mari esaten nuena esanen nuke zartzaroaren gai honi buruz ere. Oso era errealistan eta klasikoan tratatzen da gaia. Batere literaturtasun xarmarik edo fantasiarik gabe. Are gehiago, errealismo horri oraindik errealismo gehiago ematearren bost ahalegin egin duela uste dut Etxezarretak. Niri, egia esan, gizatasun zuriska hori (eta zuria kolore faltsua ere bada euskaldunontzako), sentsibleria astun hori, eraman ezina egin zait. Behar bada, izan liteke aldez aurretik erdizka adierazia dudan horregatik, hau da, giza errukiari edo antzeko zurikeria guzi horri ikaragarrizko nazka diodalako; ez nuke esanen ezetzik. Dena den, ordea, horrelako gaiak, eta horrela tratatuak, eguneroko bizitzakoak aski ditut, liburutan bila ibili beharrik izan gabe.
|