| 
 
 
Uxioren Os Eidos
 
 
 
Patziku Perurena
 
 
 
        Arratsalde gogoangarri batez leituak ditut Uxíoren Os Eidosak, gailegorik apenas jakitean, neretzat Koldoren Bazterrak baino izan ez direnak. Eta, egia esanen badut, buruan har batekin galditu naiz, Koldo lan hau euskaratzera zerk eraman ote zuen jakin ezean. Gurean huts hori somatzen zuelako, agian? Dena dela, nik alde horretatik bilatu nahi nioke lan honi gureratzearen arrazoirik haundiena. Euskal lirika, lirika hutsa diot, ezerezeraino ekarria bait genuen kasik.
 
        Liriko on batek ordea, bere burua ez luke sekulan salatu behar. Izadiak hitzegin behar du beti bere ordez. Uxío ez dabil aparte xede horretatik. Halere, maiztxo salatzen du bere burua. Ez da batere harritzeko, bizi zuen gaitzaldia kontuan izanik. Nekez aurki bait liteke, hain egoera larrian bere buruaz hain bakan mintzo deneko lirikorik. Novoneyraren poemetan nabari da biriketako gaitza izan zuela:
 
 
 
                Arratsalde honetan adiskide dut airea. 
 
                Murgilduz murgilduz noa. 
 
                Aireak nahi badu 
 
                inor ez izatera helduko naiz. (83.orri.)
 
 
 
                Ilunabarrean 
 
                airearen bila ibiliak 
 
                badaki itzala 
 
                iluntasun leun bat baino areagokoa dela. (119. orri.)
 
 
 
                Aireak badu zera bat 
 
                galdu egiten dena esanez gero. (110. orri.)
 
 
 
                Sagastipean nenbilen noraezean 
 
                gau ilunean. 
 
                Airea eta biok gomutaka genbiltzan 
 
                Sagastipean nebilen noraezean 
 
                gau ilunean. 
 
                Ez inork ez nik nekien non nintekeen. (145. orri.)
 
 
 
                Arratsaldeko airera. 
 
                Airearen arratsaldea.
 
                ...........................
 
                Batek ohi duena
 
                une bakar batean ohartzeke.
 
 
 
        Aideak hartzen du hor, ezkutuan gorde nahi deneko zera barezi bat, «esanez gero, galdu egiten deneko» iradokizunen bat.
 
        Azal ditzadan ondoren, irakurketaren arian azpimarratu ditudan kapritxo batzuk. Gutxinez bitan harrapatu dizkiot itzultzaileari toponimo izen arrunt bihurtuak. Egoki eta atrebentzia haundiz eginak, gainera. Izan ere, non jarri toponimoaren eta izen arruntaren mugak. Hain da lan zaila, batzu batzutan.
 
 
 
                Arranoen gailur ilunak! 
 
                Eguzkiaren eta uraren mendiek! 
 
                Mailoak!
 
 
 
        Serras! galegoa, mailoak! jarri du itzultzaileak, Orixe batek jarriko lukeen egokitasunez eta ausardiz. Gauza bera egiten du beste bizpairu alditan, morodella galaikoa euskaraz harriaga ipintean. Eta toponimi eta izen arruten arteko muga honetan, ez harritu gehiago ere izatea, nahiz ni ez ohartu. Itzultzaileak berak ere aitortzen bait du: «Leku izenak, haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar haundikoak, gailegoz utzi ditut. Ez dute ozentasuna galdu, nik uste, euskarazko perpausan». Aitorpen hau beste alderdi bati badagokio ere, zer ikusirik baduela esanen nuke goian aipatu ditudan kasuekin.
 
 
 
                Freixeiroko lur zakarrak!
 
                Mendi zutak!
 
                Herri pobreak
 
                hezurretan geldituak!
 
 
 
        Nik, mendi pikoak! jarriko nuen hor mendi zutak! jarri ordez. Eta ez naiz hasiko irados! gailegoaren eremu semantikoaz ezbaian; ez eta zutak! eta pikoak! gauza bera ez direlakoaz. Nik horrela jarriko nukeela esan dut, besterik ez.
 
 
 
                Fontiñas do corzo!
 
                Orkatzaren iturriñoak!
 
 
 
        Zeinen hurbileko egiten diren galaikoaren -iña hori eta gure -iño hau. Eta zeinen eroso datozen elkarren arteko itzulketak egiterako orduan. Halere, haien iña (morriña kasu) hizkuntz oso baten ezaugarri da. Gure -iño ordea, oso besterik izaki:
 
 
 
                Lagos fontiñas outas
 
                Putzuak iturri goiak
 
 
 
        Ez da erori, ez, itzultzailea tentazio horretan, alderdi hain tentagarria izanik ere.
 
 
 
                Ikusten dudan eta ikusten nauen hauxe
 
                naiz ni:
 
                ..................................................
 
 
 
        Etenaren puntu horiek ongi bete badituzu, ez noa deus esatera, benetako liriko batek, izadiarekin bat, bere buruaz zer senditzen duenari buruz. Beste hau gehituko diztut.
 
 
 
                Nik amets dagidan ari du euria...
 
 
 
        Eta beste orrialde osoa utziko dizut zeure poema bizi dezazun. Uxíok honelako argi izpi batzuk ematen ditu askotan, bere ordez irakurlea izan dadin poeta, eta maiz, joko hori poema osatua baino gehiago estimatuko du, gainera, irakurle finak.
 
 
 
                Urdeak gizendu hil 
 
                gatzatu eta ketan gorritu. 
 
                Gantzan urtu behar...
 
                Sutan erre behar...
 
                Beti dago zer egina etxean.
 
 
 
        Poeta lirikoek, gehienek, izadiaren edertasuna baserriko edo, itsasoko gizalanarekin zipriztintzeko joera izan ohi dute. Ez nauzue ni horren aldekoa, pekatu berean maiz erortzen banaiz ere. Liriko onak, gizakiaren aztarrenik ez du utzi behar bere poematan. Bestalde, ketan gorritu hori, ez dut esanen gaizki dagoenik, baina, ez ote zen aski hain gutxitan erabiltzen ohituak gauden ketatu jartzearekin. Ni itzultzaile izan banintz behintzat, ez nuen gorritu erantsi beharrik izanen, nahiz jakin, ketatu esatea aski ez balitz bezala, ketan gorritu esatera ohitua dela egungo euskalduna.
 
 
 
                Neguko iratze ihartuak
 
                Val Arcón eta Fontelako iraztiak! 
 
                Denboraren arrastoak 
 
                mendian han-hemenka sakabanatuak!
 
 
 
        Iratze zimeldua, gorritua, idortua, lahortua, ziztortua... eta beste mila adjetibo gehiago entzun izan dut, baina, min eman dit belarrian iratze ihartuak entzuteak. Eta nago, nere belarriaren kapritxoa lokalismo hutsa izanen ez ote den. Nahasi egiten dugula uste dut ihartu, lehortu, zimeldu... eta antzekoen arteko bereiztasun semantikoa. Nor eta, Koldo ere badirudi nahaspila horretan galdu dela. Hagitz dotorea bestetik, denboraren usai zaharra dakarren iraztiak hori.
 
 
 
                Adarraren adaskaren muturraren muturtxoan txoriñoa kantari.
 
                Adaskaren muturraren muturtxoan berbetan ari.
 
 
 
        Eta zergatik ez, berriketan ari jatorrizko gailegoaren musikaltasunari eta zentzu poetikoari ere labore baizen egiten ez dionean. Dena den, poema honek beste euskal herri kanta hau ekarri dit gogora:
 
 
 
                Sagarraren adarraren adarraren puntan, 
 
                puntaren puntan 
 
                txoria zegoen kantari 
 
                txiru liru li, txiru liru li 
 
                nork dantzatuko ote dun soiñutxo hori.
 
 
 
        Eta ona berriro, berez xarmanta izanarren, lirikaren mugak urratzera datorren pitxia:
 
 
 
                Arte gaixo horrek 
 
                eman du kimatu zuten igitaien 
 
                giderren egurra.
 
 
 
        Honako hau ordea, besterik da. Honek ez bait du giza aztarrenik, inondik ere nabari:
 
 
 
                Itzalak erakarri egiten du. 
 
                Ez dira entzuten 
 
                txoriñoen txioak 
 
                entzunaren entzunez.
 
 
 
        Ez dakit ordea, zergatik omititu duen Koldok jatorrizko xa hori. Oharkabeko hutsa ote da, ala nahita egindakoa? Neretzako behinipein, iada bat sar zitekeen hor lasai, jatorrizkoak eskatzen zuen ariora.
 
 
 
                Gaua dator bazterretan...
 
                Badoa arratsaldea txintik atera gabe 
 
                agur esanez
 
                ez dakidan eta ahantzi eginen ez zaidan moduan.
 
 
 
        Zoragarria, atzen bertso hori. Baina, nitasun hori, berriro diot, ez dagokio lirikari.
 
 
 
                Gorrituak alorrak. Lebrak erori 
 
                gaztainondoetarik. Piper egin duten mutikoek 
 
                txorrokoak egiten dituzte
 
                eta metatxo txipiak lebra pilatuekin.
 
 
 
        Ongi baserritarra behar, poema hau ahogozatzekotan. Ni neu behintzat, inoiz eskolapiper eginda, gaztain gerbak pilaxkatuz xorrokak edo metatxo ttikiak egiten aritua naiz mutikotan, jende larriak egiten zituen benetako belar edo iratze meta haundi haiek neurri ttikiagotan imitatzeak ematen zuen atseginaren truke. Halere, Uxíoren «Cain as candias das cantrochas calvoas» irakurteak, Koldoren «Lebrak erori gaztainondoetarik» leitzeak baino zerbait gehiago adierazten ez ote duen nago.
 
 
 
                Behien bazka entzuteak ilunabarrean 
 
                mendiko isiltasunean
 
                murgiltzen zaitu ia
 
                presen ura ibarrean iragaiten ikusteak hainbat.
 
 
 
        Igertzen diot itzultzaileak zer esan nahi zuen baino besterik esaten du behien bazka entzuteak dionean. Behiak bazkan entzuteak, behar zuen hor gutxienez.
 
 
 
                Entzuten ez dela ari du euria soroetan. 
 
                Hurrenez hurren 
 
                erorten dira hostoak itzulika...
 
 
 
        Ez nago konforme dando voltas euskaraz itzulika jartze horrekin. Nik, kiribilka, jiraka edo antzeko zerbait jarriko nuke. Itzultzeak, berez, jiratzeak ez duen esanahia baduelakoan nago, nahiz, oraindik Euskadiko Txirrindulari Itzulia eta gisako kirtenkeriak entzuten diren. Halabaina, hostoak jiraka ezik itzulika ere eror daitezke, eta Uxío azken hori esan nahi bazuen (harritzen naiz baina) Koldok ongi egin du itzulika jartzearekin, behin eta berritan ere.
 
 
 
                Chove xunto e miudo... 
 
                Euria ari du estu eta xehe...
 
 
 
        Estu horrek ez dit onik egin, ez begira ez belarria. Nik honela entzun izan diet ene gurasoei: «zerratu aski ari dik euria!» «hauxe laino zerratua!»... Hitz hau ez ote zen aproposa Uxíok esan nahi zuena euskaratzeko? Baietz uste behintzat nik.
 
 
 
                Somatzen da denbora luzea 
 
                piskanaka iragan dela 
 
                goroldioz estalitako 
 
                arroka zahar hauen gainetik
 
 
 
        Zeinen pasarte ederra! Halabaina, denboraren tratamendu horrek liriko batena baino areago dirudi filosofo zuhur batena. Eta honako beste pasarte hau:
 
 
 
                Pasan pasan as nebras... 
 
                Eu sinto que me deixan e me levan...
 
 
 
        Zeinen ederki euskaratua, bere errima musikal eta guzti:
 
 
 
                Lainoak iragan iragan... 
 
                somatzen dut egiten nautela utzi eta eraman...
 
 
 
        Otsoaren sinbologiak badu esanahi berezirik Novoneyraren lirikaren zirrikituetan:
 
 
 
                Otsoaren sasipeak! 
 
                Basurdearen amildegiak! 
 
                Inor joan ez eta joanen ez den 
 
                bazter bakartiak!
 
 
 
                Otsoa! Begiak bizkarra otsoarenak!
 
 
 
                Jaitsi da otsoa basoaren begitik 
 
                haginaren adasketan higituz 
 
                bidezihorretako orbeletan zarataka 
 
                ordoki bakar eta beldurtienaren bila...
 
 
 
                Aztarrendu 
 
                gelditu eta usnatu 
 
                atzaparra tinkatu burua jaso ulu egiten du zerurantz 
 
                gauaren itzal osoa ahoan
 
 
 
                Astiro hurrez hurren 
 
                hilez joan dira neure ametsak 
 
                eta bakarrik gelditu naiz osoan.
 
 
 
                Bakarrik nago otsoa 
 
                gauari uluka bezala.
 
 
 
                Orain neure bihotza zauri sutu bat da. 
 
                Esku otso bat ari zait urratuan kitzika.
 
 
 
                Oinaze hau! Entzun egiten den oinaze hau! 
 
                Neure bihotz hau! 
 
                Berez heldu zaidan oinaze hau 
 
                zergatik den ez dakidala!
 
 
 
                Leize batean amildu banintz bezala da 
 
                Lehen gauza zen eta eguna zen. 
 
                Orain dena da ilunpe otso bat.
 
 
 
        Bere sentierak adierazteko, bai modu berezia duela Novoneyrak:
 
 
 
                Iturriñoa kantari
 
                iturritxoa kantari.
 
                eta berea badu ere 
 
                badauka zerbait neure kantuak 
 
                ulertzen diodana.
 
 
 
        Ondoko honetan hitz bat iruditu zait hagitz luzea, zakarra, eta moldakaitza:
 
 
 
                Ollo do Río! 
 
                Lizun eta lidrio bizarrak! 
 
                Pago luze hostapetsua! 
 
                Ez diot gerizari baizik begiratzen...
 
 
 
        Are gehiago esanen nuke, hostapetsua, ez zait iruditzen euskara denik ere. Eta ez nuke nahiko inork garbizaletzat har nazan.
 
 
 
                Txoriak hegan
 
                kantuaren inguruan.
 
 
 
                Leku orok du 
 
                bideren bat 
 
                haratago 
 
                ez doana.
 
 
 
        Ez dut deusik honi eransteko, berriz irakurtzera gonbidatzea baizen.
 
 
 
                Urrumaka tortoila
 
                Galaperra kontari
 
                Zapalora gorriak
 
                ogiaren urrean.
 
 
 
        Tortoilo hitza ez nuen entzun aitari ikasi nion Irungo Mayoaren herri kanta xahar eta luze hartaz geroztik, eta atsegin haundiz irakurri dut hemen, beste edozeinek usapel jarriko lukeen lekuan. Galaperra kontari delako bertsoak duen zentzua ulertzeko berriz, galaperraren kantua ezagutu behar. Galiziako mapoulas roxas ez dut uste ordea, Euskal Herriko zapalora gorriak direnak. Bestalde, ez naiz hasiko ni ogiaren eta gariaren arteko sinonimiaz historiografiarik egiten. Baina, bai esan, Uxíok gariaren zentzuan darabil behintzat pan, askoz egokiago zela gurean gariaren urrean, eta ez, ogiaren urrean. Dena dela, baliteke itzultzaileak bere arrazoiak izatea jarri duena jartzeko.
 
 
 
                Elurra ari du
 
                                   eta ez atertzen.
 
                Denbora guztia une batetan.
 
                ........................................
 
                Plomoan jausten da elurra... 
 
                inguru itxi batean 
 
                bezala 
 
                jausten da kanpoan elurra.
 
                ........................................
 
                Iada ez da erreka entzuten.
 
 
 
                Beste Uxío batek jaio behar du 
 
                Iraganak iraun dezan.
 
 
 
        Ez da beste munduko dohairik behar, Uxíoren memorian elurra nola egiten duen hatzemaiteko:
 
 
 
                Iraganak iraun dezan 
 
                eta zuk Galizia jarrai 
 
                teilatuak lur joten badu ere 
 
                eta elurra laratzean erori. 
 
                Teilatuak lur joten badu ere 
 
                eta ganbara ageri. 
 
                Jaio nintzen gelean 
 
                eta ohantzean bertan eginen du elurra.
 
 
 
        Eta atzenekoz, honako hau, neure memorian ere Uxíorenean bezalatsu elur egiten duela aitortu bidenabar:
 
 
 
                Elurra ari du eta ez atertzen. 
 
                Zeruak zamatu egiten duen arren 
 
                airean da isiltasuna. 
 
                Elurra ari du nik poema hartan 
 
                elurra ari du nioen bezala.
 
 
 
        Oroitzen al zara Elvira, oroitzen? Nola esaten nuen poema hartan...? Isilik noa munduari eta mundukoei begira, BAZTERRAK ikusi edo oroitu egiten ote ditudan ez dakidala.
 
 
 
              
             |