Otsogorri
Jean Louis Davant
1
Basabürüko hegian
Orhiet'Ahüñamendi
Gure giganteen erdian
Bat, bi, hirur Otsogorri
2
Zü lehenik Gaiñekoa,
Düdarik gabe handia,
Apal baitüzü ttipia,
Hirugerrena,pekoa.
3
Arren gainek'Otsogorri,
Zü egiazk'Otsogorri,
Balio dükezü Orhi
Goraz ere abantzüñi.
4
Goratarzünez abantzü,
Ederrez lehen zira zü.
Orhi errege dadügü,
Zü erregiña zütügü.
5
Otsogorri, Otsogorri,
Zure hegian azkorri,
Zure maxelan sokorri,
Aldepean nor egarri?
6
Ipar aldeko baxetan,
Zelüko hurak turrustan
Ehün kanako jauzitan
Arrokatik jauzten Pistan.
7
Pistaren alde gainetik,
Ttünttür baten ttünttürrean
Harespil bat biribilik
Soropila orlegian.
8
Arbasoen hilerria,
Arimaren baratzea,
Hitarik hüllan zelia,
Heben denekiñ batzea.
9
Zaharren eki saintia,
Artzainen lür sakratia,
Hortik, sentoralaria,
Besarkatzen dün mündia.
10
Kürkürian sargia bat
Zuri zabal, Otsogorri.
Hantik sos Maidalenalat
Bazterrak zoin txorogarri!
11
Portilloren haraintian,
Eguerdiz eki xurian,
Hüxtülan hegoa latza,
Eta üngürüz ügatza.
12
Zü halaber, Otsogorri,
Bortien andere xuri,
Nafar aizeen mezülari,
Bi hegalez iparrari.
13
Batetik Malta, Ardane,
Miraküilüzko arana.
Baxen ez bahiz herabe,
Sar beste mündian barna.
14
Bestaldetik Harlüzia,
Bürüxieta, Zakia,
Etxahunen Igelua,
Begien bazkatzekoa.
15
Erditan gure segeretia,
Bide gabeko ibarra,
Hur bizien üturria,
Misteriozko indarra.
16
Han artzainen erresuma
Bihotzez maite dügüna,
Baina heben dün arima
Hurtatzen daikün arana.
17
Goian Utürrurdineta,
Hoinetan zilar tzapasta.
Lamiñak leizen behera
Hantik jaixten ümen dira.
18
Udako ekitoltzetik
Goazan sendaren behera
Turrustaren saihetsetik
Oihanean freskatzera.
19
Borroka beroz aserik.
Mendien sabeliala
Utzültzen nün, desertütik
Edenek' oasiala.
20
Ixilean ostoz osto
Xortaka itzal güzitik
Sartzen zaikü baketürik
Negüko elürra oro.
21
Hau da gure gordagia,
Zelü lürren opiloa,
Xiberoaren erroa,
Lürreko paradüsia.
22
Bagoen Katedralean
Ala hegiko argian
Ni heben Joseba baino
Ahalaz tobaritxago.
23
Ardaneko soropila,
Otsogorriko maxela,
Arranoaren hegala
Et'aizearen txürüla,
24
Ttünttürreko harrespila,
Turrustaren jaitx ahala
Eta bagoen itzala
Beti horra zaizt bistala.
25
Otsogorri, Otsogorri,
Zoin llabür plazer hori!
Zütarik Pettarriala,
Ametsetik laniala!
26
Udako ihes lekia,
Negü beltzeko lekia,
Leihotik zütüt ikusten
Zelian txütxüt argitzen.
27
Batean elürrez xuri,
Bestean urdinez bezti
Edo hegoetan gorri,
Bortüko andere Mari!
28
Zure bistan, Otsogorri,
Nahi nüke zühür bizi,
Zure bistan, Otsogorri,
Zühürki bizia ützi.
|